Jaio bezain laster etiketatzen gaituzte: pisua, altuera, neska –gurasoei zorionak!–. Zuri, aldiz, arrosa-koloreko bizitza egokitu zaizu: neskato-arropa (soinekoak, begiztak) eta jostailuak (panpinak edo “andra-kilak”, etxeko-tresnak, printzesa jantziak). Nerabezaroan okerrera doa. Inork ez zizkigun pubertaroak ekarriko lizkigukeen aldaketak ondo azaldu: pubiseko biloak, titien handitzea, hilerokoa… Ez! Ipurdia ez zaigu bat-batean handitzen, beraz, ez gara loditzen; mokor-hezurra zabaldu eta koipez pilatzen da, bai, baina izateko arrazoia du: umetokia prest utzi. Zure aro emankorrak hasiera eman du; hain gazte eta emakume bihurtu zara. Askok ondoeza jasan dugu “neskatasunerako” iragatean (beldurra, lotsa, nazka). Aurrerantzean, gizarteak azterturik sentitzen gara.

Supermerkatuaren apalak emakumea gauza bihurtzen duten elikagaiez beteta daude. Andre prototipo baten gorputzaren (ezinezko) marrek mirari-elikagaiekin lotzen dituzte: detox, diet, light, sbelt, siluette, zero…; gizartearen zentzu matxista areagotuz. Publizitateak baztertuta sentitzen gara, baina, aldi berean, kontsumismoak eraginda. Infoxikazio garaian bizi gara: batetik eta bestetik informazio interesgarria jasotzen dugu, eguneraturik mantentzeko asmoz. Nola alderatu baliagarria dena eta infozaborra dena? Emailarekin egiten duzun bezala, zure spam-erretilua aktibatuz.

Topiko tipikoetan oinarritutako iragarkiak, esaterako, andrearentzat esleitutako rola betikotzen dutenak (familiaren elikadura). Zergatik izan behar du emakumeak femeninoa eta gizonak maskulinoa? Apetek, histeriek mugiarazitako emakumeak erakusten dituztenak. Edertasun-estandarra arrakastarekin erlazionatzen dutenak. Aldaketa fisikoak, akatsa bilakatzen dutenak (zelulitisa, zimurrak); gorputza presionatuz. Emakumea superwoman bihurtzen dutenak: lagun, familiarren behar guztientzako erantzuna dutenak. Edota bilgarriak andere-gorputza irudikatzen dutenean. Mezuak ez dira erraz detektatzen, oso sotilak dira, lege barruan daudenak, baina hamaika mezu subliminalak dituztenak. Nire partetik, puntu negatiboa saltzen, sustatzen edota erosten dituztenei! Orain, sukaldeko apalak begiratu, hozkailua ireki ezazu. Zer dago?

Light produktuak. “Jan eta mokaduak ahaztu. Zaindu ezazu zure linea”. Arin-ura. “Neskatilari gustatuko zaion zerbait iritsi da”. Azukrerik gabeko txokolateak. “I can’t live, if living is without you”, dio iragarkiak; “araurik ez dago hemen, ezta ere, zer esango dutenik”. Beti ere, ezinezko neska batek irudikatuta. Gaurko eta etorkizuneko hezkuntza bermatuz! Laktosarik gabeko produktuak. Intolerantziarik izatekotan erabilgarriak izan daitezke, baina irudiak nori zuzenduta daude? Orokorrean emakumeei (gazte, zahar eta txikitxoei), arazoa izanda edo ez, arina-goa delako! Kontsumismoak bultzatuta eta mesprezatuta sentitzen gara. Infoxikazioa gainditurik zabiltza? Automatikoki ezabatu ala bigarren mailako karpetetara zuzendu.

Andre- edo ar-antza izanda, “bat ez da emakume jaiotzen, bat pertsona bilakatu egiten da”; nahiz eta askok, oraindik ez jakin.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here