“Drogak hartzen direnean arriskuak era askotakoak izan daitezke”

Zein da Ai Laket!! elkartearen xede nagusia?

Ai Laket!! 1998an sortu zen droga erabiltzaile eta erabiltzaile ohien elkarte bat da. Hasieran talde bezala eratu zen eta 2002an elkarte bilakatu ginen. Gure xede nagusia arrisku murrizketaren alde lan egitea da, hots, prebentzioa lantzea. Guretzat arrisku murrizketa filosofia antzeko bat da. Historikoki, gizarte guztietan drogen erabilera izan da eta, seguruenik, horrela izaten jarraituko du. Premisa horretatik abiatuta, droga horiekin ahalik eta modurik onenean elkarbizitzen ikasi behar dugula uste dugu. Droga bat hartzea erabakitzen badugu, legala zein ilegala, droga horrek ahalik eta kalte gutxien egitea saiatu behar dugula uste dugu; adibidez, alkohola edaten baduzu ez gidatu. Gure elkartean ez dugu planteatzen drogak hartu behar diren ala ez. Baina behin drogak hartzea erabakita, jarraibide batzuk zehaztu nahi ditugu ahalik eta kalte gutxien izateko, bai osasunean, legalki, etab. Izan ere, drogak hartzen direnean, arriskuak era askotakoak izan daitezke. Aipatu dudan prebentzio lan horren barruan, adibidez, droga desberdinen inguruko informazioa banatzen dugu, material prebentiboak eman edota droga laginen analisia egiten dugu.

Erabiltzaile eta erabiltzaile ohien elkartea izanik, drogen legalizazioaren alde zaudete?

Gure elkartearen estatutuetan ez dugu legalizazioaren gaia aurreikusten. Gure elkarteak droga ilegalen legalizazioaren inguruko eztabaida sustatu nahi du. Legalizazioak gauza onak ditu, baina, seguruenik, gauza txarrak ere izango ditu; hor ditugu alkohola eta tabakoaren adibideak. Horregatik, gai horren inguruan ahalik eta modurik objektiboenean eztabaidatu behar dela uste dugu, morala alde batera utzita.

Ai Laket!!-ek burutzen dituen ekintza guztien artean, seguruenik, oihartzun handiena duena ‘Testing’ delakoa da, hots, droga laginen analisiena. Zertan datza ekimen hori?

Zalantzarik gabe burutzen dugun ekimen garrantzitsuena da. 2002. urtean hasi ginen proiektu horrekin eta, beraz, jada 14 urte dira hasi ginenetik. Bertan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publiko eta Adikzio Sailaren eta udaletxe desberdinen laguntza ere izan dugu. Testing saio bakoitzaren atzean planifikazio lan handia dago. Normalean izaten garen herrietako udalen baimena lortu behar da, lekua adostu, argindarra izan, publizitatu,…. Urtero 50 esku-hartze baino gehiago egin ohi ditugu eta esku-hartze bakoitzeko sei pertsona inguru izaten dira. Horrek antolakuntza lan handia eskatzen du. Normalean jai garrantzitsuenetan izaten gara, bertan jende gehiago dagoelako. Kontuan izan behar da, erakunde publiko baten kontratazio bat tartean bada gutxieneko emaitza batzuk ere eskatzen direla. Aipatu nahi dugu ere Boluntariotza Hedatuz!! proiektupean urtero zenbait esku-hartze ere egiten ditugula, errekurtso nahiko ez daudenean.

Eta zein nolako harrera sumatzen duzue erabiltzaileen artean? Zein da gerturatzen den jendearen profila?

Oro har jende gaztea izaten da. Testuinguruaren arabera jendea modu batera edo bestera gerturatzen da. Adibidez, jai oso handietan edo festibaletan jendea inolako beldurrik gabe gerturatzen da; herri txikiagoetan, berriz, jendea tentu handiagoz gerturatzen da, presio soziala handiagoa delako. Egia da, batez ere herriren batean lehen aldiz azaltzen garenean jendeak harriduraz edo begiratzen gaituela baina gure ekintza hau gero eta ezaguna da eta, ondorioz, jendeak nolabait ezagutzen gaitu.

