Gazteontzat uda ez dira soilik oporrak: lana, boluntariotza edota erabakiak hartzeko unea

Ikasturtea amaitu da, azterketen azken txanpa bukatzen doa eta beroarekin batera uda heldu da. Euskal Autonomia Erkidegoan gehien itxaroten den urtaroa dela esan genezake, ia biztanle-talde ororen artean. Arrazoia dena dela ere, epe berezi bat da: eguraldi ona, hondartzara joateko aukera, atsedena hartzeko tartea eta askorentzat oporrak ere. Orokorrean, beti baitaude salbuespenak, udaran pentsatzean edo berau aipatzean, aurpegiak zertxobait lasaitu eta alaitzen dira. Aurpegi ona deitzen zaiona.

Talde guzti horien artean gazteontzat uda, tarte polita izateaz gain, bolada bereziki garrantzitsua da. Zergatik? Aipatutako arrazoi orokorrez gain erabaki garrantzitsuak hartzeko unea dela: askok oporrak hartzen dituzte, beste batzuek behin Batxilergoa amaituta euren etorkizunaren nondik norakoak argitu behar dituzte —Goi Mailako ikasketak Unibertsitatean ala Formakuntza Profesionalean, lehen lana bilatzen saiatu zertxobait aurrezteko, bertan ala etxetik kanpo egin lehen saiakera, etab. —. Baina horretaz gain, gazteontzat lan egiteko edo lana bilatzeko epea da uda. Honek ez du esan nahi urtean zehar gazteok lan egiten ez dugunik. Askok urtean zehar ikasketak dituztela-eta ez dute denbora gehiagorik eta orduan uda aprobetxatu besterik ez da geratzen diru pixka bat irabazi, ahal dena aurreztu eta esperientzi berriak bizitzeko.

Ziur testu hau irakurtzen duen pertsona orok izan duela esperientziaren bat udako udalekuetan. Eta hala ez bada, ingurukoren batek kontatuko zizkion bereak. Hauek behar den bezala funtziona dezaten begiraleak behar dira, gehienetan begirale gazteak. Azpimarratzekoa da bertan sartzen den denbora, batzuetan goizez soilik eta beste askotan 24 orduz haur eta gazteen zaintzaz arduratzen. Lan guzti hori batzuetan ordainduta dago, baina beste askotan boluntarioa da; zure denbora librean aukeratutako esperientzia. Kasu batean zein bestean, hezitzaileon prestakuntza oso lagungarria bihurtzen da umeengana beste era batera hurbiltzeko. Aisi uneetan, jolasen bitartez, giro lasaietan, udako egonaldiek begirale eta haurraren arteko konfiantza sortzeko aukera ematen dute.

Baina ez da pentsatu behar harreman horiekin irabazten ateratzen den bakarra haurra edo gaztea denik, begiraleak ere esperientziatik asko ikasten baitu. Antzeko lanaldietan ibiltzen direnek edo boluntario bezala diharduten gazteek hainbat gai lantzeko hainbat konpetentzia barneratzen dituzte —komunikaziorako gaitasunak, negoziazioa, baikortasuna, egoera berriei aurre egiteko gaitasuna, etab.— etorkizunean oso positiboak direnak, bai alor pertsonalean eta bai lan egiterako orduan. Alde batetik, begirale lana eginda ardurak hartzeko prestatzen dugu gure burua, taldean lan egiteko ahalmena sustatzen da —gazteekin, beste begiraleekin, beste elkarteekin, etab.—; eta, bestetik, konpromiso bat hartzen da lan egiten dugun elkartearekin. Azkenik, honelako lanaldi eta esperientzien bidez elkartegintza sustatzen da.

Ez dugu ahaztu behar astialdi-taldeak ez direla udako kontua bakarrik. Egia da urteko sasoi honetan gaia bolo-bolo dabilela eta eskaintza berezia izaten dela, baina hori izozmendiaren tontorra besterik ez da! Urte osoan zehar boluntario gazteek jarduerak antolatzen dituzte auzo eta herrietan inplikatuz, egunerokoan gertuko eta kalitatezko astialdia eskainiz nahi duen orori. Talde batzuen atzean federazioak daude; hau da, astialdi taldeak koordinatzen dituzten elkarteak. Horietaz gain, arlo honetan, astialdiko eskolek paper garrantzitsua jokatzen dute. Hauek EAEko errealitateari egokitutako kalitatezko formakuntza ematen dute, aipatutako jarduerak aurrera eramateko baliabide eta esperientziak eskainiz.

Astialdiko eragileok sinesten dugun horretan lan egiten dugu, hezkuntza-esparru oso aberatsa dela aldarrikatuz, ideia hori gizartean zabalduz eta gure boluntarioek egiten duten lanari eta esfortzuari garrantzia emanez.

Maialen Olabe
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Presidentea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.