30 urte garapenaren arazoen aurrean pentsamendu kritikorako konpromisoa berrituz. Hegoa diziplina ezberdinetako 40 irakaslek, lau ikerlari predoktoral eta postdoktoralek, 12 teknikarik eta laguntzaile sare zabal batek osatzen dute.

UPV/EHUko Hegoa Institutuak 30 urte bete berri ditu. Hitz egin dezagun hastapenen inguruan. Nola sortu zen Hegoa sortzeko ideia?
1987. urtean, unibertsitatean sartu berriak ziren irakasle batzuek, lankidetza esparruan lan egiten zuten teknikari batzuekin batera, egun Hegoa Institutua dena sortzea erabaki zuten. Pertsona horiek, Latinoamerikan ibiliak ziren lankidetza proiektuetan, nagusiki, El Salvador, Nikaragua eta Bolivian. Kontuan izan behar da garai horietan gatazka handia bizi zutela aipatu herrialdeetan eta Euskal Herritik asko izan ziren hara laguntzera joan zirenak. Aipatu irakasle horien ustez interesgarria izan zitekeen Euskal herrian bertan garapena eta lankidetza jorratuko zuen ikerketa-zentro bat izatea. Horretarako, jada Europan ziren antzeko zentroak hartu zituzten eredutzat. Alemania, Erresuma Batua edo Belgika bezalako herrialdeetan garapen-ikasketak jada nahikoa ezarrita zeuden. Behin proiektua garatu ondoren, proposamena luzatu zitzaion unibertsitateari, eta, horrela, Garapen eta Nazioarteko Lankidetzari buruzko Dokumentazio-Zentroa sortu zen. 1992. urtera arte itxaron beharko da Institutua bilakatzeko.

Hegoaren hasierako xedea Euskal Autonomia Erkidegoan lankidetzari eta garapenari buruzko sentsibilizazioa handitzea eta trebakuntza garatzea izan zen. Izan ere, garai horretan euskal garapenaren lankidetzarako sorrera eman zen. Hegoa sortu eta urtebetera zenbait GKEk lankidetzarako aurrekontu bat eskatu zioten Eusko Legebiltzarrari eta hori euskal lankidetzaren politika publikoen sorburutzat hartzen da.

Zeintzuk lirateke gaur egun jorratzen dituzuen lan-ildo nagusiak?
Hegoa Institutuak hainbat alor lantzen ditu. Nik bost alor nagusi azpimarratuko nituzke: ikerketa, argitalpenak, trebakuntza, dokumentazio-zentroa eta aholkularitza.

Ikerketaren barruan 6-7 ikerketa talde ditugu. Jorratzen diren gaien artean, adibidez, honako hauek aurkitzen dira: garapenerako lankidetza eta politika publikoen koherentzia, gatazkak eta bake-eraikuntza, ekonomia sozial eta solidarioa, kooperatibismoa, feminismoa eta generoa, ingurumena eta hezkuntza kritikoa. Gainera, Hegoak badu doktoretza programa bat, garapen-esparruan estatuan den horrelako programa bakarra. Une honetan, 87 tesi matrikulatuta daude.

Argitalpenei dagokionez, hainbat lerro ditugu, baina bi azpimarratu nahiko nituzke. Alde batetik, badira lan-koadernoak eta, orain arte 73 argitaratu ditugu. Bestalde, berriki, ‘Hegoak zabalduz’ izena duen euskarazko ildo berria zabaldu dugu. Ildo hori online gauzatzen da eta unibertsitateko ikasleei zuzentzen zaie. Orain arte bost lan argitaratu dira eta beste bost prestatzen ari gara. Lan horiek irakaskuntzan erabiltzeko material aproposa direla uste dugu, besteak beste, ikuspegi orokorrago bat ematen dutelako.

Trebakuntzari dagokionez, 3 master antolatzen ditugu eta horietako bi master ofizialak dira. Guretzat oso garrantzitsua da jakitea UPV/EHUk eskaintzen dituen master guztien artean gureak arrakastatsuenen artean aurkitzen direla. Urtero ehunka ikasle aurrematrikulatzen dira eta aurten ia 400 pertsonak eman dute izena.

Dokumentazio-zentroa ere gure lan-ildo nagusienetako bat da. Hegoak badu 20.000 erregistro inguru dituen online liburutegi bat. Bertan diren baliabide guztiak zabalik daude mundu guztiarentzat eta, pasa den urtean, adibidez, 1,2 milioi dokumentu baino gehiago deskargatu ziren. Horietako asko Latinoamerikatik egin ziren eta, beraz, gai horretan, nolabait, erreferente ere bagarela esan daiteke.

Azkenik, aholkularitza-zerbitzua eskaintzen diegu EAEko hainbat erakunde publikoei. Horri esker, aipatu erakundeek gai horien inguruko euren politikak diseinatzen dituzte.

