‘Porno eskola’ ekimenaren sortzaileak. Iratxe, Jon eta Endika Gilek pornografiari buruzko gida didaktiko bat sortu dute. Proiektua Gasteizko Udalak antolatutako Haziak ideia-lehiaketaren barruan garatu da eta pornografia kontsumitzen duten gazteei eduki horietatik zeintzuk diren pedagogikoak eta zeintzuk ez bereizteko tresnak eskaini nahi dizkiete

‘Porno eskola’ izeneko proiektua garatu duzue. Zertan datza ekimen hori?
Ekimena Gasteizko Udaleko Gazteria Sailak antolatzen duen Haziak izeneko ideia-lehiaketan aurkeztu genuen. Proiektua sexu-hezkuntzarako tresna bat da. Funtsean, kontzeptu-mapa da eta hainbat euskarritan aurkeztu dugu: liburuxka bat, web orrialde bat… Gainera, web orrialdean unitate didaktikoak lantzeko aukera ere bada. Nagusiki, lau izan dira jorratu nahi izan ditugun ideiak eta horietako bakoitzak unitate didaktiko propioa du. Ideia horiek lirateke: Pornografia egungo sexu-heziketa al da?, Sexu-heziketarako eredu egokia al da pornografia?, Irudimena lantzeko balio al du?, eta porno feminista.

Tradizionalki, nerabe edo gazteen artean sexualitate kontuak lantzea gauza zaila izan da. Nolabait, gai tabu baten aurrean gaudela esan daiteke. Zein izan da, zuen kasuan, egin duzuen gerturapena?
Egungo gazteek oso informazio gutxi dute sexualitatearen inguruan. Ideia horretatik abiatuta ekimen hau garatzea bururatu zitzaigun. Kontua da, ongi diozun bezala, gai hau, oraindik ere, tabutzat hartzen dela eta, ondorioz, gazteek ez dute euren gurasoengana edo bestelako pertsona helduengana jotzen sexuaren inguruan jakin nahi duten hori galdetzera. Jakin-min hori asetzeko biderik errazena Internetera jotzea da eta han informazio ugari aurkitzen dute. Arazoa da gazteek ez dutela trebakuntza nahikorik sarean jasotzen duten informazio hori guztia behar bezala prozesatzeko eta, ondorioz, sarritan, eredu okerrak edo ez-zuzenak garatzen dituzte.

Internet da, beraz, sexu kontuetan gazteek duten informazio-iturri nagusia?
Garatu dugun maparen lehen galdera, hain zuzen ere, horren ingurukoa da. Zehazki, Internet euren sexu-heziketarako lehen tresna den ala ez galdetzen zaie eta ikusi ahal izan dugun moduan, hala da. Horrek, berez, ez du zertan negatiboa izan behar, baina gazteek pedagogikoak diren edukiak eta pedagogikoak ez diren horiek bereizten ikasi beharko lukete. Kontuan izan behar dugu, eta hala baieztatu dute zenbait ikerketak, gazte askoren kasuan sexuarekin duten lehen harremana film pornografikoen bidez izan ohi dela.

Ekimenaren izena deigarria egiten da. Izan ere, printzipioz uztartzen zailak diren bi kontzeptu bildu baitituzue bertan: pornografia eta eskola. Nola bururatu zitzaizuen izen hori?
Hasiera batean beste izen bat genuen buruan: Pornografiari buruzko gida didaktikoa. Luzeegia eta teknikoegia zela uste genuen eta buelta bat eman nahi izan genion. Askok esan digute izena komertzialegia dela eta, egia esan, hori ez da gure asmoa izan. Azken finean, proiektuaren bi alderdi nagusiak elkartu edo uztartu nahi izan ditugu: pornografia eta eskola. Izan ere, gure asmoa da garatu dugun eduki hori eskoletan aurkeztea.

Orain arte, maiz azaldu da pornografia hitza. Zuen proiektuan sexualitatea modu zabalean jorratzen duzue ala bakarrik pornografian zentratu zarete?
Gu bereziki pornografian oinarritu gara. Sexologiaz hitz egiteko badira aholkularitza espezializatuak. Sexologiarena hain esparru zabala denez, guk pornografiak gazteengan duen eraginean zentratu nahi izan dugu.

Esparru horretan lan egiten duten aditu gehienek gazteen sexu-hezkuntzan hainbat hutsune daudela adierazten dute. Nolakoa izan beharko luke, zuen ustez, hezkuntza horrek?
Hezkuntza formalean ematen den sexu-hezkuntza, kasu gehienetan, berandu ematen da eta gai zehatz batzuetara mugatzen da: antisorgailuak, haurdunaldiak… Printzipioz, jaso beharreko informazioa dela uste dugu, baina pausu bat gehiago ematea falta dela deritzogu. Adibidez, kondoi bat jartzen ikastea erabilgarri izan daiteke, baina horretarako kondoi horren erabilpena ere negoziatzen ikasi behar da.

Pornografiaren kontura bueltatuz, film pornografikoak ikustea gomendatuko zeniekete gazteei?
Gu ez gara horretan sartu. Gazteak aske dira eduki pornografikoak ikusteko ala ez. Baina eduki horiek ikustea erabakitzen duten horiek garbi izan behar dute kasu gehienetan hor azaltzen dena ez dela pedagogikoa. Mainstream pornografiaren kasuan, gazteek ikusi behar dute hor islatzen dena matxista eta biolentoa dela. Gainera, bertan azaltzen diren gorputz ereduak ez dira errealitatean aurkituko ditugun horiek. Horregatik, gazte batek bere sexualitatea eraikitzerakoan pornografia komertziala eredutzat hartzen badu, seguruenik hainbat frustrazio izango ditu, azken finean, sexua ez baita film horietan azaltzen den bezalakoa. Eta ideia hori aplikagarria da mutilengan zein neskengan.

Horren aurrean, porno feminista aurkezten duzue alternatiba bezala. Zertan datza bien arteko aldea?
Guk porno feminista hautatu dugu baina porno komertzialaren aurrean badira beste hainbat alternatiba. Porno feministaren kasuan, eta ohiko pornografiarekin alderatuta, aldeak nabarmenak dira. Izan ere, porno feminista emakumeok grabatzen hasi ginen pornografia da, nagusiki, porno tradizionalean emakumea objektu bat besterik ez delako. Porno feministan, berriz, emakumearen sexualitateak ere garrantzia hartzen du. Bertan azaltzen diren gorputzetan ere aldea nabarmena da. Gainera, grabatzen diren harremanak naturalagoak edo errealagoak dira (kasu gehienetan ez dago ediziorik). Adibidez, pornografia feministan adostasunaren kultura lantzen da, hots, bertan jazotzen den guztia adostuta dago eta adostasun horretara iristeko prozesua ere ikusten da.

Ekimena hil honen amaieran aurkeztuko duzue. Zein izango da, hortik aurrera jarraitu nahiko zenuketen ibilbidea?
Gure asmoa ikastetxeetara heltzea da. Ekimena ahalik eta praktikoena izatea nahiko genuke eta horretarako, gazteekin lan egiten duten horiengana iritsi nahiko genuke, baita gurasoengana ere.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here