AURREKO TXOSTENEN JARRAIPENA. Euskararen Aholku Batzordeak garatutako ‘Euskara 21. Itun berritu baterantz’, ‘Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP)’ eta ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentuetan jasotako ildo eta gogoeten jarraipena da Euskararen Agenda Estrategikoa 2017-2020. ©Unai Beroiz

Euskararen Agenda Estrategikoak euskara gazteentzako erakargarri egin nahi du

Eusko Jaurlaritzak 2020. urte bitartean hizkuntza-politikaren lan-ildoak zehazten dituen Agenda Estrategikoa onartu berri du. Agendak bederatzi helburu estrategiko zehazten ditu, bereziki, erabileran zein ezagutzan sakontzen jarraitzeko.

Euskararen Agenda Estrategikoa 2017-2020 aurreko urteetako dokumentuetan jasotako ildo eta gogoeten jarraipena da eta helburu nagusia euskaldunon kopurua areagotzen jarraitzea izango da. Kuantitatiboki, helburua 788.000 hiztunetan kokatu da. Zentzu horretan, arreta berezia jarriko da gazteengan. Txostenean zehazten denez, 2020. urterako 16 eta 24 urte bitarteko gazteen hiru laurden euskal hiztun izatea lortu nahi da.

Hiztun kopurua hazteaz gain, Agenda Estrategikoak erabilera eta kalitatea ere sustatu nahi du. Hor ere gazteek protagonismoa izango dute, nagusiki, euren aisialdia euskalduntzeko esfortzu berezia egingo baita.

Agenda estrategikoaren beste lan-ildo nagusi bat euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzea izango da. Horretarako, bereziki administrazio publikoan diren hutsuneak zuzentzeko esfortzua egingo da. Izan ere, dokumentu honen eginkizunetako bat da euskararen zehar-lerrotasuna bermatzea, bai administrazioaren eremu guztietan, baita gizartean ere.

Jarraipen Batzorde batek zehaztutako helburuen betetze mailaren jarraipena egingo du. Horretarako, 25 adierazle neurgarri ezarri dira.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here