Buelta gaitezen lehen urte horietara. Jada aipatu duzun moduan oso urte interesgarriak izan ziren politikoki (Guda Hotzaren amaiera…) Zeintzuk ziren urte horietan garapenaren eta lankidetzaren esparruan kezka nagusiak?
Ongi diozun bezala, urte horietan historiaren kapitulu bat itxi zen, hots, Guda Hotzarena. Kontuan izan behar dugu aurreko urteetako mundu mailako politika guztia fenomeno horren baldintzapean izan zela. Hala ere, jada aurreikusi zitekeen prozesu bat izan zen; ez zen sorpresa handia izan. Urte horietan inflexio puntu bat eman zen eta hortik aurrera, ideien esparruan, globalizazioa sortu eta areagotzen hasi zen. Hori dela eta, merkatuen garrantzia biderkatu egin zen eta, horrekin batera, estatuen garrantzia edo boterea ahultzen hasi zen. Oro har, ortodoxia neoliberala nagusitu zen eta, horren aurrean, planteamendu alternatiboak eraikitzen hasi ziren. Kontuan izan behar dugu garapena ez dela soilik hazkunde ekonomikoa; garapenaren barruan ingurugiroaren jasangarritasuna edota giza-garapena ere aintzat hartu behar dira.

Azken hamarkadetan mundu osoan eragin nabarmena izan duen globalizazioaren fenomenoa bizi dugu. Nola eragin du horrek garapenaren eta lankidetzaren esparruan?
Azken hiru hamarkadetan modelo neoliberala nagusitu dela ikusi dugu. Nagusitasun hori dela eta hainbat aldaketa izan dira mundu osoan. Adibidez, ezberdintasunak edo aldeak areagotu egin dira, baina ez bakarrik herrialde ezberdinen artean, baita lurralde bereko giza taldeen artean ere. Horren adibide garbia dugu gizon eta emakumeen artean egun den arraila. Aldi berean, lanaren prekarizazioa ere emana da. Gaur egun, lanean den jendea ere pobrea da. Baina seguruenik, eragin handiena izan duen edo izango duen krisia ingurumenarena izango da. Antropozeno izeneko aro batean bizi gara, non gizakion eraginez gure planetaren oreka kolokan jarri den. Gizadiak aurre egin behar dion erronkarik garrantsitsuena dela uste dut, azken finean, gure etorkizuna arriskuan baita.

Paradoxikoki, azken hamarkada hauetan ibilbide zirkular bat egin dugu eta, nolabait, hasierako laukitxora bueltatu gara. Duela 30 urte, ziurgabetasuna nagusi zen munduan. Pasa den mendearen 90eko hamarkadan ziurgabetasun horri nolabaiteko irtenbidea eman zitzaion, besteak beste, hainbat arazoen inguruan egin ziren gailurrekin etab. Hala ere, ziurgabetasun egoera batera bueltatu gara, nagusiki, irailak 11ko atentatuen ostean segurtasunaren inguruko obsesio bat dagoelako.

Historikoki, lankidetza-esparrua iparra/hegoa eredu batean oinarritu izan da, segurenik, kutsu paternalista izan duen eredu batean, hain zuzen ere. Orain, aldiz, benetako lankidetzaz aritu behar dugu, iparraldean zein hegoaldean arazo komunak daudelako. Testuinguru berri honetan, hegoaren eta iparraren arteko muga desitxuratu egin da.

Zuen lana, nagusiki, hiru zutabetan oinarritzen da: garapena, lankidetza eta giza eskubideak. Lehenengo biak eskutik doaz, baina nola uztartzen duzue hirugarren zutabe hori?
Garapenaren xede nagusia da pertsona guztien ongizatea lortzea. Ezin da ongizaterik lortu giza eskubideak bermatu gabe. Ideia hori gero eta hedatuagoa dago. Azken finean, giza eskubideak (baita sozio ekonomiko eta kulturalak ere) babestu eta sustatu behar dira. Hala ere, eta azken hiru hamarkadetan izan den bilakaerari bueltatuta, zoritxarrez, Europar Batasunean bertan ikusi dugu azken urteetan garatu diren hainbat politikak giza eskubideen kontra egiten dutela, nagusiki, immigrazioari dagokionez. Horrek, nolabaiteko erregresioa eragin du gure esparruan eta, ondorioz, planteamendu berriak plazaratu ordez, orain xedea da lortutakoa defendatzea. Erresistentzia-garai batean sartuta gaudela deritzot.

Amaitzeko, Hegoak burutzen duen lanak mundu osoa hartzen du ala eskualde zehatz batzuetan zentratu zarete?
Hasieran azaldu dudan moduan, Hegoak harreman estuagoa izan du bere hastapenetatik Latinoamerikarekin. Afrikaren inguruko gaiek ere garrantzia handia izan dute gure lanean: Hegoafrika, Mozambike, Zimbabwe eta Angola. Baina Afrikaren kasuan, nagusiki, Sahararen inguruan egin dugu lan. Harreman estua dugu Frente Polisarioarekin eta hainbat lan gauzatu ditugu haiekin trebakuntz-esparruan eta giza eskubideen arloan. Azken horretan, adibidez, Carlos Martín Beristainekin eta Aranzadi Elkartearekin (Pako Etxeberria) oso lan esanguratsua egin dugu hobi komunak aurkitzen edota giza eskubideen bortxaketak dokumentatzen.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.