Gazteek ez omen dituzte genero-estereotipoak antzematen

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak berriki ezagutzera eman duen azterlan baten arabera, euskal gazteek ez omen dituzte goi-mailako ikasketen aukeraketan genero-estereotipoek duten eragina eta ezta euren garapen profesionalean dituzten ondorioak.

Aipatu ikerketaren arabera, goi-mailako ikasketak, nagusiki, gustuen arabera aukeratzen dira. Hala ere, Emakunderen azterlanak generoaren araberako banaketa nagusi izaten jarraitzen duela utzi du agerian. Horrela, oraindik ere, lanbide batzuk emakumeentzat direla (andereño, erizain…) eta beste batzuk, aldiz, gizonentzat (teknikaria, ingeniaria…) direla uste dute gazte askok. Horrela, emakumeek Osasun zientziak, Arte eta Giza zientziak eta Gizarte eta Zuzenbide zientziak aukeratzeko joera handiagoa duten bitartean, gizonek Ingeniaritza eta Arkitektura alorreko ikasketak aukeratzeko joera dute.

Azterlan horrek, gainera, lan-arloan ematen diren desberdintasunak ere agerian uzten ditu. Horrela, neskek mutilek baino gehiago bistaratzen dituzte lan-arloko oztopoak.

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak ikasketa-hautuan eragin beharra azpimarratu du. Landaidaren ustez, lan hori gizon eta emakumeen artean alor desberdinetan diren desberdintasunak gutxitzeko lagungarri izan daiteke. Emakundeko zuzendariaren iritziz “nesken heziketan, enplegua izan behar da muina eta eskubide eta betekizun indibidual gisa aurkeztu behar zaie; burujabetza ekonomikoa eskaintzen du, eta hori funtsezkoa da burujabetza pertsonalerako”.

EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Planaren baitan egin da azterlana. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko gida-planari lotutako azterlana ere bada, izan ere, plan horren helburuetarik bat da ikasleei orientazioa ematea genero-baldintzatzailerik gabe hauta ditzaten ikasketak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.