Oihane Pardo: “Ekintzailetza egitasmo batean ardurak partekatzen ikasi behar duzu”

Nola bururatu zitzaizun ohiko Kaikuen berdiseinua egitea?

Hogei urte inguru nituenean nire amonak egindako kaikua janzten nuen. Oso gustuko nuen janzkia zen; dotorea, beroa eta fina. Denbora eta erabilera zela eta, kaiku hori zaharkitu eta beste bat erosi nahi izan nuen. Hainbat dendetatik pasa ondoren ez nuen nire amonak egindako hori bezain kaiku dotorerik aurkitzen; oihalak zatarragoak ziren, xehetasunak ez ziren hain dotoreak… Egunero janzteko arropa baino mozorroaren antza hartzen nien. Gustuko nuen kaikua aurkitzeko zailtasunak ikusita nire amonaren kaiku hori nik neuk kopia nezakeela otu zitzaidan. Eta behin kopiatzen hasita, gustuko nituen koloreetan ere egin nezakeela pentsatu nuen.

Nire ustez kaikuaren biesak edo mozketak dira janzki horri nortasuna ematen diotenak eta hor jarri nahi nuen nire “ikutua”.

Eta nola sartu da arkitektura ikasi duen gazte bat Euskal Herriko jantzi tradizional bat diseinatzera? Nolakoa izan da ideia hori martxan jartzeko ibilbidea?

Arkitektura ikasi nuen diseinatzea gustuko nuelako: marraztea, eskuekin lan egitea… Txinan arkitekto bezala lan egiten nuenean asko diseinatzen nuen, baina eskuz egin beharrean, ia beti ordenagailuaren bidez egiten nuen. Gainera, sarritan, diseinatzen genuen hori gero ez zen gauzatzen, eta gauzatzen zenean ez zen beti guk diseinatu genuen bezela egiten. Faltan botatzen nuen nik diseinatutako hori errealitate bihurtzea, ikutu ahal izatea. Bestalde, betidanik oso gustuko izan dut jostea; nire jantziak eta bitxiak diseinatzea eta egitea. Hori guztia kontuan hartuta eta nire amonaren kaikua ordezkatzeko izan nituen arazoak direla eta, nik neuk kaikuak diseinatu eta ekoiztea bururatu zitzaidan. Baina lan hori ez nuen Txinan egin nahi, Euskal Herrian garatu beharreko egitasmo bat zen.

Ideia hori buruan nuela Donostiako Sustapenak gazte ekintzaileentzat garatzen duen programa baten berri izan nuen, Yuzz delako programa, hain zuzen ere. Nire ideia aurkeztu nuen eta bideragarria izan zitezkeen egitasmoen artean aukeratu ninduten. Horrek aitzakia ezin hobea eman zidan Txina utzi eta Donostiara bueltatzeko. Behin Donostian, aipatu programari esker nire egitasmoa garatzeko aukera izan dut. Bertan, gure ideiak garatzeko, hobetzeko eta gauzatzeko laguntza handia jaso dugu. Lan handia egin behar izan dut baina ibilbide honetan ni bezalako beste ekintzaile batzuk ezagutzeko aukera izan dut, asko lagundu didatenak, nire lagunek eta senideek asko lagundu didaten bezala. Horrelako egitasmo batean sartzen zarenean ezinezkoa da arlo guztien gaineko ezagutza izatea baina hori, oztopo baino, aukeratzat hartu dut. Izan ere, gogo eta ilusioarekin eta jatorra eta garbia izanez gero, beti dago laguntzeko edo irakasteko prest dagoen norbait ezagutzeko aukera.

Goi mailako ikasketak izanik, ibilbide profesional hori alde batera utzi eta bestelako jarduera batean ekintzaile bilakatu zara. Zeintzuk dira ekintzailetza prozesu horretan aurkitu dituzun gauzarik positiboenak?

