Josu Lopez de Aretxaga: “Gazteei eskola girotik kanpo euskararen erabileran sakontzeko aukera eman nahi diegu”

EuskarAbentura izeneko egitasmoa aurkeztu berri duzue. Zertan datza egitasmo hori eta nori zuzenduta dago?

EuskarAbentura 2018ko udan Euskal Herria zeharkatuko duen 120 gaztez osatutako espedizioa izango da. Espedizioaren formatua Ruta Quetzalen inspiratuta dago, baina oraingo hau gure errealitatera egokitua dago.

Proiektua 16 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago (2001 eta 2002 urteetan jaiotakoak), eta izena emateko epea martxoaren 18ra arte dago zabalik, baina adi! espedizioan izena eman nahi duten gazteek data horren aurretik hasi beharko dute lanean eta!

Zer egin behar du bertan parte hartu nahi duen gazte batek izena emateko?

Izena emateko gazteek bi dokumentu prestatu beharko dituzte: alde batetik motibazio-gutun bat, zergatik etorri nahi duten azalduz, eta bestetik gure webgunean (euskarabentura.eus) proposatutako gaien inguruko lan bat. Gaiak oso irekiak dira, malgutasun handia egongo da norberak bere gogoko esparrura eroan ahal izateko. Horrez gain, inteligentzia ezberdinei kabida emateko, lanok bost formatu ezberdinetan onartuko dira: historikoa, literarioa, plastikoa, musikala eta ikus-entzunezkoa.

Jasotako lanak Eusko Ikaskuntzaren laguntzarekin ebaluatuko dira eta apirilaren erdialdean gurekin abenturan etorriko direnen zerrenda argitaratuko da. Parte-hartzaileak bekatuak izango dira. Esan beharra dago, abenduan hasi garela zabalkundea egiten, eta uste dugu lana bidaltzen duten gazteek beka jasotzeko aukera handiak izango dituztela. Lehenengo edizio honetan aukeratua izatea hurrengoetan baino errazagoa izango dela iruditzen zaigu, beraz, inor zalantzatan egotekotan lana egitera animatuko nuke.

Zeintzuk lirateke abentura horren helburu nagusiak?

Espedizioa lau helburu nagusitara dago bideratuta. Hasteko, euskararen erabilera sustatzera, azken inkesten arabera euskararen ezagutzak gora egin duelako, baina erabilera datuak ez direlako horren onak. Guk gazteei eskola girotik kanpo euskararen erabileran sakontzeko aukera eman nahi diegu. Bigarren helburua Euskal Herri mailako gazte-sare bat sortzea da, leku ezberdinetako gazteekin elkarbizitzan, errealitate ezberdinak ezagutu ditzaten leku horietako jendearen bitartez: hiri eta herri txikitako gazteak ezagutuz, inguru euskaldun eta ez euskaldunetakoak, Iparraldekoak eta Hegoaldekoak… Diasporatik ere, ahal delarik, bi gazte ekartzeko asmoa dugu. Bestalde, hirugarren helburu nagusia gure herriaren ezagutzan sakontzea da, bai ingurumena, historia, ondarea… Zentzu horretan, Unesco Etxearekin elkarlanean gabiltza, eta Unescok izendatutako gizateriaren ondare ezberdinak ezagutuko ditugu espedizioan zehar. Azkenik, proiektuaren laugarren helburua, gazteen artean balore osasuntsuak sustatzea da, hala nola, elkarbizitza, genero-berdintasuna, turismo arduratsua…

Ezagutzera eman duzuen ibilbideak Done Jakue bidea izango du ardatz. Zer azaldu ahal diguzue ibilbidearen inguruan?

Bai, Done Jakue bidea bera Unescok izendatutako gizateriaren ondare da, eta Euskal Herriko hiru bide nagusiak baliatuko ditugu zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko. Espedizioa Mauletik abiatuko da, eta bigarren etapan frantses bidearekin bat egingo dugu. Bide hau jarraituz Donibane Garazi ezagutu, Pirinioak Orreagatik zeharkatu, Iruñea pasatu eta Vianaraino helduko gara. Bertatik, autobusez, Errioxan barneratuko gara Donemiliaga Kukulan gure espedizioaren leloaren nondik norakoak ezagutzeko, eta autobusez ere Añana Gatzagaraino joango gara. Gatzagak ezagutu ostean barnealdeko Done Jakue bidea egingo dugu atzerako norabidean, Gasteiz ezagututa, eta San Adriango tuneletik (Lizarrate izenaz ezagutua ere) Oriako arroari jarraituko diogu eta Irunetik Lapurdin sartu ostean Baionaraino egingo dugu kostaldetik. Bukatzeko, Irunerako atzera bidea trenez egin ostean, kostaldeko Done Jakue bidetik Donostia, Ekainberriko haitzuloa, Zumaiako Flyscha, Omako basoa, Santimamiñe ezagutu eta Bilbora helduko gara. Azken etapa Bilbotik Getxorainokoa izango da, Bizkaia Zubian bukatuz espedizioa.

