María Victoria Román (BC3): “Neurri batean, klima-aldaketa saihetsezina da”

Hedabideetan Pariseko Gailurra gizadia klima-aldaketaren efektuetatik libratzeko zen azken aukera zela adierazi zen. Orain arte lortu ez den akordio politikoa lortu denez, gailurra arrakastatsutzat jo da baina, zer da benetan adostu dena?

Pariseko Gailurrean herrialde guztiek koordinatuko duten klima-aldaketaren kontrako borrokarako oinarriak adostu dira. Koordinaketa ezinbestekoa da; klima-aldaketak duen arazo nagusienetako bat mundu osoan eragiten duela baita eta munduko punta batean esfortzu handiak egiten badira, baina bestean ezer egiten ez bada, arazoa mantendu edo okertu egingo da. Horregatik da garrantzitsua Parisen lortutako akordioa; lehen aldiz, herrialde guztiek elkarlanean aritzearen beharra onartu dutelako. Aurreko akordioetan, Kyotoko akordioan bezala, bakarrik herrialde batzuk hartu zuten berotegi efektua duten gasen emisioak murrizteko konpromisoa. Baina, herrialde gehienek ez zituzten bere emisioak murriztu behar eta, ondorioz, emisio globala handitu egin da, batez ere, susperraldian diren Txina bezalako herrialdeetan industriak izan duen hazkundearengatik.

Modu argiago batean azaltzeko, has gaitezen hasieratik. Bai ondasunen ekoizpena eta bai salgaien zein pertsonen garraioa edo energiaren beharra duen beste edozein jarduera emisio iturria da baldin eta horretarako erregai fosilak erabili badira. Kiotoko Protokoloan, Europak bere emisioak murrizteko konpromisoa hartu zuen. Horregatik, azken urteetan energia iturri ‘garbiagoak’ erabiltzeko saiakera ikusi dugu, hots, berotegi efektua duten gas gutxiago ekoizteko saiakera. Hala ere, neurri horrek eragin txikia izan du, produkzio gehiena Europatik atera eta beste herrialde batzuetara eraman delako. Herrialde horietan, energiaren produkzioa ez da ‘garbia’, modu horretan, produkzio kostuak txikiagoak izatea lortzen baita. Beraz, hemen kontsumitzen ditugun ondasunak emisio ugarien iturri dira, ekoiztu diren herrialdeetan energia iturri ‘garbiak’ erabili ez direlako eta, ondoren, gurera ekartzeko beharrezkoa den garraioan ere emisio ugari ematen direlako. Beraz, kontsumorako hainbat ondasunetan, unitate bakoitzeko ematen den emisioa hazi egin da. Gainera, gero eta ondasun gehiago kontsumitzen ditugu, seguruenik, horietako asko merkatu direlako atzerrian izandako ekoizpen prozesuaren ondorioz. Bestalde, gero eta pertsona gehiago dira ondasun horiek kontsumitzeko gai direnak, munduan horretarako gaitasun ekonomikoa duten gero eta pertsona gehiago daudelako, batez ere, garatzeko bidean diren herrialdeetan. Hau guztia ulertzen badugu, garbi dago herrialde bakan batzuetan eragiten zuen akordio batek ezin zuela eragin handirik izan emisioen murrizketan. Horregatik, Parisen lortutako akordioa da hain garrantzitsua, herrialde guztien konpromisoa eskatzen duelako eta, bereziki, emisio gehien dituztenena, hots, Txina eta Estatu Batuak.

Akordioa egoerari buelta emateko nahikoa izango da ala lehen urrats bat besterik ez da?

Lehen urrats bat da; asmo-deklarazio bat. Akordioa sinatzean politikariek garbi azaldu dute zerbait egin behar dela tenperatura igoera arriskutsuegia izan daitekeen mailara hel ez dadin. Guztira, 186 izan dira ekintza-plan bat aurkeztu duten herrialdeak. Zientzialarien ustetan, plan horiek bere osotasunean beteko balira ere, zaila izango litzateke tenperatura igoera ekiditea. Horregatik, Pariseko akordioan herrialdeek gero eta asmo handiagoko plangintzak osatu beharko dituztela aurreikusten da. Aldi berean, kontrolerako mekanismo bat ere ezartzen da eta, horrela, herrialde bakoitzak zein neurritan betetzen duen bere plana ebaluatuko da. Plana betetzeko arazoak dituzten herrialdeei laguntza eskainiko zaie. Hau puntu berria da eta negoziaketetan funtsezkoa izan da. Alde batetik, herrialde bakoitza da bere helburuak zehazten dituena eta, bestetik, nazioarteko komunitateak helburu horiek lortzeko garapena ebaluatu eta laguntza eskaintzen du, bai teknikoa eta baita finantzarioa ere. Modu horretan, lehen urratsaren metaforarekin jarraituz, hurrengo pausuak ere norabide berean izango direla bermatzen da eta guztion laguntzarekin, beharrezkoa den abiadura ere lortu nahi da

Egin dezagun fikzio-politika. Zer egin beharko litzateke, une honetan, egoerari buelta emateko?

