James Webb teleskopioak Unibertsoaren sorrera ezagutzeko aukera emango du

Unibertsoak 13.700 milioi urte inguru ditu. Urte horietan guztietan etengabe aldatu da, baina zientzialariek badute bere sorreran Unibertsoa nolakoa zen ezagutzeko aukera. Izan ere, datorren urtean abian jarriko den James Webb teleskopioari esker, zientzialariek Unibertsoak 265 urte zituenean nolakoa zen ezagutzeko aukera izango dute. NASAk, ESAk eta CSAk garatu duten teleskopioak azken aurrerapen teknologikoak ditu eta, horiei esker, orain arte gizakiontzat ezkutuan izan diren Unibertsoaren hainbat eremu ikusteko aukera izango da. Printzipioz, ikerketa jada Hubble teleskopioarekin ikertu den eremu batera mugatuko da. James Webb teleskopioak ematen dituen aukerei esker, Hubblekin ikertutako eremutik haratago ikusteko aukera izango da eta, ondorioz, denboran atzera ikusteko aukera ere izango da. Zientzialariek ezer gutxi dakite Big Bang ondoren Unibertsoaren bilakaera arautu duten printzipioen inguruan. Denboran zenbat eta atzerago joan orduan eta aukera gehiago izango dute zientzialariek printzipio horiek ulertzeko.

Adituek azaldu dutenez, James Webbek Hubblen ezaugarriak biderkatzen ditu eta horri esker, 2.500 galaxia berri inguru aurkitzea espero da. Egun den teknologiarekin ia ezinezkoa da denboran atzerago begiratzea. Gainera, bada zientzialariek ezagutzen duten muga bat. Izan ere, Big Bang eman zenetik hurrengo 300.000 urtetan Unibertsoa opakua omen zen eta ondorioz fotoiek ezin zuten puntu batetik bestera mugitu. Horrek ezinezkoa egiten du garai horretan jazotakoa ‘ikustea’.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.