Azken urteetan jaso duzuen esperientziaren arabera, zeintzuk lirateke gehien kontsumitzen diren drogak?

Zalantzarik gabe, alkohola. Alkohola da gehien hartzen den droga nahiz eta sarritan jendeak alkohola drogatzat hartzen ez duen. Jai giroan diren pertsona ia guztiek alkohola hartzen dute. Jarraian tabakoa aurkituko litzateke. Legaltzat hartzen diren droga horiek dira, beraz, gehien kontsumitzen direnak.

Droga ilegalen artean, oso modu nabarian gainera, gehien kontsumitzen dena kanabisa da. Kanabisaren ondoren speed (anfetamina), kokaina, MDMA (estasia – piluletan zein kristal moduan) eta ketamina.

Testing delako horietan drogetan izan daitezkeen aizunketak bilatzen dituzue. Zeintzuk dira gehien aizundutako drogak?

Ezin da orokorrean hitz egin. Kasu horretan drogaz droga joan beharko ginateke. Kanabisaren kasuan, adibidez, bi mota edo profil aurki daitezke. Alde batetik, kontsumitzaileak berak landatu duena dugu. Kasu horretan, aizunketa edo adulteraziorik ez dago. Kasu horietan, erabiltzaileak droga horren psikoaktibitate maila zein den jakin nahi izaten du, hau da, zein puntutaraino ‘koloka’ dezakeen. Psikoaktibitate maila jakitea garrantzitsua da dosifikazioa egin ahal izateko. Landare propioen kasuan bada onddoen arriskua. Norberak kanabisa landatzen duenean, posible da onddo batzuk azaltzea eta horiek erretzea oso arriskutsua izan daiteke. Guk analisietan onddo horiek dauden ala ez ikus dezakegu. Bestalde, erositako kanabisa dugu eta hor, aizunketa maila askoz handiagoa izaten da. Kasu horretan, lupa baten bidez argi ikus daiteke trikoma ez den guztia ‘soberan’ dagoela. Kanabisari dagokionez, azken urteetan aipatu dudan psikoaktibitate ezaugarri horrek gorantz egin duela ikusi dugu, bai Marihuana zein Haxixaren kasuan.

Eta speedaren kasuan?

Speeda da gehien analizatzen dugun bigarren droga. Kasu horretan, aizunketa maila jaitsi egin da eta azken urteetan droga horren purutasuna hirukoiztu egin dela ikusi dugu. Duela urte batzuk anfetamina kopurua % 15 ingurukoa zen (beste ia guztia kafeina zen) eta orain, berriz, batez beste, % 40 ingurukoa da. Iaz, adibidez, nahiko lagin aizundu gabe zeuden, hots % 100ean puruak ziren. Hori 2002-2003 urtetik ikusten ez zen zerbait zen. Horrelako aldaketak oso garrantzitsuak dira lagin batetik bestera dosia biderkatu egiten delako eta hori arrisku bat da, baldin eta konposizioa ezagutzen ez badugu.

Eta bestelako drogen kasuan?

Kokainaren kasuan ere purutasunak gora egin duela ikusi dugu. Aurreko urtean % 50 ingurukoa zen eta aurten % 80-90 inguruko purutasuna duten laginak aurkitu ditugu.

MDMA edo estasiaren kasuan, historikoki purutasun maila oso altua izan da. Dena den, MDMAn muturreko kasuak ikusi ahal izan ditugu, hots, oso-oso puruak direnak baina baita ezer ez dutenak ere. Zenbait kasutan, MDMAren antzeko efektuak dituzten substantziak saltzen dira (etilona, metilona, Alfa PVP, PMMA…) MDMA izango balira bezala. Azken urteetan horrelako gero eta substantzia berri gehiago azaltzen ari dira eta jendeak ez daki benetan zer hartzen ari den.

