Javier Ikaz eta Jorge Díaz: “Ia guztiz ahaztuta zegoen EGB bezalako hitz bat modan jarri dugu”

Facebook orrialde bat, blog bat eta hiru liburu. Haurtzaro eta nerabezaroaz oroitzeak hainbesterako ematen al du?

JAVI: Oroitzeak askotarako ematen du, bai haurtzaro edo nerabezaroak edota lagunekin egindako afari bat. Gure memoria ez galtzea funtsezkoa da, nondik gatozen ikusteko gaitasuna, garai horiek laidoztatu edo goraipatu gabe.

JORGE: Oinarrizko Hezkuntza Orokorrak (OHO/EGB) 25 urteko iraupena izan zuen, 1970. urtetik 1995. urtera arte, hain zuzen ere. Gure proiektuan urte horietan guztietan izan ziren gai desberdinak jorratzen ditugu: telebista, zinema edo musika, janzkera, elikadura, jolasak… gauza asko dira oroitzeko.

Nola bururatu zitzaizuen ‘Yo fui a EGB’ Facebook orrialdearen ideia?

JORGE: Burura etorri zitzaigun lehen gauza izena bera izan zen: ‘Yo fui a EGB’. Hasieratik oso gustuko izan genuen eta garbi genuen horrekin zerbait egin behar genuela. Gauzarik errazena eta merkeena Facebook orrialde bat zabaltzea zen eta horrela egin genuen. Ezin genuena espero zen ondoren sortuko zen komunitatea, gaur egun, milioi bat kide baino gehiago dituena.

Facebook orrialde bat bezalako hastapen xume batetik bloga sortu zen eta, ondoren, liburua. Horrelako erantzun hain positiboa sorpresa izan al zen?

JORGE: Hala da. Bloga, liburuak, musika CDa, mahai jokoa… poliki-poliki merkaturatu izan ditugun produktuak dira, nolabait, gure jarraitzaileek hori eskatzen zutelako eta gu oso mutil obedienteak gara. Egia da orain arte merkaturatu izan ditugun produktu horiek guztiek oso arrakasta handia izan dutela baina, oraindik, horrek ere harritzen gaitu. Badirudi ia guztiz ahaztuta zegoen EGB bezalako hitz bat modan jarri dugula. Nahi gabe edo, hitz labur horrek belaunaldi oso baten eta herrialde honen historian oso garrantzitsua izan den denborazko gune bat zehazten du.

Izan duzuen arrakastaren gakoetako bat umorea izan daiteke. Hau da, garai horietan gazte ziren horiei irribarre bat margotu ahal zaie ezpainetan partekatzen dituzuen edukiak ikustean, baina, aldi berean, irribarre horren atzean ez al da nostalgia apur bat ere ezkutatzen?

JAVI: Nostalgiak tristura kutsua du, jada ez dagoen zerbait gogoratzearena. Gure asmoa, ostera, ahalik eta positiboen izatea da eta gauza horien guztien alde positiboa ikusten saiatzen gara. Zure haurtzaro edo nerabezaroko oroitzapen batek irribarre bat sortu beharko luke, ez galdutakoaren larritasuna.

Behin eta berriro errepikatu duzue zuen proiektuaren helburua ez dela garai horiek oraingoak baino hobeak ala txarragoak diren balioztatzea. Dena den, atzera egiten duzuen begirada horretan, inplizituki, ez al da egungo gazteriaren bizitza ereduari kritika egiten?

JAVI: Inolaz ere. Ez dut uste egungo gazteen bizitza estiloa gurea zena baino okerragoa denik, ez halabeharrez. Badira egungo gazteen bizimoduan hainbat gauza positibo eta beste batzuk ez hain positibo; baina gauza bera gertatzen zen gure garaian. Beti uste dugu gure belaunaldia beste guztien artean onena dela. Haurrak ginenean gure gurasoek denetarik genuela esaten ziguten, mizke hazitako belaunaldi bat ginela… Pasa den mendeko 80ko hamarkadan tabletak eta Internet izan bagenu oso zoriontsuak izango ginen.

