Maider eskolan dabil. Jo eta su, gehienetan. Hil honetan, gainera, azterketetarako prestatzen, ufff! Gainontzeko gazteen modura, etorkizuna ilusioz irudikatzen du. Uda, batez ere. Ez dauka beharrizan handirik, gurasoek herriko lantegi batean lan egiten baitute. Bizitza normala. Arruntasuna. “Bejondeiola!” pentsatuko zuen hurrengo protagonistak.

Sharifen bizitza ez da inoiz erraza izan, baina aurten pairatzen ari dituen komeriak benetan jasangaitzak dira. Izan ere, bere herrialdea uztera behartu izanak, Sharifek txalupa maskal batean sartu eta Europarako bidea hartzera eraman zuen. Gatazka zibila zela eta, aita preso hartu zuten eta handik hilabete gutxira, bere buruaz beste egin zuen. Amak eta arrebak, begiak malkoetan eta bihotza zotinez dituztelarik, aldamenean ditu. Familiaburu bilakatu da Sharif, bat-batean eta nahi gabe. Seguru asko Europara ailegatu bezain laster ogibidea bilatu beharko du. Baina nola? 14 urte besterik ez ditu.

Maiderrek ere 14 urte ditu eta etorkizunean sendagilea izan nahi du. DBH bukatu, Batxilergoari ekin eta pausuz pausu, unibertsitaterako bidea hartzea da bere asmoa. Sharifek ere gauza bera nahiko luke, baina bitartean topatuko dituen oztopoak sekulakoak izango dira.

Bi protagonisten arteko aldeak handiak badira ere -zer esanik ez generoari erreparatuta-,oinarrian, errealitate ukaezina azaleratzen da: eskubide berberak dituzte.

Nork babestuko du Sharif?
Haur eta nerabe guztiek eskubideak dituztela azpimarratzea zalantzarik gabeko egia da. Hala ere, “haurren eskubideak”, kontzeptu gisa planteatuta, abstrakziora garamatza eta, ondorioz, ez atzera, ez aurrera, gure esparruan mantentzen gaitu. Nolabait ere, helduak eta haurrak elkarren ondoan bizi gara, baina oso gutxi ikusten dugu elkar. “Umeek ez dute bozkatzen”, askotan aipatzen da politikaren aldetik, haurrei dagokien babesik eza justifikatzeko. Haur eta nerabeen eskubideak ez defendatzea, herrialde baten etorkizuna ataka larrian jartzea da. Mendebaldeko herrialdeetan gertatzen ari den zahartze demografikoak ondorio larriak izango ditu ekonomikoki eta sozialki, belaunaldi berrien interesa aintzat hartzen ez bada, hots, biharko kudeatzaileak izango direnen oinarrizko beharrizanak babesten ez badira: hezkuntza, osasuna eta segurtasuna.

Hala eta guztiz ere, mendebaldeko herrialdeetan (edo OCDE-n barne daudenen kasuan) aipatutako hiru oinarriak segurtatzeko gai izan bagara (ñabardura batzuekin, hori bai), garapen-bidean dauden herrialdeetako haurren egoerarekiko nazioarteko engaiamendua beharrezkoa da. Helburu hori buruan, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Haurren Eskubideei Buruzko Hitzarmena sinatu zuen 1989an. Testu honen bigarren artikuluan, Maider eta Sharifen bizitzak elkarbanatzen dira: “Eskubide guztiak haur guztiei aplikatu behar zaizkie desberdintasunik gabe, eta estatuak haurra edozein bereizkeriaren aurrean defendatzeko beharrezko neurriak hartu behar ditu”. Umeei buruz mintzatzen garenean, ez dago desberdintasunik.

Geroztik, Haurren Eskubideei Buruzko Hitzarmena (HEBH) mundu osoko haur eta nerabeen bizitza erabat aldatzeko bidean funtsezkoa izan da. Historian lehen aldiz, dokumentu batek hemezortzi urte baino gutxiagokoen eskubide guztiak jasotzen ditu, era transbertsalean: zibilak, politikoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak.
UNICEFek Nazio Batuen agindua betetzen du, haurrek haur izaten jarrai dezaten. Maider eta Sharifen arteko desberdintasunak txikitzeko eta ekitatea politikarien agendan ager dadin, ez bakarrik hitz hutsez, baizik eta benetazko konpromisoak berretsiz.

UNICEF – Euskal Herriko Batzordea

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here