Gazte askorentzat arriskuak hartzea merezi du

Gazte askok jarrera arriskutsuak mantentzen dituzte horien kaltearen berri izan arren. Gehiegizko alkohol-kontsumoa, porroak erretzea, baimendutako abiaduratik gora gidatzea edo sexu-harremanak inolako antisorgailurik gabe mantentzea dira, adibidez, gazte askok errepikatzen dituzten jokabideak. Zergatik egiten dute hori? ‘ProyectoScopio’ izena duen ikerlan baten arabera aipatu jarrera edo jokabide horiek suposatzen duten arriskua trukean jasotzen duten konpentsazio sozial eta esperimentalarekin orekatzen dute. Ikerlanak azpimarratzen duenez, mutil gazteek aipatu jokabideetatik eratorritako arriskuak hartzeko joera handiagoa dute neskek baino.

Alkoholaren kasuan, adibidez, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 41,4k mozkortzea merezi duela adierazten du. Alkoholaren kontsumotik eratorritako arriskuak hartzeko prest azaltzen diren gazteen profil nagusia honako hau litzateke: bigarren mailako ikasketak dituzten 25 urteko gizonak, erdi mailako edo maila baxuko gizarte-klasekoak eta bakarrik edo gurasoekin bizi direnak.

Drogen kontsumoari dagokionez, inkestan parte hartu duten gazteen % 43,5ak garbi du horrelako kontsumoak arriskutsuak direla. Hala ere, gazteen % 40k ez du horrelako arriskurik antzematen eta seguru sentitzen da drogak kontsumitzean. Horrela, gazteen % 23,2k porroak erretzea merezi duela adierazten du. Kasu horretan ere, kontsumitzaile ereduan mutilak nagusitzen dira. Kokaina edo pilulak bezalako kontsumoen kasuan, aldiz, arriskuak merezi duela uste duten gazteen kopurua % 6,9koa da.

Azterlanak aztertu duen beste jokabide bat gidatze ausartegiarena da. Kasu horretan ere inkestak datu kezkagarriak utzi ditu: gazteen % 12k alkohola edan ondoren gidatu duela onartzen du, % 8k porroak erre ondoren eta % 3 droga estimulagarriak hartu ondoren. Jokabide horiek ohikoagoak dira 25 urtetik gorako mutilen artean. Jokabide hori sarritan errepikatzen bada ere, gazte gehienek horrelako jokabideek ez dutela merezi adierazten dute. Azkarregi gidatzearen aurrean, aldiz, gazteak arrisku hori onartzeko joera handiagoa azaltzen dute.

Sexu harremanei dagokienez, gazteen % 26k harremanak beti edo ia beti preserbatiborik gabe mantentzen dituela onartzen du. Jokabide hori normalagoa omen da bikotekidearekin bizi diren 20 urtetik gorako gazteeen artean. Gazteen % 40 inguruk jokabide horiek arriskutsuak direla onartzen du, baina % 15 arrisku hori hartzeko prest azaltzen da.

Azkenik, ProyectoScopiok IKTen erabilera edo arrisku-kirolen praktika ere aztertu du. IKTen kasuan, arrisku handienak sare sozialen erabileran aurreikusten dira. Hala ere, gazteen % 38k (maila altu edo ertain batean) sare horietan irudi erotikoak partekatzea merezi duela uste du.

Arrisku-kirolen kasuan, parakaidismo, rafting edo motokross bezalako kirolak egitea ontzat jotzen du gazteriaren % 76,6k.