Desira sexual baxuarena nire kontsultan sarritan tratatu behar izaten dudan arazoa da. Aipatu arazoa, bi modutan aurkez daiteke: inoiz desirarik izan ez duten pertsonak edo iraganean desirarik bai, baina egun gutxi dutenak. Duela zenbait urte, hori, bereziki, emakumeon arazoa zela zirudien. Gaur egun, berriz, antzeko kopuruetan hurbiltzen dira nire kontsultara arazo hori duten emakumeak zein gizonak.

Lehenik eta behin, argi utzi behar da desira sexual baxua izateak ez duela zertan bikotearekiko erakarpen falta adierazi behar. Desira falta hainbat arrazoirengatik eman daiteke, fisikoak zein psikologikoak. Arrazoi fisikoen artean, adibidez, honako hauek aurki ditzakegu: nahaste hormonalak, gaixotasun metabolikoak (diabetesa), droga legalak (antidepresiboak) zein ilegalak, nahaste neuroendokrinoak (hipotiroidismoa)… Psikologikoen artean, berriz, estresa izan ohi da arrazoi nagusia.

Aipatu faktoreez gain, badira eragina izan dezaketen beste zenbait, hala nola, jasotako sexu-hezkuntza, arazoak bikotekidearekin, depresioa, autoestimu baxua, sexuarekiko beldurra edota nazka sentitzea, sexuaren inguruko esperientzia traumatikoak izatea (adibidez bortxaketa), aldez aurreko arazo sexualak izatea…
Bada kontuan hartu beharreko beste faktore bat: pertsona guztiok ez dugu desira sexual maila bera. Horregatik, ez dugu gure burua besteekin alderatu behar. Gainera, sexu-harremanen maiztasuna ez da desira sexualaren adierazle zuzena. Are gehiago, zenbait kasutan, arazo hori duten pertsonek sexu-harremanen maiztasuna gutxitu behar izaten dute arazoari irtenbidea emateko.

Lohizune Loroño
Mi Psicólogo Getxo

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.