Zergatik edaten dugu botilako ura?

Urre urdina. Ura izen horrekin ere ezagutzen da, azken finean, negozio ederra ere baita. Kontuak garbiak dira: botilako litro bat urak balio duen prezioagatik (euro bat) txorrotako mila litro ur lor ditzakegu. Hala ere, gero eta botilako ur gehiago kontsumitzen da eta, hainbat jatetxetan, adibidez, berariazko karta ere badute.

UNICEFek eta Munduko Osasun Erakundeak ezagutzera eman dituzten datuen arabera, munduan 663 milioi pertsona inguruk ez du edangarria den ura edateko aukerarik. Espainian bakarrik, mila milioi euro baino gehiago gastatzen dira botilako ura erosten. Botilako uren enpresak batzen dituen ANEABE erakundearen estatistiken arabera, estatuan, batez beste, pertsona bakoitzak 120 litro ur mineral edaten ditu urtero. Gehien kontsumitzen den edaria omen da eta Europan badira botilako ura-kontsumo handiagoa duten herrialdeak. Berez, Espainia gehien kontsumitzen duen bosgarren herrialdea da eta ekoizpen mailan, laugarrena.

Ezinbesteko elementua

Esan bezala, animalia espezie guztiek, neurri batean edo bestean, ur gezaren edo ur gaziaren beharra dute. Behar hori aztarna hidrikoa izenarekin ezagutzen da. Printzipioz, gizakiontzat bakarrik erabiltzen da. Izan ere, gizakiok gara gure bizi-iraupenerako beharrezkoa dugun ur kantitatea nabarmen gainditzen dugun espezie bakarra. Ildo horretan, Nueva Cultura del Agua Fundazioak, adibidez, lau kategoria etiko bereizten ditu:

  • bizitza (edangarri den gutxieneko ur kantitatea, saneamendu-sarerako ura, elikadura-burujabetza bermatzeko beharrezkoa den ura eta ekosistemak bizirik mantentzeko ura);
  • komunitatea (hornikuntza eta saneamendu zerbitzu komunitarioak);
  • ekonomia (ekoizpen-prozesuak garatzeko beharrezkoa den ura);
  • delitua (gehiegizko praktikak, prozesu ez jasangarriak, akuiferoen kutsadura).

Gure gizartean hirugarren eta laugarren kategoriek lehentasuna dutela dirudi, paradoxikoki, lehenengo bien aurretik. Horrek hainbat pertsonen eta beste espezieen iraupena arriskuan jartzen du. Kasurik esanguratsuena Fiji marka duen urarena dugu. Luxuzko ura da eta izen bera duen Ozeano Bareko uhartean den iturburu batean lortzen da. Bere prezioa Europan 9 euro ingurukoa da, baina bitartean, uharte horretako biztanleek ez dute ur edangarriaren hornikuntza bermatuta.

Botilako uraren gorakada

Pasa den mendearen 70eko hamarkadan edari-konpainiak ohartu ziren freskagarriak modu mugatuan soilik kontsumitu zitezkeela. Horrek, muga bat jartzen zien euren etorkizuneko salmentei. Egoera edo muga hori gainditzeko, botilako ura merkaturatzen hasi ziren. Hasierak ez ziren errazak izan, jendea ez baitzegoen prest iturritik doan lor zezakeenaren zerbaiten truke ordaintzeko.

Baina, negozioak negozioak dira, eta berehala azaldu ziren iturriko ura hain osasuntsua ez zenaren inguruko kanpainak. Horren aurrean, botilako ura bizitza eredu osasungarriaren ikono bilakatu zen.

Horrela, hasieran isekak eragiten zituen negozioa, azken hamarkadetan, diru gehien mugitzen duen ondasunetako bat bilakatu da. Uraren aurretik bakarrik petrolioa eta kafea aurkituko lirateke. Eskualdeka aztertzen bada, zenbait kasutan botilako ura txorrotakoa baino 250 eta 2.000 aldiz bitartean garestiagoa dela ikus genezake. Gainera, ekoizpen-fase guztietan jasangarria ez dela azpimarratu behar da: PET ontzien ekoizpena, horien garraioa, plastikoen hondakinak…

Aipatu dugun ur-aztarnari dagokionez, botilako 1,5 litro ur ekoizteko 8 litro ur geza behar dira. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen arabera, botilako ura ez da inolaz ere, txorrotakoa baino osasuntsuagoa eta, zenbait kasutan, kutsatuagoa dagoela egiaztatu ahal izan da. Izan ere, enpresaren arabera txorrotako ura botilakoak baino kontrol zorrotzagoak pasatu behar ditu.

Datu horien guztien aurrean, gero eta gehiago dira txorrotako uraren kontsumoa aldarrikatzen duten ahotsak. Pasa den urtean, adibidez, Bizkaiko eta Bilboko Ur-Partzuergoak ‘H2O Bilbao, mesedez!’ izeneko kanpaina jarri zuen martxan. Kanpaina horrek txorrotako uraren kontsumoa sustatu nahi zuen ostalaritzan. Praktika hori oso hedatuta dago kalitate handiko txorrotako ura duten beste hainbat lurraldetan. Zorionez, Euskal Herrian txorrotako uraren kalitatea bikaina da. Orduan, zergatik ordaintzen dugu doan lortu ahal dugun zerbaitengatik?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.