Zein da Ilargiaren jatorria?

Ilargiaren historiak ez du sekretu handirik zientzialarientzat. Duela 4500 milioi urte inguru, zeruko gorputz erraldoi batek sortu berria zen Lurraren kontra bortizki talka egin zuen. Adituen teoriaren arabera, zeruko gorputz erraldoi hori Theia izenarekin ezagutzen den planeta izan zen. Talka horren ondorioz sortu ziren abar horiek guztiek hodei zerratua eratu zuten eta, grabitatearen legeak direla eta, bateratu eta trinkotu egin ziren gaur ezagutzen dugun satelitea eratu arte.

Azaldutako hori guztia zientzialariek frogatutzat ematen dute. Hala ere, talka horren inguruko xehetasunen inguruan zalantza gehiago daude. Izan ere, orain arte, talka hori 45 gradu edo gehiagoko angeluan gertatu izan zela uste zen baina, berriki, UCLA unibertsitateko ikertzaile talde batek aurkitu dituen ebidentzia berriek, talka zuzena izan zela adierazten dute.

Teoria berria Apolo 12, 15 eta 17 misioek Ilargitik ekarritako haitzen analisian oinarritzen da. Ikertzaileek haitz horiek Lurrean diren beste haitz batzuekin alderatu dituzte eta gakoa haitz horietan diren oxigeno atomoetan aurkitu dute. Gure planetan den oxigeno ia guztia O-16 da, hots, zortzi protoi eta zortzi neutroi dituzten atomoez osatuta dagoen oxigenoa. Oso kopuru txikietan bada ere, Lurrean badira oxigeno isotopo astunagoak; O-17 (neutroi bat gehiago du) eta O-18 (bi neutroi gehiago). Zientzialariek jakin ahal izan dutenez, eguzki-sistemako planeta bakoitzean O-16 eta O-17ren artean den proportzioa berezia eta bakarra da. Orain arte, ilargiaren kasuan ere proportzio hori bakarra zela uste zen baina ebidentzia berri horien arabera, ez da horrela. UCLAko ikerlariek egin dituzten analisien baitan, Lurreko zein Ilargiko haitzetan den oxigeno isotopoak oso antzekoak dira; ia berberak.

Theia eta Lurraren arteko talka albokoa izan balitz, Ilargia, nagusiki, Theia planetan jatorria zuten osagaiekin osatuko zen eta, ondorioz, Lurrean eta Ilargian diren oxigeno isotopoak desberdinak izango lirateke. Talka zuzen baten kasuan, aldiz, Ilargia, nagusiki Lurrean jatorria zuten osagaiekin osatuko zen eta, kasu horretan, isotopoak oso antzekoak izan beharko lirateke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.