Gazteriaren inguruko adierazle gehienek ez dute itxaropenerako aukera handirik ematen. Prekarietatea, soldata baxuak edota emantzipatzeko eta familia bat sortzeko zailtasunak dira, besteak beste, egungo gazteok pairatu behar ditugun arazo nagusiak. Seguruenik, gure gurasoak baino okerrago biziko den lehen belaunaldia izango gara.

Politikonek egun gazteriak pairatzen dituen arazo garrantzitsuenak biltzen dituen ‘El muro invisible. Las dificultades de ser joven en España’ izenburuko liburua argitaratu berri du. Bertan, 1980. urtetik hona jaio diren gazteengan eragin gehien dituzten fenomeno sozialak aztertzen dira. Gainera, liburuan agerian geratzen den moduan, arazo horiek (eskola-porrota, langabezia, jaiotze-tasa baxua…) belaunaldi zaharragoetan ere aurki daitezke.

Funtsean, liburuak belaunaldien artean ematen den elkarbizitza arautzen duen paktua berritu behar dela ondorioztatzen du. Izan ere, egungo gazteak euren gurasoak baino okerrago bizi direnaren sentsazioa nagusitu da gizartean. Estatuan eta Europan azken hamarkadetan izan den eraldaketa sozialaren ondorioz, badirudi gazteak galtzaile atera direla. Gure gurasoak euren gurasoak baino bizitza-kalitate hobea izatea lortu dute. Orain berriz, gazteak euren gurasoak baino okerrago bizitzera kondenatuta omen daude.

Liburuan jorratzen diren arazo gehienak ikuspegi politiko batetik aztertzen dira eta, gainera, horien gaineko hausnarketa ere egiten da. Horiek guztiak oso modu grafikoan aurkezten dira. Guk politikon.es webgunean bertan jasotzen diren harresi ikusezin horren adreilu batzuk jaso ditugu erreportaje honetarako.

BATEZ BESTEKO ERRENTA. Liburuan jasotzen diren datuen arabera, gazteen batez besteko errenta % 20ean murriztu da azken zortzi urteetan, 2008. eta 2016. urte bitartean hain zuzen ere. Epe berean, berriz, 65 urteko biztanleriaren batez besteko errenta % 5ean hazi da. Zergatik eman da fenomeno hori? Bada, krisi garaian gazteok langabezia eta behin-behinekotasuna pairatu behar izan dugulako eta, pentsiodunek, berriz, euren sarrerak mantendu ahal izan dituztelako. 20 puntuko jaitsiera oso jaitsiera garrantzitsua da eta, ondorioz pobrezia-arriskuan diren 16 eta 24 urte bitarteko gazteen kopurua % 40 inguruan kokatu da. Gazte horiek, batez besteko errentaren % 60 baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten familietan bizi dira. Pobrezia-arriskuan bizi diren pentsiodunen kopurua % 14koa da, 2006. urtean baino 16 puntu gutxiago.

GAZTEAK ETA POBREAK. Gazteriaren egoera ekonomikoan eragin gehien duen aldagaia enplegua da. Azken urteetan sarritan entzun izan dugu krisia gehien pairatu dutenak gazteak direla. Eta baieztapen hori datuetan ere isla daiteke. Izan ere, 2007. eta 2016. urte bitartean gazteen aldi baterako lanaren bi heren desagertu zen. Oraindik ere, krisia jada gainditu dugula suposatzen den arren, gazteen artean den behin-behinekotasuna % 75 ingurukoa da 24 urtetik beherako gazteen artean.

JAIOTZE-TASA MINIMOEN AZPITIK. Ezaguna da herrialde garatuetan jaiotze-tasak, berez, nahikoa baxuak direla. Gaur egun, estatuan den jaiotze-tasa 1,3 seme-alabakoa da emakume bakoitzeko. 1972. urtean, adibidez, 2,9koa zen. Gazte gehienek adierazten dutenez, ahal izanez gero bi seme-alaba izango lituzkete, baina, aipatu baldintza ekonomikoak ikusita, nahikoa dute bat izatearekin. Gainera, lehen seme-alaba izateko batez besteko adina Europar Batasuna osatzen duten herrialdeen artean altuenetakoa da; 31 urte. Prekarietatearen eta amatasun berantiarraren arteko harremana zuzena da.

POLITIKA PUBLIKOAK. Arazo laboralak nagusi dira gazteriaren artean, baina, aldi berean, arazo horiek ikasketa-maila baxuagoak dituzten gazte horietan larriagoak izan ohi direla azpimarratu behar da. Zentzu horretan, erakunde publikoetatik garatzen diren politikak bi alderdi nagusitan eragin dezaketela azpimarratzen dute liburuaren egileek: eskola uzte-tasa eta errepikatze-tasa. Izan ere, aipatu bi arazo horiek, bereziki, baliabide ekonomiko gutxien dituzten familietan biltzen dira. Horrela, familia pobre eta aberatsen artean den eskola uzte-tasan 35 puntuko aldea ere ematen da. Gainera, Espainia da, Europar Batasunaren barruan, ikasle errepikatzaile gehien dituen estatua. Kasu horretan ere, familia pobreetako ikasleak dira errepikatzeko joera handiena dutena..

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.