Zuen bloga edo Facebook orrialdea ikusita batek baino gehiagok pentsatuko du: ‘zein zoriontsu ziren garai horietan’. Dena arrosa kolorekoa al zen?

JAVI: Ez, noski. Gauza oso onak zeuden baina baita gauza oso txarrak ere. Gure asmoa, jada esan dugun moduan, alde positibo horiek oroitzea da, baina ez manipulatzeagatik; guztion artean, modu atseginean oroitzapen horiek guztiak partekatzeagatik.

Garai horietako zein gauza baztertu eta garai hauetako zein gauza azpimarratuko zenituzkete?

JORGE: Garai horietatik gauza asko alboratuko nituzke: zaldia, plintoa edota soinketa eskolako tortura aparatu horiek guztiak, medikuak beti agintzen zituen injekzio eta supositorioak, Rotring madarikatu horiekin behin eta berriro egin behar izaten genituen laminak edota negu osoan zehar jantzi behar izaten genituen buru-berogarri horiek. Egungo garai hauetatik, zalantzarik gabe, teknologia mailan izan den aurrerapena eta Interneti esker eman den aldaketa soziala azpimarratuko nuke.

Zuen Facebook orrialdean edo blogean ikus daitezkeen eduki ia gehienak ezezagunak dira egungo gazteentzat. Zer dela eta hain erakargarri ziren gauza horiek guztiak ‘desagertu’ dira?

JORGE: Logikoa da. Gizartea abiadura handian garatzen da eta gure garaian ezinbestekotzat jotzen genituen zenbait gauza, gaur egun, ez dute inolako zentzurik. Burura etortzen zaizkit, adibidez: idazmakina, argazki kameratarako argazki-bobina, disketeak, walkman-a… Baina, gezurra badirudi ere, aipatu gailu horiei ‘vintage’ etiketa jartzen diozu eta modan dira berriz ere.

JAVI: Funtsean, belaunaldi analogiko bat izan ginen, hasi berria zen teknologia ezagutzen. Erabilera berriak oso indartsu sartu dira eta garai horietako gauza askok ez dute tokirik gaur egun.

Internet, sare sozialak…bizitza birtual batek benetan ordezka dezake bizitza erreala? Posible al da ‘birtualki’ zoriontsu izatea?

JORGE: Nire ustez bizitza birtualak bizitza erreala osatu beharko luke, inoiz ez ordezkatu. Bien arteko oreka lortzen saiatu beharko genuke.

Ekimen horren inguruan bere ekarpenekin eduki asko eskuratzen lagundu zaituzten komunitate bat sortu da. Ba al da benetan aho bete hortz utzi zaituzten ekarpenen bat?

JORGE: Gure jarraitzailerik gabe honek guztiak ez luke zentzurik izango. Beraiek dira egunero hor daudenak animoak ematen, egiten duguna eskertzen eta garai horren inguruko eduki desberdinak bidaltzen. Egia da, noizean behin, zur eta lur uzten gaituen edukiren bat azaltzen dela. Adibidez, bada oraindik garai horretako txikle edo litxarreriaren bat zabaldu gabe gordetzen duen norbait. Zergatik ez zuen bere garaian jan? Adibidez, aurrekoan, kafetegi batean kafea egiteko makina aldatu eta azpian Chimos goxoki pakete bat azaldu zen. Seguruenik munduan den horrelako pakete bakarra izango da; guk horrelako aurkikuntzei “EGB Arkeologia” izena ematen diegu.

20 urte barru ‘Ni DBHra joan nintzen’ bezalako ekimen bat ikusteko aukera izango dugula uste duzue?

JAVI: Egun diren ikono eta produktuak ikusita, liburu bat baino gehiago entziklopedia bat beharko litzateke!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.