Euskadin pobrezian bizi diren 10 pertsonetatik 6 gazteak dira

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (EGAB) 2013. urteari dagokion oroitidazki sozioekonomikoa eta honen datu esanguratsuenak aurkeztu ditu uda honetan. Txosten honen arabera, euskal gazteriaren bizitza baldintzek nabarmenki okerrera egin dute eta, horrela, Euskal Autonomia Erkidegoan pobrezian bizi diren pertsonen % 60 inguru 35 urtetik beherako gazteak dira.

Izan ere, EGABko presidentea den Juan María Otaeguik azaldu duenez, azken urteetan bizi izan dugun krisi ekonomikoaren biktima nagusienak gazteak, etorkinak eta emakume bat familia buru duten familia gurasobakarrak dira. Hauek dira, hain zuzen ere, pobreziaren atalasearen azpian izateko arrisku gehien dituzten kolektiboak. Gainera, Otaeguik salatu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan 64.000 adingabe inguru bizi dira pobrezia arriskuan edota ongizaterik gabe. Eguía-Careaga Fundazioa-Dokumentazio eta Ikerketa Zentroak honen inguruan egindako azterlanaren arabera, 14 urtetik beherako 33.864 nerabe bizi dira mantenu pobreziaren arrisku egoeran, hots, adin talde honen % 11,8. Beste 30.000 inguru (%10,5), berriz, ongizate gabeko egoeran bizi dira. Mantenu arriskuaz hitz egiten denean, diru sarrera faltak direla eta familiek ohiko gastu maila mantentzeko dituzten arazoetaz hitz egiten da. Ongizate gabeziak, berriz, gizarte zehatz batean espero daitekeen gutxieneko ongizate eta erosotasun mailari egiten dio erreferentzia. Txosten honen arabera, haurtzaro eta nerabetasunean den pobrezia mailak gazte hauen bizitza itxaropena eta gizartean barneratzeko eta garatzeko aukerak baldintzatzen ditu.

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailak “Euskadiko haurren pobrezia” izeneko txostenak ere nabarmentzen duenez, Europako gainerako herrialdeetan bezala, pobrezia eta baliabideen urritasun tasak handiagoak dira haurren artean helduen artean baino. Gainera, krisia hasi zenetik, egoera okerragoa are nabarmenagoa izan da 14 urtetik beherakoen artean.

Besteak okerrago
EGABeko kideak diren Leire Ozeri eta Arantza Unzurrunzagak azaldu dutenez, aipatu kolektiboetan hazten diren adingabeek pobrezian bizitzeko aukera handiak dituzte. Baliabide ekonomikoen urritasunak, adibidez, adingabe hauek lor dezaketen hezkuntza mailan eragiten du zuzenki. EGABren txostenean azaltzen den moduan, Euskadin ematen diren pobrezia kasu ia gehienetan familia buruak ez du inolako ikasketarik edo oso ikasketa maila baxuak ditu.

Dena den, pobrezia eta gizarte bazterkeria arriskuan dagoen EAEko populazioaren tasa Europakoa eta Espainiakoa baino txikiagoa da. EUROSTATen arabera, 124,5 milioi pertsonak dute Europar Batasunean pobrezia eta bazterkeria arriskua (populazioaren % 24,8 2012an). Estatuaren kasuan, pobrezia eta bazterkeria arrisku baldintzetan bizi den populazioaren ehunekoa % 28,2koa da eta, EAEn, berriz, % 17koa.

Ildo berean, Educo GKEak eginiko txostenaren arabera EAE da, Estatu mailan, haur pobrezia izateko arrisku gutxien duen hirugarren erkidegoa. Txosten honen arabera, Nafarroako Foru Erkidegoa (% 15,9) eta Madril (% 20,2) lirateke Euskadi (% 20,7) baino egoera hobea azaltzen duten erkidegoak. Kontrako aldean, ostera, Murtzia (% 42), Andaluzia (% 40) eta Kanariar Uharteak (%38) aurkituko lirateke. Pobreziaren atalasearen azpitik diren familien ezaugarrien artean, Educok egindako txostenean, honako hauek aipatzen dira: guraso bakarreko familia izatea, bi seme-alaba baino gehiago ko familia izatea, gurasoen langabezia tasa altua, altuak edota diru sarrera bajuak.