Ander Añibarro laudiotarra Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendari berria da. Datozen hilabeteetan lan handia izango du IV. Gazte Plana garatzen eta datorren urtean aurkeztu nahi den Gazteria Legea prestatzen. Bere lanaren ardatz nagusiak gazte enplegua eta etxebizitza izango dira, betiere, gazteen bizitza-proiektu independientea bermatzeko xedearekin.

Gazteria zuzendari berria zara. Nolakoa izango da Ander Añibarrok Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendariari edo bertatik garatuko diren politikei egingo dien ekarpena?
Bereziki, gaztetasuna eta gazteen ikuspegia dira egin ahal ditudan ekarpenik handienak. Gazteria Zuzendaritza transbertsala da eta gazteriaren ahotsa bideratu nahiko nuke. Une honetan Euskadiko Gazteria Konseiluarekin (EGK) lanean gabiltza, batez ere, euren ardurak eta kezkak ezagutzeko. Behin horiek jasota dagokien Sailei edo zuzendaritzei emango diegu horien berri.

Eusko Jaurlaritzaren III. Gazte Plana itxi berri duzue eta jada IV.a prestatzen ari zarete. Zein da III. planaren balorazioa eta zeintzuk lirateke plan berriaren ildo edo ardatz nagusiak?
Legebiltzarrean III. Planaren eraginaren ebaluazioa aurkeztu da. Hori ez da aipatu planaren ebaluazio osoa, ditugun adierazleen ebaluazioa baizik. Ebaluazio osoa egiteko programen ebaluazioa egitea faltako litzateke. Hil honen amaieran horren berri ematea espero dugu. Legebiltzarrean aurkeztu den eragin ebaluazioan ikusi ahal izan dugunez, III. Planean zehaztutakoa % 75ean bete da edo betetze bidean da. Kopurua positibotzat jotzen dugu, baina, garbi dago oraindik lan handia egin behar dugula. Izan ere, kontuan hartu behar dugu bere garaian, 2010. urtean, hain zuzen ere, zehaztu zen estrategia, krisi garaian egin zela eta estrategia hori 2020ra arte ezarri dela. Orain, egoera bestelakoa da eta, ondorioz, IV. Plana lantzerakoan zenbait helburu aldatu beharrean gaude; alde batetik, batzuk jada bete direlako eta, bestalde, beste batzuk une honetan ez direlako errealistak.
Ildoei dagokionez, bi lan-ildo nagusi izango dira. Alde batetik, emantzipazioaren lan-ildoa dugu eta, bestalde, ildo soziala. Emantzipazioaren ildoa guretzat estrategikoak diren hiru ataletan banatu dugu: hezkuntza, enplegua eta etxebizitza. Horiek landuz gazteen bizitza-proiektu independenteak sustatu nahi ditugu. Ildo sozialean, berriz, osasuna, ingurumena eta bestelako kontuak sartuko lirateke.

Une honetan zirriborroa besterik ez dugu. Hainbat batzar tekniko burutu ditugu eta datozen asteetan batzar politikoak ere izango dira ekarpenak jasotzeko.

Plana osatzeko gazteon iritzia hartuko duzue kontuan? Nola sustatuko da horien parte hartzea planaren prestaketan?
Aholkularitza teknikoarekin bi work-café antolatuko ditugu. EGKrekin izan ditugun bileretan, haiek ere euren kideekin antzeko topaketa bat egitea interesgarria izango zela azaldu genien. Bestalde, gure web orrialdean parte hartzeko prozedura bat ere zabalduko dugu. Jakin badakigu gazte guztiak ez direla gure jardueretara hurbiltzen eta EGK-k ere erakunde zehatz batzuk ordezkatzen dituela. Horregatik, norbanako gazteen iritziak jasotzeko leiho bat zabalduko dugu gure web orrialdeetan. Azken finean, erakundeetan lan egiten dugunontzat zaila izan ohi da erakunderen edo talderen baten barruan ez diren gazte horien guztien iritziak ezagutzea. Horregatik, aipatu dudan tresna horrez gain, sare sozialen erabilera ere funtsezkotzat jotzen dugu gazte horiekin guztiekin ahalik eta harreman zuzenena izateko. Sare sozialek aukera paregabea ematen digute gazteekin harremanetan jartzeko.

Hainbat urtez, Gazteria Zuzendaritza Kultura Sailaren barruan izan da. Orain, berriz, Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailaren barruan da. Aldaketa horrek aipatu dituzun ardatz horiei hobeto erantzuteko egin al da?
Erabakia Urkullu Lehendakariak berak hartu zuen zuzenean, harentzat gazteria lehentasun bat baita. Orain arte, gazteria politikak, nagusiki, aisialdian oinarritu izan dira, baina, azken urteetan pairatu dugun krisia dela eta, eta horrek gazteongan izan duen eragina ikusita, aldaketa baten beharra ikusi da eta, hor datza, hain zuzen ere, Gazteria Zuzendaritza Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailera pasatzeko arrazoi nagusiena. Kontuan izan behar dugu gazteria bera ez dela talde guztiz homogeneoa eta adinaren arabera, beharrak edo kezkak guztiz desberdinak direla. Guk 12 eta 30 urte bitarteko gazteekin egiten dugu lan, baina zenbait politiketan 35 urte bitarteko gazteak ere aintzat hartzen dira.

