Nerea Samaniego: “Ez da normala errefuxiatuek jasotzen duten lehen laguntza boluntarioena izatea”

Pasa den urtearen amaieran Arabar Errioxako 6 gazte Greziako Chios uhartean izan ziren bertan ziren errefuxiatuak laguntzen. Nola sortu zen bidaia horren ideia?

Bidaia hori ibilbide luze baten ondorioa da, oraindik amaitu ez den ibilbide batena, hain zuzen ere. Kontuan izan behar dugu eskualde honetan ez dela tradizio aktibista handirik eta gutxi dira boluntario aritzen diren gazteak. Errefuxiatuen krisia dela eta, 2015. urtean laguntza talde bat osatu zen. Hasiera batean, talde horren asmoa sentsibilizazio lanak egitera eta GKE desberdinetarako fondoak lortzera mugatu zen. Baina Europar Batasunaren eta Turkiaren arteko hitzarmena dela eta, nik neuk hara joateko erabakia hartu nuen. Hasiera batean Lesbosera joan behar nuen, baina, azkenean, Idomenira joan nintzen. Nire asmoa ahal zen guztian han bertan laguntzea zen, baina, aldi berean, lehen eskuko informazioa bildu nahi nuen horren berri emateko hemen.

Eta bueltatzen zarenean Ekiloreak sarea sortzen da.

Bai, hala da. Boluntarioen sare bat da baina herri ekimenetik sortua. Ez genuen erakunde publikoen laguntzen zain egon nahi eta hainbat ekimen burutu genituen funtsak lortzeko: pintxo-poteak… Bost hilabete ondoren brigada bat sortzea lortu genuen eta orduan bidaiaren aukera sortzen da. Guztira sei gazte izan dira, eskualdeko hainbat herritakoak guztiak. Lortu genuen diruarekin bidaia eta ostatua ordaintzea lortu genuen eta, gainera, baita han lan egiteko logistika ere.

Zer dela eta joan zineten Chios uhartera?

Hasieran hiru aukera genituen. Lehena Tesalonikan lan egitea zen, bertan den errefuxiatu-esparru batean. Bigarrena Atenasen bertan lan egitea zen, biltegietan. Kontuan izan behar da Greziara iristen den laguntza guztia Atenasetik sartzen dela eta han lan handia egin behar da hori guztia antolatzeko. Eta azkeneko aukera uharteetan lan egitea zen, gure kasuan, Chios izeneko uhartean. Azken aukera hori aukeratu genuen zuzenean errefuxiatuekin lan egiteko aukera genuelako. Bidaia abenduaren 28 eta urtarrilaren 16 bitartean izan zen eta oso esperientzia aberasgarria izan da.

Zein izan da han burutu duzuen lana?

Hasieratik garbi genuen GKE txikiekin lan egin nahi genuela. Ohiko GKE handiek lan garrantzitsua egiten dute, baina guk beste era bateko esperientzia izan nahi genuen. Hasieran, CESRT izeneko GKE batekin lan egin behar genuen baina, iritsi ginenean bertan Gipuzkoako Zaporeak izeneko GKEa lanean zegoela eta jendea behar zutela jakin genuen. Zaporeakekoek bazkariak prestatzen dituzte errefuxiatuentzat eta horiek prestatzeko lagunak behar zituzten. Kontuan izan, gaur egun, Grezian 70.000 errefuxiatu inguru daudela eta horietatik 3.000 inguru Chiosen daude. Hiru mila errefuxiatu 50.000 biztanle dituen uharte batean.

Hasieran hiru eguneko lana izan behar zen. Baina Europak 53 milioi euro banatu zituen zortzi GKEen artean. Horietako bat Norvegiako Norvegian Refugee Council (NRC) izan zen eta horiek Zaporeakekoekin jarri ziren harremanetan bazkarien laguntza hori mantentzeko.

Beraz, errefuxiatuei bazkariak ematen lagundu duzue.

Lan handiena hori zen. Chiosen bi errefuxiatu-esparru daude: Vial eta Souda. Guk bigarrenean egin dugu lan. Egunero 1.300 errefuxiatuentzako janaria prestatu behar da eta goizeko seietan hasi eta arratsaldeko bostak arte ez genuen amaitzen. Ondoren, errefuxiatuekin zuzenean lan egiteko aukera izan dugu, bakoitzak bere esparruaren arabera. Gezurra badirudi ere, sarritan errefuxiatuak dira haien dendetara gonbidatzen zaituztenak.

Nolakoa izan da errefuxiatuekin izan duzuen harreman zuzen hori?

