OHIKO DROGAK ETA DROGA BERRIAK. ‘Drogen inguruko europar txostena 2017’ txostenak agerian uzten duen moduan, droga ilegalen kontsumoa nahikoa zabala da Europa osoan zehar. Joerak behera egin badu ere, azken urteetan hainbat substantzia psikotropiko berri antzeman ditu Alerta Goiztiarrerako Sistemak.

‘Drogen inguruko europar txostena 2017: joerak eta berrikuntzak’ txostenaren arabera, hirugarren urtez jarraian, gaindosien eraginez Europan izan diren heriotzen kopurua hazi da. Txostenean azpimarratzen denez, Europako 93 milioi biztanle baino gehiagok droga ilegalen bat hartu du noizbait. Egoera larriagoa omen da gazteen kasuan, droga berri eta arriskutsu gehiago dituztelako eskura.

Droga eta Toxikomanien Europar Behatokiak prestatzen duen ‘Drogen inguruko europar txostena 2017: joerak eta berrikuntzak’ txostenaren arabera, drogen arazoa gero eta larriagoa da Europan, bereziki, gazteen artean. Gaindosiak direla eta izan diren heriotzen kopuruan izandako hazkundea, substantzia psikotropiko berrien etengabeko agerpena edota potentzia handiko opioide sintetiko berriek sor ditzaketen osasun-kalteak dira, besteak beste, kezka gehien sortzen duten arazoak. Substantzia berriez gain, gainera, Europako gazteen artean kannabisaren eta kokainaren kontsumoak ere gora egin duela ohartzen du DTEBk.

Hirugarren urtez jarraian, gaindosien eraginez izan diren heriotzen kopurua hazi da Europan. Azken datuen arabera, 2015. urtekoak, hain zuzen ere, gaindosien eraginez 8.441 pertsona hil ziren Europan. Heriotza horien artean, nagusiki, heroinaren eta bestelako opioideen gaindosiaren eraginez izandako heriotzak nagusitzen dira. Zenbait herrialdetan, gainera metadonaren (heroinaren tratamendurako ordezko droga) eraginez izan diren heriotzen kopurua heroinak berak eragindakoa baino altuagoa da.

Ohiko drogez gain, substantzia psikotropiko berriek kezka handia sortzen dute europar agintarien artean. Izan ere, droga horiek nazioarteko fiskalizazio mekanismoen kontroletik at aurkitzen dira eta horien kopurua oso altua da. 2016. urtean, adibidez, Alerta Goiztiarrerako Sistemak (AGS) 66 substantzia psikotropiko berri antzeman zituen. 2015. urtean, adibidez, 98 izan ziren antzeman ziren droga berriak.

Txostenaren arabera, droga estimulagarri ilegalen artean Europan gehien kontsumitzen direnak kokaina, MDMA (Extasisa) eta anfetaminak dira (anfetaminak eta metanfetaminak). Kokainaren kontsumoa, adibidez, handiagoa da Europako hegoaldeko eta mendebaldeko herrialdeetan. Datu hori ez da kasualitate hutsa; droga kontinentean sartzeko puntuak eta trafiko-ibilbideak adierazten ditu. Anfetaminen kontsumoa, berriz, handiagoa da iparraldeko eta ekialdeko herrialdeetan.

Txostenaren arabera, 15 eta 64 urte bitarteko 17,5 milioi europar biztanlek kokaina probatu dute noizbait (biztanleriaren % 5,2). Horietatik, 2,3 milioi 15 eta 34 urte bitarteko gazteak izango lirateke. Erresuma Batua (% 9,7), Espainia (% 9,1), Irlanda (% 7,8), Italia (% 7,6) eta Frantzia (% 5,4) dira kokainaren kontsumo-maila handienak dituzten herrialdeak.

Kokainarekin batera kontsumo-maila altuak azaltzen duen beste droga kannabisa da. Txostenaren arabera, 15 eta 64 urte bitarteko 87,7 milioi europar biztanlek kannabisa probatu dute noizbait. Azken urtean kannabisa kontsumitu duten 15 eta 34 urte bitarteko gazteen kopurua 17,1 milioikoa izango litzateke. Txostenean jasotzen denez, europar biztanle helduen % 1 inguruk egunero kontsumitzen du kannabisa. Frantzia (% 40,9), Danimarka (% 35,6), Italia (% 31,9), Espainia (% 31,5) eta Erresuma Batua (% 29,4) dira kannabisaren kontsumo-maila handienak dituzten herrialdeak.

Azkenik, anfetaminen kontsumoari dagokionez, 15 eta 64 urte bitarteko 12,5 milioi europar biztanlek anfetamina probatu dute noizbait. Azken urtean anfetamina edo metanfetamina kontsumitu duten 15 eta 34 urte bitarteko gazteen kopurua 1,3 milioikoa izango litzateke.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here