2030: denon erronka

Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) betetzeko akordioa 2015ean lortu zenean, automatikoki, munduan herrialde garrantzitsuen arreta eta engaiamendu zuzena erakarri zituen. Ez da ohikoa herrialde boteretsuenen arreta erakartzea. Are gutxiago haien konpromisoa. Egundoko egoera larriaren aurrean egongo ote ginen? Egin dezagun memoria.

1919an, garaiko gizarteak, inoiz sufritutako gerrarik bortitzenaren ondorioak aztertzen ari zen. Azterketa eta gogoeta horrek helburu bakar bat zuen: inoiz berriro gertatu ez dadin instituzio, erakunde edo tresnak baliatu behar zituzten. Horrela sortu zen Nazioen Erakundea. Bi eginkizun nagusi zituen: nazioarteko kooperazioa sustatu, bakea eta segurtasuna ziurtatzeko. Zer esanik ez, bere helburua lortu ez zuelaren adierazle nabarmenena 1939an piztu zen Bigarren Mundu Gerra da.

Garai horretako lehentasun nagusia bakea lortzea zen. Baina, gizasemeok kontraesanez josita gaudenez, ematen zen garapen maila bakarra, arma eta munizio fabrikena izan zen. Bakea bultzatzeko baliabideak behar ziren, eta dirua lortzeko, gerraren engranajeak koipeztatu behar ziren. Horrela erein zen hegoaldearen eta iparraldearen arteko desberdintasunaren lehenengo hazia. Geroztik “mundu garatua” eta “garatu gabeko mundua”, kontzeptu kontrajarri gisa, erabili ditugu. Behin betiko segurtasun-egoera lortzeko eta suntsitutako herrialdeen egoera hobetzeko, gerra horren irabazleek Nazio Batuen Erakundea (NBE) sortzeko ituna sinatu zuten. 1946. urtea zen eta osasuna, hezkuntza eta garapen ekonomikoa jorratzeko eta ziurtatzeko, erakunde supra-nazionala beharrezkoa izan zen. Hil ala biziko gaien inguruan gomendioak egiteko gai. Eta erakunde horren parte direnei erantzukizuna eskatzeko ahalmenarekin. Nazio Batuen sistema ere garatu zen, eta adibidez, Haurren Aldeko Funtsa sortu ere: UNICEFen hastapenaren aurrean gaude.

Horren baitan landu egin dira egunotan ezagutzen ditugun politikak eta gobernu garaikideek onartu dituzten legeak. Baina erronka berriak sortuz joan dira eta haiei eman diegun erantzunean egon da gakoa.

Milurterako mugarria
Testuinguru horretan, desberdintasunaren eragina gero eta agerikoagoa den munduan, GIH ekimenaren aurrekaria aurkitzen dugu: Milurtekoko Garapen Helburuak (MGH). Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko alde sakona murrizteko eta gizateriaren premiazko arazoak bideratzeko onartutako Adierazpena. 8 helburu aurkitzen genituen, haien artean, muturreko pobrezia desagerrarazteko, lehen hezkuntza unibertsala lortzeko edota haurren heriotza-tasak gutxitzeko konpromisoa. 15 urterako kontratua eta hainbat adierazle, bilakaera neurtzeko.

2015. urtea heldu zen eta konpromisoa zabaldu egin behar zen. Geoestrategikoki mundua aldatuz joan da eta iraganean “garatzeke” zeuden herriak, orain, “garatutakoen” alorrean aurkitzen ditugu.

Gero eta ageriago zen munduaren garapena, pobreziaren erronka eta ekosistemaren suntsipena, denon erantzukizuna zela. Horregatik, 17 Garapen Iraunkorrerako Helburuak planetaren plan estrategikotzat ulertu behar ditugu. 15 urterako plana.

Jalgi hadi plazara
Baina, informazioaren aroan Garapen Iraunkorrerako Helburuek funtzionatzea nahi badugu, mundu guztiak ezagutzea behar dugu. Ezin duzu zure eskubideen alde borrokatu, eskubide horiek zeintzuk diren jakin gabe. Ezin dituzu munduko buruzagiak egin behar dutena egiteko konbentzitu, zertaz konbentzitu behar dituzun ez badakizu. Garapen iraunkorrerako helburuak ezagunak egiten badira, ez da erraza izango horiek ahaztea.

Muturreko pobreziarekin amaitzen duen belaunaldia izan gaitezke, historia osoan zehar bidegabekeria eta desberdintasunarekin amaitzeko gehien inplikatutako belaunaldia, eta klima-aldaketaren mehatxupean dagoen azken belaunaldia.

Haurren etorkizuna 17 helburuetan jokoan dago, era transbertsal batean. Horregatik UNICEF, GIH-en betetzearen alde egingo du beti. Umeen eskubideak defendatu eta behin betiko ziurtatzeko aukera paregabea delako.

UNICEF –
Euskal Herriko Batzordea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.