Greziara iristen diren errefuxiatuak hainbat jatorrikoak dira: siriarrak, afgandarrak, irakiarrak, pakistandarrak… Guk, batez ere, siriarrekin izan gara. Errefuxiatu horiek besteek ez dituzten ezaugarriak dituzte. Izan ere, kasu gehienetan, prestakuntza handia duten pertsonak dira, gure artean erdi mailako klasea izenarekin ezagutzen duguna. Sarritan, itxura aldetik eta, zaila da errefuxiatu baten aurrean zaudela imajinatzea. Guk, adibidez, lau seme-alaba dituen familia batekin izan genuen harremana. Sirian txalet batean bizi ziren baina hainbat urtez ihesi ibili ondoren, semerik gazteenak kanpin-dendak ezagutu ditu bakarrik.

Oro har, ikaratuta bizi dira. Kontuan izan behar da ia kasu gehienetan senide edo lagunen bat galdu dutela eta, normalean, oso modu basati batean. Hala ere, itxaropentsu azaltzen dira, gauzak hobera egingo dutenaren itxaropena dute.

Zer da, zure ustez, errefuxiatuek pairatzen duten egoera hori konpontzeko egin beharko litzatekeena.

Lehenik eta behin errefuxiatu uholde hau sortu duten egoera edo arazoak konpondu behar dira. Eta bonbekin arazoak ez dira konpontzen. Siriaren kasuan larriena da bertakoak hainbat herrialdetako armaden bonben biktima direla. Siriarrek ez dute Europara etorri nahi; agian, bada baten bat. Baina kasu gehienetan euren etxeetara bueltatu nahi dute; gerra aurretik zuten bizimodua berreskuratu.

Hori konpontzen ez den bitartean errefuxiatuentzako bide seguruak bermatu behar dira, Italiako Sant´Egidion egin dutenaren antzera. Eusko Jaurlaritzak antzeko zerbait egin nahi duela iragarri du. Giza-korridore horiei esker jendea bere herrialdean hartu eta zuzenean Europako herri batera eramateko aukera dago.

Eta Estatuek euren lana egin beharko lukete. Ez da normala errefuxiatuek jasotzen duten lehen laguntza boluntarioena izatea. Hor hutsune bat dago.

Zein nolako iritzia duzu Europar Batasunak errefuxiatuen arazo honetan izan duen jarreraren inguruan?

Lotsagarria. Europar Batasunak bizkarra eman die errefuxiatuei sinatuta dituen nazioarteko hitzarmenei uko eginez. Iaz Turkiarekin sinatu zen akordioak gauzak okertu egin ditu eta arazoa konpondu beharrean, errefuxiatuek jarraitzen duten bidea luzatzea besterik ez da lortu. Harritu egiten nau Trumpek eraiki nahi duen harresia dela eta Europan kritikak egiten direnean eta hemen zerbait okerragoa egin dugu.

Gainera, Gasteizkoak taldeak argitaratu duen ‘Esas guerras son muy nuestras’ liburuan asko dira industria armamentistikoan, zuzenki edo zeharka, lan egiten duten euskal industriak.

Oker ez banaiz, errefuxiatuak Arabar Errioxara ekartzeko saiakera egin duzue.

Udaletan herri bakoitzeko familia bat ekartzeko mozioak aurkeztu genituen. Tokiko erakundeen borondatea ona da baina gobernu zentralak egiten duena jarraitu behar dute.

Zer esango zenieke errefuxiatuak gurera ekartzearen aurka azaltzen diren horiei guztiei?

Lehenik eta behin gizakiak direla azpimarratu behar da. Krisi humanitario hau gure artean jada bizi izan dugu Gerra Zibila dela eta. Zorionez, orduan besoak zabalik hartu gintuzten. Sarritan, ez gara konturatzen, baina errefuxiatuak guretzat nahi izango ez genukeen modu batean tratatzen ditugu. Gainera, etika ez ezik, legalki ere Europak sinatuta dituen akordioak betetzen ez dituela azpimarratu behar da.

Hasieran azaldu duzun moduan, esku artean duzuen lana ez da bidaiarekin amaitu. Orain Arabar Errioxako biztanleak arazo horren inguruan kontzientziatu nahi dituzue.

Bai, proiektuaren bigarren zatia litzateke. Eskualdeko biztanleak errefuxiatuek bizi duten baldintzen inguruan kontzientziatu nahi ditugu. Horretarako, programa zabal bat prestatu dugu hitzaldi eta erakusketekin.

Gainera, bigarren bidaia bat egiteko aukera ere aztertzen ari gara. Lehenengo bidaia oso arrakastatsua izan da bertan izan diren gazteek boluntario lanak egiten jarraitu nahi dutelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.