Soziolinguistika Klusterrak ezagutzera eman dituen bere kale- neurketako datuen arabera, gero eta euskara gutxiago entzuten da gure kaleetan. Aipatu azterlanaren arabera, euskararen kale-erabileraren daturik onena 2006an eman zen (% 13,7) baina ordutik hona joera negatiboa nagusitzen ari da eta, azken neurketaren arabera, egun % 12,6an kokatzen da

Soziolinguistika Klusterrak Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketaren VII. edizioan lortutako emaitzen berri eman du. Azterlan horrek hizkuntzen presentzia kuantifikatzen du kalean entzundako elkarrizketa informalak behatuz. Aurtengoa jada aipatu azterlanaren zazpigarren edizioa dugu; lehenengoa 1989an egin zen. Orduan, euskararen kale-erabilera % 10,8koa izan zen, hots, egun baino 1,8 puntu baxuagoa. Azken 28 urteetan, beraz, euskararen kale-erabilera hazi da, baina, azken datuek, poza baino, kezka sortu dute. Izan ere, azken hamar urteetan euskara presentzia galtzen ari da. 2006. urtean egin zen neurketan lortu zuen gure hizkuntzak daturik onena (% 13,7). Ordutik hona, emaitzak apalagoak izan dira: % 13,2 2011. urtean eta % 12,6 2016. urtean.

Datu-bilketa Euskal Herri osoan egin da eta, horri esker, herrialdeetako eta hiriburuetako datuak ere badira. Aurreko urteetan bezala, euskararen kale-erabileraren daturik onenak Gipuzkoan neurtu dira (% 31,1). Hala ere, azken datuekin alderatuta herrialde horretan euskararen erabilerak 1,5 puntu atzera egin duela azpimarratu behar da. Bizkaian hartutako datuen arabera, egungo erabilera % 8,8koa litzateke eta, kasu honetan ere, azken urteetan beherakada eman da, 0,6 puntutakoa, hain zuzen ere. Erabilera kopuru urriagoak izan arren, berri positiboenak Nafarroatik eta Arabatik datoz. Izan ere, bi lurralde horietan euskararen kale-erabilerak gora egin du azken bost urteetan. Horrela, Nafarroan egungo erabilera % 6,7koa litzateke, 2011. urtean baino puntu bat gehiago. Araban, berriz, egungo erabilera % 4,6koa da, aurreko neurketan baino 0,6 puntu gehiago. Azkenik, Ipar Euskal Herrian 1997tik aurrera beheranzko-joera etenik gabea dela azpimarratu behar da eta, ondorioz, azken neurketan inoizko erabilera-indizerik baxuena jaso da (% 5,3).

Hiriburuei dagokionez, euskararen kale-erabilerak euren lurraldetako joera bera izan duela azpimarratu behar da. Salbuespen bakarra Iruñean aurkitzen da, non erabilera bere horretan mantendu den azken hogei urteetan (%2,5 eta % 3 inguruan). Bilakaerarik positiboena Gasteizen eman da: % 0,6ko igoera eman da azken bost urteetan nahiz eta 2006ko datuen azpitik jarraitu, 3,7 eta 4,0, hurrenez hurren. Donostia da daturik altuena azaltzen duena (% 15,2) eta 1989tik hona kale-erabilera ia bost puntutan hazi bada ere, azken hamar urteetan hiru puntutan egin du behera. Bilbon (2,5) eta Baionan (1,9) euskararen erabilera apaldu egin da. Azken bi hiriburu horietan, gainera, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzek euskarak baino datu altuagoa lortzen dute ( 4,7 Baionan eta 3,5 Bilbon). Gasteizen eta Iruñean, berriz, euskararen eta beste hizkuntzen erabileraren kopuruak oso antzekoak dira.

Azterlanak adinaren arabera egiten den erabilera ere bereizten du eta, beste behin, datuek argi uzten dute euskararen etorkizuna gazteriaren esku dagoela. Izan ere, zenbat eta gazteago orduan eta euskararen kale-erabilera altuagoa ematen dela uzten du agerian neurketa horrek. Ikerketa burutzerakoan lau adin talde bereizi dira: haurrak (2 eta 14 urte bitartekoak); gazteak (15 eta 24 urte bitartekoak); helduak (25 eta 64 urte bitartekoak) eta adinekoak (65 urtetik gorakoak). Erabilerarik handiena lehen multzoan ematen da, hots, haurren multzoan (% 18,3). Jarraian, gazteen multzoa aurkituko litzateke (% 12,3). Euskara gutxien erabiltzen dutenak adinekoak izango lirateke (% 8,1). Helduen erabilera % 11,5ekoa da. Kasu honetan, bilakaera nahikoa bitxia izan da. Izan ere, duela 28 urte egin zen lehen neurketan haurrak ziren erabilera mailarik altuena zutenak eta bigarren postuan adinekoak azaltzen ziren. Erabilera mailarik baxuena, berriz, gazteen artean ematen zen. Beraz, etorkizunera begira bada itxaropenerako arrazoirik. Hala ere, Bizkaian eta Ipar Euskal Herrian gazteen erabilera datuak helduen datuen azpitik aurkitzen dira.

Nafarroan eta Araban haur, gazte eta helduen erabilera datuak egonkor mantendu dira mende honen hasieratik eta azken neurketan gora egin du aipatu adin-tarte guztietan.
Txostenean azaltzen denez, haurren presentziak eragin handia du euskararen kale-erabileran. Horrela, erabilera daturik altuenak haurrak eta nagusiak elkarrekin daudenean jaso dira. Ostera, daturik kaxkarrenak nagusiak haurren presentziarik gabe ari direnean jaso dira.

Sexuari dagokionez, azterlanak emandako datuen arabera, emakumeek euskara erabiltzeko joera handiagoa dute gizonek baino. Hori adin tarte guztietan ematen den fenomenoa da, adinekoetan izan ezik. Gainera, azken hiru neurketetan errepikatu den zerbait dela azpimarratu behar da.

Neurketak pasa den urteko udazkenean egin ziren Euskal Herriko 144 udalerritan. Guztira, Soziolingustika Klusterrak azaldu duenez, 187.635 elkarrizketen eta 515.260 solaskideren informazioa bildu da.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.