Tira, momentuz ez dut arkitekturarena alde batera utzi. Egitasmo hau burutu ditudan ikasketekin osagarri dela uste dut. Arkitektura oso lanbide zabala da; esparru asko hartzen ditu bere barruan. Arkitektura ikasketak burutu dituen pertsona batek gauza asko egin ditzake eta, nire kasuan bezala, asko dira moda esparruan lanean aritzen diren arkitektoak. Balenciaga ospetsuak, adibidez, arkitektura ikasketak burutu zituen.

Ekintzailetzari dagokionez, arkitektura eskolan eta, proiektu bat errealitate nola bilakatu irakatsi didate: ideia batekin hasi eta amaierara arte jarraitu. Amarenak egitasmo honetan, nahiz eta atal guztiak ezagutu, hainbat lan burutzeko espezialisten lana behar izan dut. Horrelako egitasmo batean sartzen zarenean lan guztia ezin dela zure gain egon ikasten duzu; ardurak partekatzen ikasi behar duzu. Gainera, enpresa eraikitze prozesu honetan ondoren arkitekturan oso garrantzitsuak izango ditudan hainbat gauza ere ikasi ditut: jende aurrean hitz egin, hornitzaileekin negoziatu… Garbi daukat nahiz eta proiektu hau aurrera ez atera, amaitzerakoan arkitekto hobea izango naizela.

Eta gauzarik zailena? Proiektua bertan behera uzteko gogoa izan ahal duzu noizbait?

Bai noski!! Sarritan irtenbiderik gabeko kalezulo batean zaudenaren sentsazioa duzu baina egitasmo hau aurrera atera nahi dut eta saiatu behintzat, saiatu behar dut.

Gehien kostatu zaidana hemen egindako kalitatezko artile oihalak aurkitzea izan da. Amarenak egitasmoa abian jarri nuenean ekoizpena Euskal Herrian egiteaz gain hemengo oihal naturalak erabiltzeko asmoa nuen. Hornitzaile askorekin jarri nintzen harremanetan, baina gehienek ez zuten artilearekin lan egiten, osagai sintetikoekin baizik. Horrez gain, nire enpresa ireki berria eta tamaina txikikoa denez oihal metro gutxi erosten nituen, 50 inguru edo, eta ez milaka marka handiek eros dezaketen bezala. Horrek, prezioan ere eragiten zuen eta inork ez zidan prezio onik eskaintzen.

Zorionez, artile oihalak egiten zituen Gaztelako enpresa txiki bat topatu nuen. Oso kalitate oneko oihalak egiten dituzte eta baita kantitate txikietan saldu ere. Horretarako aurkeztu nuen bilduma berezi hau Gipuzkoa Aldundiko Meta! programara, jendeak erabaki dezan hau baloratzen duen ala ez.

Jostun onak aurkitzea zaila izan zen ere, nere kasuan zorte asko izan nuen eta laister topatu nuen nere ideian zinizten zuen lantegi bat. Hasieran jostun sare bat sortu nahi nuen, ni bezelako diseinatzaile txikiek erabili ahal izteko eta bertako moda ekoizpena sustatzeko. Geroago hori proiektu handiegia zela ohartu nintzen eta pixkanaka pixkanaka joan behar nintzela erabaki nuen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ekintzaileentzat sustatzen duen Meta! Programan aukeratutako proiektuetako bat da Amarenak-ena. Zein nolako laguntza lortu duzu bertatik?

Gipuzkoako Foru Aldundiak 70 000€ zituen proiektu kulturalak sustatzeko. Diru hori zein modutan banatuko zen erabakitzeko goteo.org izeneko crowdfounding plataforma erabili nahi izan dute. Plataforma horretan gauden proiektuek aipatu plataformaren bidez jasotzen dugun euro bakoitzeko Aldundiak beste bat jarriko du. Dohaintzak egiteko epea urriaren 24ean amaituko da eta 7000€ lortu behar dut gutxienez.

Meta! Programatik laguntza handia jaso dut. Egitasmoa bideratzeko aholkularitza ez ezik aurrekontua eta diruaren kudeaketa nola egin ere irakatsi digute. Komunikazio aldetik ere laguntza handia jaso dugu, estrategia bat nola garatu eta sare sozialen garrantzia azpimarratuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.