Ez da gazteentzako herrialdea

Euskadi zahartzen ari da. Estatistika Institutu Nazionalaren (INE) Errolda Jarraian azaltzen diren datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan gero eta gazte gutxiago daude eta, gaur egun, jada, 15 eta 29 urte bitarteko 300.000 lagun baino gutxiago daude gure artean.

Gazteriak gizarte batean duen pisu espezifikoa neurtzeko gazteria-indizea delakoa erabiltzen ohi da. Indize honek, gizarte batean 15 eta 29 urte bitarteko biztanleek zein ehuneko suposatzen duten azaltzen du. Euskadiren kasuan, indize hau jaitsiz doa arian-arian eta, gaur egun, % 13,4an kokatzen da. INEk emandako datuen arabera, urte hasieran EAEn bizi ziren biztanleak 2.188.849 ziren eta hauetatik, 292.532 aipatu adin tartekoak. Nafarroako Foru Erkidegoaren kasuan, aldiz, gazteria-indizea % 15,42koa da, 644.477 biztanletatik 99.382 15 eta 29 urte bitartekoak direlarik.

Eustatek (Estatistikaren Euskal Institutua) EAEko demografiari buruz ematen dituen datuak ere ez dira oso positiboak. Datu hauen arabera, azkeneko hamabi urteetan ez bezala, 2013. urtean gehiago izan ziren hil ziren pertsonak jaio zirenak baino. Aldea oso nabaria izan ez arren (116) datu honek joera kezkagarria azaltzen duela onartu dute adituek. Izan ere, EAE da Estatu mailan jaiotze-tasa bajuena duen erkidegoa eta, beste erkidegoak baino etorkin gutxiago erakartzen ditugula aintzat hartzen badugu, epe ertainera biztanle gutxiago eta bataz besteko adin altuegia duen gizarte batean izango gara. Kasu honetan, demografian ‘piramide alderantzikatua’ izenarekin ezagutzen den egoeran aurkituko ginateke. Egoera hau oso arriskutsua da orain arte ezagutu dugun ongizate-estatuaren jasangarritasunerako, izan ere, asko izango dira erretreta kobratzeko adinan izango diren biztanleak eta oso gutxi lan egiteko, zergak ordaintzeko eta erretreta-sistema eusteko adinan izango direnak.

Gutxiago eta zaharragoak
Joera honetan oinarrituta, Eustatek euskal gizartearen proiekzio demografikoa burutu zuen urte honen hasieran eta datuak benetan kezkagarriak dira. Horrela, Eustatek egindako proiekzio honen arabera, 2026. urterako EAEk 100.000 biztanle inguru galduko lituzke. Beherakada hau, hiru herrialdeetan somatuko da baina, batez ere, Bizkaian ( – 65.000 biztanle). Horrela, 2026rako Eustatek honelako aurreikuspena egin du: Araban, EAEko biztanleriaren %15,1 biziko da (+ %1,5), Bizkaian % 52,3 (- %1,5) eta Gipuzkoan %32,6.

Gazteriari dagokionez, Eustatek ere beherakada txikia aurreikusten du. Horrela, gaur egun 20 urtetik beherako biztanleak % 17,8 badira, ehuneko hori berean mantentzea espero da 2026rako, baina 18.000 gazte gutxiagorekin.

Esan bezala, joera demografiko honen arrazoietako bat hil diren eta jaio diren pertsonen artean den aldean aurkitzen da. Nahiz eta Euskadin Europako jaiotze-tasa baxuenetako bat izan, azken hamabi urteetan gehiago izan dira jaiotako haurrak hil diren pertsonak baino. Hala ere, iaz kontrakoa jazo zen eta 116 pertsona gehiago izan ziren hildakoak jaiotakoak baino.

Eustatek jasotako datuen arabera, pasa den urtean EAEn hil ziren pertsonen kopurua 19.124koa izan zen. Heriotzerako arrazoi nagusienak ere jasotzen ditu Eustatek: tumoreak, zirkulazio sistemaren gaixotasunak, arnas eritasunak… Gizonezkoen kasuan, arrazoi nagusienak minbizia eta odol-fluxuarekin erlazionatutako arazoak izan dira arrazoi nagusienak; emakumezkoen kasuan, aldiz, tumoreak eta bihotz arazoak. Euskal gizartea zein puntutaraino zahartzen ari den ikusteko, azpimarratzekoa da iaz 100 urtetik gora izanda hil ziren pertsonen kopurua: 210 (180 emakume eta 30 gizon). 1996an, adibidez, hil ziren 100 urtetik gorako pertsonen kopurua 50ekoa izan zen.

Izan ere, euskal biztanleriaren bizitza itxaropena modu nabarian hazi da azken urteetan. Horrela, euskal gizonen bizitza itxaropena, egun, 79 urtetakoa da (duela 30 urte baino 9,3 urte gehiago) eta emakumeena, aldiz, 85,4koa (8,5 urte gehiago). Datu hauekin EAE bizitza itxaropena altuena duten herrialdeen parean kokatzen da, Espainiaren parean emakumezkoen kasuan baina Alemaniakoa baino handiagoa eta baita Europar Batasuneko bataz bestekoa baino handiagoa ere. Kasu honetan, adibidez, Frantzia gure gainetik legoke (85,7 urte). Gizonezkoen kasuan, berriz, Espainiako bataz bestekoaren azpitik gaude (79,4) baina Alemania edo EBren gainetik.

Oso jaiotze-tasa baxuak
Eustaten arabera, gainera, Euskadin den jaiotze-tasa oso baxua da gure inguruko herrialdekoekin alderatuta. 2011. urteko datuen arabera, EAEko jaiotze-tasa 1,3koa zen. Kontutan hartu behar da belaunaldi ordezkapena eman ahal izateko, gutxienez, 2,1eko jaiotze-tasa behar dela. Herrialdeka, Bizkaiak azaltzen du jaiotze-tasarik baxuena, 1,26ekin eta ondoren Gipuzkoa (1,39) eta Araba (1,42) azaltzen dira. Euskadiko jaiotze-tasa Europar Batasuneko bataz besteko jaiotze-tasaren azpitik aurkitzen da (1,57) baina Alemaniaren parekoa da (1,36). Frantzia bezalako herrialde garatu batean, adibidez, egun den jaiotze-tasa 2koa da.

Datu hauen azterketa sakonago bat eginez, euskal emakumeen %10 eskasak izango ditu hiru seme-alaba edo gehiago. Hiru seme-alaba izango duten emakumeen kopurua % 90an jaitsi da azken lau hamarkadetan. Euskal emakumezkoen laurden batek, aldiz, ez du seme-alabarik izango.

Amatasunerako bataz besteko adina, gaur egun, 32 urte inguruan kokatzen da. 1975an, adibidez, 28,2 urte inguruan kokatzen zen bataz besteko hau.