Lehenik eta behin, argi izan behar dugu klima-aldaketa saihetsezina dela maila batean, hau, nolabait, jada atmosferan diren berotegi-efektuko gasei lotuta baitago. Horregatik, gas horien emisioa murrizteaz gain, gizakiak egun ematen diren eta epe motzean izango diren aldaketetara moldatuko garela bermatzeko neurriak hartu behar dira.

Neurri zehatzei dagokionez, badira, nire iritziz, lehenbailehen egin behar diren gauza asko. Lehenik eta behin, erregai fosilek egun dituzten subsidioak deuseztatu eta aireko zein lurreko garraioei zerga berriak jarriko nizkieke. Aldi berean, partekatutako kotxeen eta bizikletaren erabilera sustatu beharko litzateke. Horri lotuta, hiriguneak oinezkoentzat jarri beharko lirateke eta baita garraiobide publikoak hobetu ere. Hirigintzak kotxe pribatuen erabilera ekiditea izan beharko luke helburu.

Bigarrenik, oihan-galtzea modu eraginkorrean ekidin behar da eta baita jasangarriak ez diren arrantza moduak alde batera utzi ere.

klima-aldaketaren kontra borrokatzen duten jarduera ekonomikoek garapen estrategien ardatz bilakatu beharko lukete. Adibidez, birziklapena edo energia iturri berriztagarrien industriak susta daitezke. Horri lotuta, kliman eragin txikia duten jarduera ekonomikoak ere bultza daitezke, hala nola, kulturalak, artistikoak, kirol esparrukoak… Asko dira egin daitezkeen gauzak eta ez dute zertan eragin ekonomiko negatiboa izan behar.

Klima-aldaketaren inguruko eztabaida egun indarrean den eta berez jasangarria ez den modelo ekonomikoaren eraginpean izan da. Irtenbidea, halabeharrez, eredu ekonomikoaren aldaketan datza?

Egun indarrean den eredu edo modelo ekonomikoak kontsumitzaileen beharrak eta desirak ase nahi ditu. Pentsa dezagun, adibidez, enpresek zenbat diru gastatzen duten, alde batetik, bere produktu edo zerbitzuen erosketa sustatzeko eta, bestetik, gustuko izan ditzakegun produktu eta zerbitzu berriak eskaintzeko. Eredu ekonomikoa baino, kontsumismoa da alde batera utzi beharko genukeena. Kontsumismoak oso ibilbide laburra du, hots, ez da gizakion izaeraren ezaugarri naturala. Horregatik, alde batera utz daiteke eta historiara moda bezala pasa daiteke; une zehatz batean nagusitu zen korronte bat baina negatiboa zela ikusirik, kontsumo arduratsu baten truke aldatu zena. Hori izan liteke egun bizi dugun arazoaren irtenbide egoki bat. Egoera hipotetiko horretan, produkzio sistema kontsumo jasangarrien aukeren eskaintzara egokituko litzateke. Horrek, sormena eta berrikuntzarako bide emango luke eta kliman eragin nabarmena ez duten sektoreetan enplegua sortzea ahalbidetuko luke.

BC3k klima-aldaketaren zergatiak eta epe luzera izan ditzakeen ondorioak ikertzen ditu. Zein lan ildo jarraitzen ari zarete une honetan?

Une honetan, BC3n lau ikerketa lerro nagusi daude. Lehenengoak ekoizpen sisteman emisioak murrizteko diren aukerak eta horiek izan ditzaketen ondorioak jorratzen ditu. Lerro horretan, adibidez, energia ekoizterakoan emisioak murrizteko izan daitezkeen aukera teknologiko desberdinen bideragarritasuna eta kostua aztertzen dugu.

Bigarren lerro batean klima-aldaketak ekosistemetan eta baliabide naturaletan duen eragina aztertzen dugu, bereziki, horien eragina gizakion ongizatean. Lerro horretan ere inpaktu horiei egokitzeko izan daitezkeen aukerak ikertzen dira, hala nola, ekosistemak erabiltzea atmosferara isuritako berotegi efektua duten gas horiek xurgatzeko.

