Nafarroako Gobernuak gazteon emantzipazioa sustatu nahi du

Nafarroako Foru Gobernuarentzat gazteria lehentasun bat da. Berriki, Gazteria Foru Estrategia 2017-2020 eta II. Gazteria Plana 2017-2019 onartu ditu eta, tresna horien bidez, bereziki, gazteen emantzipazioa sustatu nahi da. Bestalde, emantzipazioaz gain, bizitza osasuntsu baten garapena, parte-hartzea eta gizarteratzea ere sustatu nahi dira. Aipatu tresna horiek Nafarroako gazteek dituzten kezka eta beharrei erantzuteko garatu dira eta horiek aurrera eramateko Gobernuko sail guztien lana beharrezkoa izango da. Horrela, aurreikusten diren ekintzen artean etxebizitzarekin, trebakuntza eta hezkuntzarekin eta enpleguarekin zerikusia dutenak azpimarratu beharko lirateke. Horiek guztiak plana prestatzeko egin diren diagnosi saioetan antzemandako kezka eta arazoei erantzungo diete. Aipatu saio horietan 3.000 gazte baino gehiagok hartu zuen parte.

Gobernuak ezagutzera eman duenez, II Gazte Planak lau ardatz edo lan ildo nagusi izango ditu: Emantzipazioa (hezkuntza, enplegua eta etxebizitza); Norbanakoaren garapena (Osasuna, Kultura eta Kirola); Sozializazio prozesua (parte-hartzea eta elkarbizitza); eta, azkenik, Nortasun indibidualaren eta kolektiboaren garapena (Gizarteratzea eta aniztasuna, berdintasuna eta lurralde-garapena). Horiekin batera, zeharkako hiru ardatz ere zehaztu dira: euskara, genero berdintasuna eta gizarte-inklusioa.

Gaur egun, Nafarroan 14 eta 30 urte bitarteko 110.000 gazte inguru bizi dira. Guztira, biztanleria osoaren % 17 inguru gaztetzat jo daiteke eta azken urteetan izan den kopururik baxuena dela azpimarratu behar da. Horietatik guztietatik, erdia baino gehiago (% 56,9) Iruñerrian bizi da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.