Ziortza Carranza: “Heriotzak bizitzak duen balioa erakusten digu”

Heriotza onartzeak hobeto bizitzea ahalbidetzen duela defendatzen duzu. Zergatik?

Gaur egun, kontsumo gizarte batean bizi gara eta heriotza aldentzeko joera dugu. Gizarte eredu horrek bizimolde bat ezartzen digu: lan egin, ondasunak pilatu… Eguneroko plazerak, gehienetan materialak, gure bizitzaren ardatz bilakatu dira. Eskema horretan, heriotzak ez du lekurik. Kontsumismoaren ideiari helduta, adibidez, izorratzen diren gailuak momentuan bertan ordezkatzea jada naturala egiten zaigu eta, horrek, gauzak amaitzen direnaren ideia ere difuminatzen du. Heriotzak, berriz, orainaldian bizitzen erakusten digu; gaur hemen gaude, baina auskalo bihar zer gerta daitekeen. Eta horrekin batera, heriotzak bizitza duen balioa erakusten digu. Ideia hau garbi dugunean, bizitzako momentu guztiak azkenak izango balira bezala bizitzen ikasten dugu. Jakingo bagenu gaur gure bizitzaren azken eguna dela askoz ere modu intentsuagoan biziko ginateke.

Posible al da gaur gure azken eguna izan daitekeenaren ideiarekin bizitzea?

Heriotzan pentsatzeak ez du zertan negatiboa izan behar. Garbi badugu heriotza hor dagoela eta edozein momentutan gure atera jo dezakeela, horrek gure bizitza modu egokiago batean bizitzera lagun gaitzake. Modu kontziente edo inkontzienteago batean guztiok heriotzan pentsatzen dugu. Nire esperientzian oinarrituta, sarritan ikusi ahal izan dudana da hainbat jende bere bizitzan zehar gauza nimiñotaz arduratu izan dela eta heriotza gertu izan duenean, bai bera edo senideren bat gaixorik jarri delako, eskala hori guztiz eraldatu egiten zaiela.

Jakin badakigu guztiok hil egingo garela, baina, zer dela eta ez dugu horrekin bizitzen jakitea lortu? Zergatik heriotzaz hitz egitea tabu izaten jarraitzen du?

Hori gure kulturaren eta orainaren kontua da. Gure artean, adibidez, duela hainbat urte, baserrietan heriotza beste modu batean zuten barneratuta. Seguruenik, animaliak jaio eta hiltzen ikustearen ondorioz, bizitza eta heriotzaren zikloa askoz ere barneratuagoa zuten. Gaur egun berriz, heriotza gure bizitzatik urrundu nahi dugu: jende gehiena ospitaletan hiltzen da eta ez beraien etxeetan, beilatokiak hirien kanpoaldean eraikitzen dituzte… Heriotza beldurgarri egiten zaigu eta horregatik aldendu egiten dugu gure bizitzatik.

Heriotza, gizadiaren garapenean ikus daitekeen bezala, gure bizitzaren ardatz izan da hainbat aspektutan. Gaur egun ere horrela al da?

Bai noski, baina gakoa da benetan garrantzitsuak diren gauzen eskala eraldatu egin dugula. Aipatu dugun gizarte eredu horren eraginez, ondasunak jarri ditugu gure lehentasunen gailurrean. Zenbat eta gauza edo ondasun gehiago pilatu orduan eta bizitza arrakastatsuagoa dugunaren sentsazioa dugu. Heriotzak berriz, eskala hori irauli egiten du eta pertsonak jartzen ditu gailurrean. Jakin badakigu hil egingo garela, baina inork gutxik pentsatzen du bere heriotzan; beti besteak dira hiltzen direnak.

Heriotzaren beldur baino, ez al gara sufrimenduaren beldur?

Nik uste dut bien beldur garela. Garbi dago sufrimenduaren beldur garela, baina baita heriotzaren beldur ere. Azken finean, heriotza ezagutzen ez dugun zerbait da, misteriotsua. Ez dakigu zer dagoen heriotza ondoren edota zer gertatuko den.

Heriotza eta dolua modu desberdinean bizi al daitezke?

Faktore askok eragiten dute dolua edo heriotza nola bizitzen dugun moduan: adina, hil den pertsonarekiko genuen harremana, heriotza emateko modua… Pertsona bakoitzak dolua bere modura bizitzen du. Guztiak desberdinak garen heinean, doluak ere desberdinak dira. Norberaren dolua den bezala onartzen ikasi behar dugu. Kasu horretan beldarraren metafora erabili ohi dut: norbait hiltzen zaigunean bakoitzak bere zeta-kapulua eraikitzen du eta bakoitzak erabakitzen du zenbat denboraz izango den kapulu horren barnean. Azken finean, garrantzitsuena ez da doluan ematen duzun denbora baizik eta dolutik ondo ateratzea: galeraren eta hori betirako izango denaren onarpena, horrek sor ditzakeen sentimenduen onarpena eta energiak bizirik daudenengan bideratzea.

Doluaren kasuan, garrantzitsua da onartzea ez dagoela dolu eredu egoki bakarra; bakoitzak bere modura bizi du maite duen norbaiten heriotza. Pertsona guztiak berdin bizi behar dugunaren ustea dago, eta baita heriotza modu berean bizi behar dugunaren ideia ere.

Nola bizitzen dute gazteek heriotza?

10 eta 14 urte bitarteko haur edo nerabeek heriotza helduek ulertzen duten moduan ulertzen hasten dira, hots, betirako galera bat dela eta pertsona hori ez dela itzuliko. Haur gazteagoetan heriotza askoz ere abstraktuagoa da. Nerabe edo gazteen kasuan, heriotza helduen antzera ulertu bai, baina modu desberdinean jokatzen dute horren aurrean. Sarritan, nerabeek gertuko pertsonen galera ezer gertatu izan ez balitz bezala bizitzen dute eta sentimenduak ezkutatzen dituzte. Hori hedabide edo bideo-jokoetatik jasotzen dituzten ereduetan oinarri daiteke. Gazteak sentimendurik gabeko heriotzetara daude ohituta eta, ondorioz, zailagoa egiten zaie galera baten aurrean barruan duten hori azalaraztea. Horrek, zenbait kasutan, arazoak sor diezaiekete heldutasunean.

Heriotza zuzenki erlijioarekin lotu izan dugu. Gero eta fedegabe gehiago egonik nola betetzen dugu hutsune hori?

Ez dugu bete, hutsik geratu da. Posible da heriotza erlijioarekin zerikusia ez duen ikuspegi batetik bizitzea, Antzinako Grezian bezala, adibidez. Sinestun zein sinesgabeek antzeko galderak egiten dizkiote bere buruari heriotzaren inguruan. Fededunek erlijioak ematen dizkien erantzunak dituzte, eta horrek aurrera egiten laguntzen die. Sinesgabeek, berriz, erantzun propioak bilatu beharko dituzte, edo bestela, erantzunik ez daudela ohartu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.