Azkenik, ketaminaren kasuan, purutasunak behera egin du eta gero eta aizunduagoa saltzen da. Azkeneko hilabeteetan ketamina erabiltzaileentzako alerta bat dugu, gure web gunean informazio gehiago topa dezakete horren inguruan.

Une honetan, heroina gehiago omen dago kalean?

Guk jorratzen ditugun esparruetan ez dugu horrelakorik ikusi, hots, jende gazte artean eta jai giroan. Heroina oso droga garestia da eta, gainera, historikoki oso aizunduta saltzen den droga izan da. Guk aztertu ahal izan ditugun laginetan (urtean hiruzpalau) hori ikusi dugu. Eusko Jaurlaritzak kaleratzen duen ‘Euskadi eta Drogak’ txostenaren arabera (azkenekoa duela hiru urtekoa da) heroina kontsumoa oso marjinala zen.

Hedabideetan gero eta droga berri gehiago azaltzen ari direla aipatzen da. Hor ditugu, adibidez, Burundanga, Hulk (Alpha PVP), Zombie (MDPV)… eta antzekoak. Errealitate ala mito baten aurrean gaude?

Kasu horietan hedabideek ez dutela oso lan txukuna egiten salatu behar da. Nahasketa izugarria egiten dute, egia edo erdi-egia diren zenbait gauza egia ez diren beste zenbaitekin eta horrek desinformazioa ekartzen du. Europa mailan den behatokiak azpimarratzen duenez, azken urteetan fenomeno berri bat garatzen hasi da eta horren baitan, gero eta droga berri gehiago sortzen edo merkaturatzen ari dira. Behatoki horrek eman dituen datuen baitan, azken urtean 100 substantzia berri baino gehiago izango lirateke. Kontu horretan legedia ez da batere eraginkorra. Izan ere, legediak legez kanpo dauden molekula zerrenda bat zehazten du baina zerrenda horretan ez diren beste molekula guztiak, ondorioz, ezin dira ilegaltzat hartu. Kimikan aditu direnak, molekula horiek eraldatu eta antzeko efektuak dituzten molekula berriak sortzen dituzte eta ondorioz salmenta legala da, baina bere efektuei buruz oso informazio gutxi dago, askotan gizakietan ez dira inoiz frogatu. Internet bidez horrelako drogak erosteko aukera dago. Arazoa produktu bat beste produktu bat izango balitz bezala saltzen denean larriago izan daiteke. Guk bospasei molekula berri antzematen izan ditugu azken urteetan.

‘Emakumeak eta droga erabilerak’ izeneko gida argitaratu berri duzue. Zer dela eta emakumeei espresuki bideratutako gida hori? Desberdina al da kontsumoa gizon eta emakumeen artean?

Orokorrean, droga esparruan generoa oso garrantzitsua da eta guk lantzen dugun prebentzioaren esparruan, are gehiago. Droga desberdinen kontsumoan, adibidez, genero arteko desberdintasunak oso nabariak dira: zein droga kontsumitzen diren, zein kopurutan, zertarako, ondorioak… Lehen aipatu dudan Eusko Jaurlaritzaren ‘Euskadi eta Drogak’ txostenaren arabera, sexuen arteko aldeak izugarriak dira. Oro har, mutilek mota guztietako droga kontsumo altuagoa dute eta ilegalen kasuan tartea itzela da. Soilik psikofarmakoen (antidepresiboak) kasuan da altuagoa emakumeen kontsumoa gizonena baino. Adin oso gazteetan, alkohola eta tabakoaren kontsumoak oso antzekoak dira neska zein mutilen artean. Hala ere, zenbat eta helduago orduan eta alde nabariagoak. Hor gizarteak egiten duen presioa nabaria da, ez da kontu genetiko bat. Gure kulturan drogazaleak ez dira ondo ikusten eta neskak badira are okerrago.
Maitane de Anituak, Nerea Lekuonaren marrazkiekin, prestatu duen gida horretan hori guztia azaldu nahi izan dugu. Batez ere, arriskuak azpimarratuz, ez bakarrik osasun arriskuak, baita arrisku sozial eta legalak ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.