EAEk Europan den emantzipazio-adinik altuenetakoa du, langabezia-tasa ere nahikoa altua da, lan baldintza kaxkarrak… Ba al da baikor izateko arrazoirik?
Nire ustez badira baikor izateko arrazoiak. Hainbat adierazle garrantzitsutan joera positiboa ematen ari da azken hilabeteetan: gazteen langabezia.tasa, lana galtzeko edo baldintzak okertzeko arriskua, lana aurkitzeko itxaropena, atzerrira joan beharraren asmoa… Bestalde, gazteek gero eta trebakuntza maila handiagoa dute. Egia da egoera duela zenbait urte baino hobea izanik oraindik lan handia egin behar dela. Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailak irailean Enplegu Plana aurkezteko asmoa du eta, bertan, gazte enplegurako atal berezi bat izango da. Gure Sailaren leloa ‘Enplegu gehiago eta hobea’ da. Lehentasuna langabezia-tasa jaistea da, bai orokorra bai gazteena. Langabezian eman den beherakada, bereziki, gazte enpleguari esker izan da, hots, lan-merkatuan berriki sartu diren horiek, nagusiki, gazteak izan dira. Kopuruetan ez ezik, lan baldintzetan ere lan handia egin behar da. Duela bi urteko datuen arabera gazteon lan-baldintzak ez daude gizarte osoak dituen lan-baldintzen maila berean. Hori zuzentzeko hainbat ekimen jarriko dira abian.

Azken urteetan gero eta gehiago dira atzerrira joan diren gazteak. Zein da gai horren inguruan duzun iritzia?
Ez daude datu zehatzak gai horren inguruan. Guk ditugun datuen arabera, atzerrira joaten diren euskal gazte horietatik guztietatik bakarrik % 10 inguru dira behartuta edo hemen ez duten aukera baten bila atzerrira joaten direnak. Gehienak beste hizkuntza batzuk ikastera edo euren trebakuntza zabaltzera joaten dira. Atzerrira joan diren horien artean, beraz, gehiengoa nahita joan da, hots, erabaki pertsonal baten ondorioz. Eusko Jaurlaritzan gai horren inguruko hausnarketa burutu da eta, kasu gehienetan, gazteek hala adierazi dutelako, asmoa bueltatzea da. Hori ikusita, gure lana itzulera hori erraztea da eta, horretarako, Lanbideren bidez, ‘Gazteen Itzulerarako Programa’ garatuko da. Programa horren xedea atzerrian zein Estatuko beste Autonomia Erkidegoetan diren gazte horiei kontratu batekin gurera itzultzeko aukera ematea da. Horretarako, mota horretako kontratuei pizgarri bat emango zaie. Une honetan, adibidez, Jaurlaritzatik badira atzerrian den talentua berreskuratzeko hainbat programa, adibidez, ‘Landhome’ delakoa. Guretzat atzerrira joatea gauza positiboa da eta hori ere sustatzen da Global Training bezalako beken bidez. Kontua da atzerrira behartuta joan behar ez izatea eta, behin han egonda, hala nahi izanez gero, bueltatzeko aukera izatea.

Aipatu dituzun lan ildo nagusi horiez gain, ba al da zuri bereziki kezka sortzen dizun beste gairen bat?
Bai noski. Badira jorratu beharreko beste hainbat gai. Adibidez, Osasun Sailarekin batera kontsumoen inguruan programa zehatzak garatzeko asmoa dugu. Sexismoari dagokionez, Lanbiderekin eta EGKrekin lanean ari gara esparru horretan aurrerapausoak emateko. Lehen aipatu dudan 2020 Gazteria Estrategia horretan, guztira, 29 helburu zehazten dira eta, horietatik, batzuk jada bete dira eta beste batzuk, berriz, birpasatuko ditugu euren egokitasuna zehazteko.

Uda partean izanik auzolandegiez hitz egin behar. Pozik al zaude egun auzolandegiek duten dinamikarekin?
Gure gazteen presentzia Auzolandegietan funtsezkoa da guretzat. Hor dugun arazoa honakoa da: gazteek nahiago dutela kanpora joan, bai Estatuko beste auzolandegietara bai atzerrikoetara. Uda honetan 80 euskal gazte joan dira atzerriko auzolandegietara eta beste 100 inguru lankidetza programen barruan. Estatuko auzolandegietara, berriz, 200 inguru izan dira joan direnak. Parte-hartzea, beraz, positibotzat jo daiteke. Gure kasuan, bertako auzolandegietan dugun arazoa da kanpoko gazteak ez direla etortzen. Lan handia egin behar dugu kanpoko gazteak erakartzeko. Antolatzen ditugun nazioarteko auzolandegien kasuan, berriz, arazo handia dugu Injuverekin. Injuvek ez ditu atzerriko gazteak lortzen.

Azkenik, Gazteria Legea aurkezteko asmoa duzue legealdi honetan. Zelan dago lege horren egoera?
Artolazabal sailburuak 2018. urteko lehen erdian Legebiltzarrean Gazteria Legearen zirriborroa aurkezteko konpromisoa hartu zuen. Lege horretan gazteriari buruzko eskuduntzak, orain transbertsalak direnak, eta zerbitzuak arautzen dira. Lehenengo zirriborroa jada prestatuta dago, baina, oraindik askoz gehiago landu behar da. Beste zuzendaritzekin, aldundiekin eta EGKrekin hausnarketa-prozesu bat zabalduko dugu proposamena fintzeko. Baikor izanda, 2019an Legebiltzarrean eztabaidan izango litzateke eta legealdi honen amaierarako onartuta egon daiteke. Onarpena Legebiltzarraren baitan dago eta adostasuna lortu dugulakoan gaude. Kontuan hartu behar da Legebiltzarreko gehiengoak jada lege horren beharra azaldu duela.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.