Atzerriko hizkuntza bat jakitearen garrantzia

Mundu globalizatu batean bizi gara eta beste herrialdeetako edo kulturetako hiritarrekin ditugun hartu emanak gero eta ugariagoak dira. Duela zenbait hamarkada ez bezala, gaur egun, normaltzat hartzen dugu goi-mailako ikasketak edo lana atzerrian egitea. Baina, horretarako, ezinbestekoa da atzerriko hizkuntzaren bat ezagutzea eta euskaldunon atzerriko hizkuntzen ezagutza maila izan da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak burutu duen azken azterlanaren ardatza. Aipatu ikerketa pasa den apirilaren 6an eta 7an burutu zen eta telefonoz egindako 1.000 inkestetan lortutako emaitzetan oinarritu da.

Ikerketak utzi duen ondoriorik azpimarragarriena honakoa dugu: Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen % 95arentzat atzerriko hizkuntzen ezagutza ‘garrantzitsua’ edo ‘oso garrantzitsua’ da. Gainera, inkestan parte hartu duten hiritar gehienek (% 68k) euskal hezkuntza sisteman atzerriko hizkuntzen irakaskuntzari garrantzi handia ematen zaiola uste dute.

Euskararen kasuan jazotzen den modu berean, ikerketak atzerriko hizkuntzen kasuan ere ezagutza eta erabileraren artean alde handia dagoela azaltzen du. Bestalde, eta esan bezala, hiritar gehienentzat atzerriko hizkuntzen ezagutza oso garrantzitsua bada ere, ikerlanak biztanleen ia erdiak (% 44) ez duela atzerriko hizkuntzarik ezagutzen utzi du agerian. Hala ere, gai horren inguruan jasotako azken datuarekin alderatuta, 2011koa, alegia, kopuru hori lau puntutan murriztu dela azpimarratu behar da.

Ingelesa nagusi

Espero zitekeen bezala, atzerriko hizkuntzen artean ingelesa da hizkuntzarik garrantzitsuena. Euskadiko biztanleen heren batek (% 35) ingelesez hitz egiteko eta idazteko gai dela adierazten du. Jarraian, frantsesa (% 11), alemana (% 2), portugalera (% 1) eta italiera (% 1) aurkituko lirateke. Euskaldunok garbi dugu ingelesa oso hizkuntza garrantzitsua dela: azken bost urteetan ezagutza-maila hiru puntutan hazi da eta Estatuan den ezagutza-maila baino zazpi puntu handiagoa da.

Gehien ezagutzen diren hizkuntzen kasuan, ingelesa eta frantsesa, ehunekoak modu nabarmenean aldatzen dira elkarrizketatuen adina kontutan hartzen badugu. Ingelesari dagokionez, 18-29 urte bitarteko gazteen %78k “hitz egin eta idazteko” gai dela dioen bitartean, 30-45 urte bitartekoen artean %46ra jaisten da, 46-64 urte bitartekoan artean %15era, eta 65 urte edo gehiago dituztenen artean %8raino.

Ikasketa maila, klase soziala eta gurasoen atzerriko hizkuntzen ezagutza portzentajea igo ahala ere, nabarmen gora egiten du ingelesaren eta frantsesaren ezagutzak.

Ikasketa eremu nagusia “eskola, ikastola edo institutua” da, ingelesaren kasuan %46rentzat eta frantsesarenean %63rentzat. Gainerako hizkuntzetan asko murrizten da eskolaren lekua, eta beste bide batzuk indarra hartzen dute: “irakasle partikularra edo akademia espezializatua”, “atzerrian egonaldiak” edo etxean bertan.