Ordenagailuei esker teklatuak eta saguak ezagutu genituen. Telefono adimentsuekin, berriz, ukipen-pantailak erabiltzen hasi ginen. Hurrengo pausua buruarekin kontrolatutako elkarrekintzak izango dira.

Behin eta berriz errepikatu izan da teknologia berriak gure egunerokotasunean guztiz barneratuta daudela. Hala ere, gaur egun ohikoak iruditzen zaizkigun hainbat ekintza guztiz zaharkituta gera daitezke Neurable izeneko start up batek bere proiektua garatzea lortzen badu. Izan ere, enpresa horrek errealitate areagotuaren esparruan egiten du lan eta bere helburuen artean burua edo adimenarekin egindako elkarrekintzak garatzea aurkitzen da.

Neurable elektrodo lehorrekin lan egiten duen kasko bat garatzen ari da. Elektrodo horiek garunean den aktibitatea arakatu eta software berezi bati esker, ordenagailuak erabiltzaileak zer nahi duen ondorioztatuko luke. Teknologia nahikoa garatuta omen dago eta duela zenbait hilabete Neurablek jada buruarekin objektuak mugitzeko aukera ematen zuen joko bat aurkeztu zuen.

Orain, teknologia hori mekanografian ezarri nahi dute. Gaur egun esparru horretan egin diren aurrerapenei esker minutu batean buruarekin zortzi hitz tekleatzea lortu da. Horretarako, inplante masibo bat behar izan zuten. Neurablek, berriz, inbaditzailea ez den teknologia bat erabili nahi du marka hori hausteko. Lehen etapa batean helburua da segundo bakoitzeko letra bat idatzi ahal izatea. Momentuz ez da oso abiadura handia baina teknologia horren hastapenetan besterik ez gaudela gogoratu behar da. Etorkizunean, Adimen Artifizialari esker, letra bakoitza idazteko beharrezkoa den denbora nabarmen murriztuko dela espero da. Gainera, sistema erabiltzaileak idatzi nahi duen hori iragartzeko gai ere izango dela uste da.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here