Hau, horrela, bat-batean botata, gehiegitxo eman lezake, baina ez dadila inor izutu. Etapa gehienak goizez egiteko modukoak izango dira, eta tartean atseden-egun dezente aurreikusi ditugu. Gazteek motxiletan etaparako ezinbestekoak eroango dituzte, eta motxila potoloak furgonetetan eroango ditugu etapa bukatuko den herrira. Horrez gain, inork egun txarrik izatekotan, ibilgailuak edukiko ditugu etapa autoz bukatu ahal izateko.

Zein izango da ibilbide hori egiteko aurreikusita duzuen iraupena?
Espedizioa 2018ko uztailean burutuko da. Uztailaren 1ean autobusak pasatuko dira zazpi hiriburuetatik gazteak jasotzera Maulerako bidean, eta Uztailaren 31n bukatuko da Getxon. Hilabete horretan zehar, lo egiteko herrietako frontoi estaliak eta aterpeak baliatuko ditugu.

Zein nolako ekintzak burutu behar izango dituzte parte-hartzaileek ibilbidea egiten duten bitartean?

Burutu behar baino burutu ahal esango nuke. Arratsaldeetarako edukiak oraindik ixteko daude, lantaldea honezkero lanean dabil denbora librea eta atseden-egunak programazio interesgarriarekin bete nahian. Euskal Herri mailako adituak bilatzen gaude gai ezberdinetan sakondu ahal izateko. Buruan dauzkagun ideia batzuk aipatzearren, hurrengoak lantzea da gure helburua: historia, ingurumena, naturaren baliabideen kudeaketa, gorputz-adierazpena, ahots-teknika, orientazioa, astronomia…

Horrez gain, 120 gaztetako espedizioa talde txikitan banatuta egongo da ibilbidean zehar antolaketa errazteko. Talde horietako bakoitzari, espedizio-egunetan zehar, jasotako horretatik zeozer sortzeko aukera emango zaio. Ahal den heinean ikasten dutenetik abiatuta euren sormena lantzeko aukera eman nahi diegu.

Hau dena antolatzeko lantalde majoa beharko duzue…

Duda gabe! Proiektu hau Euskal Herriko txoko ezberdinetako hainbat lagunek sortutako elkarte batek jarri du martxan. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta zerotik hasi ginen lanean, atez ate dirulaguntza eske. Zentzu hortan erakundeengandik jasotako laguntza ekonomikoak eskertu behar ditugu: orain arte BBK Fundazioa, Akitania-Nafarroa-Euskadi Euroeskualdea, Jaso Fundazioa eta Getxoko Udala eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila. Beste batzuekin ere lanean gaude, orain arte ez baitugu aurrekontua guztiz kubritu.

Bestalde, eta lantaldeaz galdetuta, espediziorako begiraleak, gidariak, medikuak ere kontratatu beharko ditugu, eta laster deialdiekin hasiko bagara ere, inork interesik edukitzekotan gure webgunetik harremanetan jartzera animatuko nuke.

Egitasmoaren leloa nahikoa berezia da: Jizioqui dugu. Zer dela eta aukeratu duzue lelo hori?

(Barreak) Bai, berezia da… Ezagutzen diren euskaraz idatziriko esaldi zaharrenak dira. X. mende bukaeran edo XI. mende hasieran idatziak izan ziren Donemiliaga Kukulan (Errioxan) liburu baten bazterrean. Hitz horien esanahia guztiz argia ez den arren, hizkuntzalari askoren ustez “Jzioqui”, izio hitzarekin dago lotuta, hau da, esaldiak “piztu dugu” edo antzerako esanahia du.

“Piztu dugu” horrek badu nolabaiteko lotura espedizio honen helburuekin eta gazteei eskaini nahi zaien aukerarekin: gazteen artean euskararen erabilera piztea, Euskal Herriko txoko ezberdinetako gazteen sarea piztea, Euskal Herriaren inguruko ezagutza piztea gazteongan eta balore osasuntsuak piztea. Gazte hauetako askorentzat etxetik urrun denbora luzea pasatuko duten lehenengo aldia izango da, mundua deskubritzen hasiko dira, eta bidaia hori ahalik eta aberasgarrien izatea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.