Euskal gazteriak gero eta okerrago ikusten du Europar Batasunaren irudia

Pasa den maiatzaren 9an Europako Eguna ospatu zen. Egun hori, Schuman adierazpenaren oriomenean ospatzen da; izan ere, 1950. urteko maiatzaren 9an, Frantziako Kanpo Arazoetarako ministroa zen Robert Schumanek Europar Batasunaren abiapuntutzat jotzen den diskurtsoa eman zuen. Bertan, Alemania eta Frantziaren ikatza eta altzairua beste lurralde batzuentzat ere izango zela agertzen zen, modu horretan, Europako estatuen batasunerako lehenengo urratsa eman zelarik.

Ospakizun hori dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak euskal gazteriak Europar Batasunaren inguruan duen iritziaren inguruko datuak ezagutzera eman ditu eta, baita, 2007an egindako antzeko azterlan batean lortutako datuekin alderatu ere. Datu horiek, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako bi azterlanetan oinarritzen dira: lehena, 2007an burututako “Europaren etorkizuna” ikerlana eta, bigarrena, aurten bertan burututako “57. Euskal Soziometroa. Euskadi munduan”.

Irudi negatiboa

Aipatu bi azterlan horietan lortutako datuak alderatuta, ondoriorik nabarmenena honako hau litzateke: azken zortzi urteetan euskal gazteriak Europar Batasunaren inguruan duen iritziak okerrera egin du nabarmen. Izan ere, gaur egun, Europar Batasunari buruzko irudi positiboa duen gazteriaren kopurua % 37koa besterik ez da. Aldiz, % 20k irudi negatiboa du, % 41ek irudi neutroa eta % 2k ez du iritzirik eman. Adituen ustetan, urte hauetan guztietan pairatu dugun krisi ekonomikoak eta Europar Batasunak egin duen kudeaketa eta hori konpondu nahian ezarri diren baldintzak aurki daitezke iritzi negatibo honen atzean.

Europar Batasunari buruzko irudi positiboa duten gazteak gutxiengoa badira ere, proportzio handiagoa osatzen dute gazteen artean 18 urtetik gorako biztanleria osoan baino.

Gainera, gazteen gehiengoak (% 53k) ez du Europar Batasuna oso demokratikotzat jotzen. Duela 8 urte, berriz, EB demokratikotzat jotzen zuten gazteen kopurua % 60koa zen eta kontrako iritzia zutenak % 26 besterik ez ziren. Une honetan, EB demokratikoa dela uste duten gazteen kopurua % 38koa da.