Hirugarren lan-ildo batean klima eta osasunaren artean den harremana ikertzen dugu, kutsadurak edota tenperatura igoerak gizakion osasunean izan ditzaketen ondorioak barne.

Azkenik, bada zeharkako ikerketa lerro bat non zientzia aurkikuntza eta maila desberdineko eragileen arteko zubia egiten den.

BC3n zientzia erabiltzen duzue klima-aldaketaren arazoari irtenbide bat emateko baina, izan badira, klima-aldaketaren existentzia bera edo hau gizakion jardueraren ondorioa dela ukatzen duten beste zenbait zientzialari. Zenbaterainoko zilegitasuna eman behar zaie?

Nik zilegitasuna IPCC-ari ematen diot, hots, klima-aldaketan aditu den gobernu arteko taldeari. Hau 1988an sortu zen Munduko Meteorologia Erakundea eta Nazio Batuen eskutik eta bere helburua, klima-aldaketaren inguruko informazio egiaztatua, eguneratua eta neutrala ematea da. Bere zeregina, gai horren inguruan den literatura zientifikoa errepasatzea, laburtzea eta modu argian azaltzea da. Eta talde horrek dioenaren arabera, klima-aldaketa zalantzarik gabekoa da eta gizakion eragina ere garbia da.

Davosen eztabaidatzen ari den Arrisku Globalak 2016 txostenaren arabera, datorren hamarkadan izango den mehatxurik handiena klima-aldaketaren efektuen ondorioz sortuko diren arriskuak izango da. Zein nolako arrisku espero daitezke hain epe laburrera?

IPCC-ek azaldu duenez, klima-aldaketak jada inpaktu zuzenak sortzen ditu planeta osoan. Glaziarren desagerpenarekin batera, adibidez, aintzira batzuk desagertu eta beste berri batzuk sortu dira eta, ondorioz, uholdeak izaten dira. Baliabide hidrikoak, edateko ona den uraren erabilgarritasuna edota uraren kalitatea nabarmen jaitsi da kontinente guztietan. Landare zein animalia espezien antolamendua aldatzen ari da eta ia espezie guztien osasuna eta hazkunde erritmoa murriztu da. Erosioa eta basamortutzea areagotu dira eta baita intsektu-izurriak ere. Itsasoaren gainazalaren tenperatura handitu egin da eta baita hondamendi larrien frekuentzia ere. Ondorioz, itsasoko ekosistemen funtzionamendua aldatzen ari da. Arrantza-harrapaketak nabarmen murriztu dira eta itsasoan ez ezik, artoa edo garia bezalako uztetan ere murrizketak nabariak dira, eta modu ez hain nabarian, soja eta arroz uztetan ere.

Gaur egun, 25 milioi pertsona baino gehiagok bere etxea utzi behar izan du klima-aldaketa dela eta; errefuxiatu klimatikoak izenarekin ezagutzen dira. Adibidez, Mongolian neguak gero eta luzeagoak direnez, abeltzaintzan aritzen ziren hainbat familiak emigratu behar izan dute. Maldivak uharteetan, aldiz, itsasoaren mailak gora egin duenez, herri osoak mugitu behar izan dituzte.

Eta gure artean, zein nolako eragina izan du klima-aldaketak? Badirudi efektuak bakarrik gure lurraldetik urrun diren beste lekuetan pairatzen dituztela…

Europan jada klima-aldaketaren zenbait efektu ikus daitezke. Adibidez, urtaro guztietan batez besteko tenperaturek gora jo dute. Mediterraneoaren arroa gero eta lehorragoa da eta Europako iparraldean, berriz, gero eta ugariagoak dira intentsitate handiko euriteak. Europako hegoaldean, gainera, gero eta ugariagoak dira suteak.

Etorkizunera begira, jada azaldu dudan bezala, edateko ona den uraren erabilgarritasuna eta kalitatea eskasagoa izango da eta janaria lortzeko aukerak ere eskasagoak izango dira. Adituen ustetan, isolaturik dauden eta espezietan aberats diren ekosistemak desagertzeko arriskuan izan daitezke. Horien barruan, adibidez, Euskal Herrian diren mendiko ekosistemak aurkituko lirateke. Uharteetako ekosistemak ere arriskuan izango dira.

Iruzkin 1
  • […] Ikus ezazu elkarrizketa: Iturria Gazteberri […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.