Historian zehar emakumeek hainbat esparrutan borrokatu behar izan dute dagozkien eskubideen alde. Medikuntza, zientzia, politika, literatura... historikoki gizonen eremuak izan dira, baina hainbat emakumeen lanari eta borrokari esker, poliki bada ere, esparru horiek ere emakumezkoen esparruak bilakatu dira. Jarraian, euren borrokarengatik nabarmendu diren zenbait emakume aurkezten dizkizuegu. Zerrenda askoz luzeagoa izan zitekeen.

MARIE COULUN (1837-1913)
Euskal feminismoaren aitzindari

Marie Coulun euskal feminismoaren aitzindaria dugu. Parisen jaio zen arren, oso gaztetan Ipar Euskal Herrira etorri eta Charles Abadia Urrustoirekin ezkondu zen. Madame d’Abbadia d’Arrast izenarekin ere ezaguna, Coulunek Frantziako Emakumeen Kontseilu Nazionalaren biltzarretan parte hartzen zuen. Emakumeen eskubideak sutsuki babestu zituen, bereziki sufragio eskubidea. Bere jarduera aktibistari esker eta hainbat hedabidetan argitaratu zituen iritzi-artikuluei esker ezaguna egin zen. Gainera, bere alaba Lisettek amaren jarduerari jarraitutasuna eman zion. Bai mariek eta bai Lisettek garrantzi handia ematen zioten indar fisikoari. Haien ustez, “jatorrian gizonak eta emakumeak berdinak dira, baina gerora emakumeek mendez mende inoiz berreskuratu ez duten indarra galdu dute”.

MARIA SALOMEA SKODOWSKA-CURIE (1867-1934)
Zientzia ere emakumeen gauza da

Jaiotzez poloniarra, ia bere bizitza osoa Frantzian eman zuen. Bere senar Pierre Curierekin batera material erradioaktiboak izan zituen bere ikerketaren ardatz. Jarduera horri esker 1903an Fisikako Nobel saria irabaztea lortu zuen bere senarrarekin batera; sari hori lortzen zuen lehen emakumea, hain zuzen ere. Zortzi urte beranduago sari bera irabaztea lortuko zuen beste behin, kasu horretan, bi elementu kimiko berri aurkitzeagatik: Erradioa eta Polonioa (azken honek bere sorterriari egiten dio omenaldia). Bere ibilbidea ez zen erraza izan eta gabezia ekonomikoa ere bizi izan zuen. Horregatik, bere izaera langile eta konprometitua dela eta, zientzian lan egin nahi izan duten hainbat emakumeren erreferente bilakatu da Marie Curie.

VIRGINIA WOOLF (1882-1941)
Emakume bat idazle handienen artean

Virginia Woolf idazle britaniarra feminismoaren beste erreferente garrantzitsu bat dugu. Bere idazlanetan sarritan emakumeen eskubideak aipatzen dira. Horietako bat da, nagusiki, feminismoaren aintzatespena eman diona: “Gela bat norberarena- A room of one’s own”. Idazle bezala arrakasta handia izan zuen arren (aipatzekoak dira, adibidez, “Mrs Dalloway” eta “To the lighthouse” eleberriak) maila pertsonalean arazo handiak izan zituen. Izan ere, gaixotasun mental larri bat zuen eta, hori dela eta, 1941an bere buruaz beste egin zuen. Feminismoaren ikuspegitik Woolf erreferente bat da literatura esparruan ospe handiko izena lortzeko egin zituen esfortzuengatik. Gaur egun historian izan diren idazlerik handienen artean aurkitzen da Virginia Woolf.

EMMELINE PANKHURST (1858-1928)
Britainia Handiko mugimendu sufragistaren burua

Emmeline Pankhurst Britainia Handiko mugimendu sufragistaren sortzaileetako bat da. Aurten bertan ospatzen da haien garaipenaren lehen mendeurrena. Aipatu eskubidearen aldeko hainbat erakunde sortu zituen Pankhurstek, adibidez, “Emakumezkoen Bozka Eskubidearen Aldeko Liga” edota “Emakumeen Batasun Sozial eta Politikoa”. Bere jarduera politikoa zela eta sarritan hartu zuten preso. Izan ere, Pankhurst eta bere lagunak biolentziaren erabilera defendatzen zuten euren aldarrikapenak defendatzeko. Gose greban jarri eta indarrez elikatu behar izan zuten. Bere alaba Adelak eta Sylviak amaren lanarekin jarraitu zuten.

CLARA ZETKIN (1857-1933)
Martxoaren 8ko ospakizunaren sortzailea

Politikari alemaniarra dugu Clara Zetkin. Alderdi sozialistako eta komunistako kidea izan zen eta emakumeen eskubideen alde egindako lanarengatik da ezaguna. Martxoaren 8an ospatzen den Emakume Langileen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zuen 1911an. Errusiako Iraultzaren ondoren Zetkinek bat egin zuen eratu berria zen Alemaniako Alderdi Komunistarekin. Hamahiru urtez Alemaniako parlamentaria izan zen eta urte horietan, besteak beste, Leninekin emakumeen eskubideen inguruan eztabaidatzeko aukera izan zuen. Hitler boterera iritsi zenean Alemania utzi eta Sobiet Batasunera erbesteratu zen. Bertan hil zen eta bere gorpuzkiak Kremlinen lurperatu zituzten.

SIMONE VEIL (1927-2017)
Haurdunaldiaren etenaldi boluntarioa legeztatu zuen

Pasa den urtean hil zen politikari frantziarra dugu Simone Veil. Esparru horretan oso ibilbide oparoa izan zuen eta, adibidez, Europako Parlamentuko presidentetzara iritsi zen lehen emakumea dugu. Kargu horretan 1979tik 1982ra bitartean izan zen. Hala ere, Simone Veil ezaguna da feminismoaren esparruan haurdunaldiaren etenaldi boluntarioa legez arautu zuen lehen pertsona izan zelako. Izan ere, 1975. urtean, Frantziako osasun ministroa zelarik, “Veil legea” izenarekin ezagutzen den araua aurrera ateratzea lortu eta, modu horretan, Frantzian haurdunaldiaren etenaldi boluntarioa despenalizatu zen.

SIMONE DE BEAUVOIR (1908-1986)
Egun ezagutzen den feminismoaren sortzailea

Idazle eta filosofo frantziar honen “Bigarren sexua” idazlana feminismoaren sorreraren mugarritzat hartzen dute askok. Jean Paul Sartre idazle ezagunaren emaztea izan zen Simone eta oso harreman irekia izan zuten, garai hartan normala ez zena. Esan bezala, Simone de Beauvoir egun ezagutzen dugun feminismoaren aitzindarietako bat dugu “Bigarren sexua” entsegua dela eta. Bertan, idazle frantziarrak mendebaldeko emakumeek gizartean zuten rola aztertzen zuen. Aditu askorentzat testu hori feminismoaren Biblia litzateke. Bertan, mendebaldeko gizarteak emakumeentzat kartzela antzekoak direla azaltzen du eta emakumeek askatasunerako duten beharra azpimarratzen du.

FRIDA KHALO (1907-1954)
Lehen margolari feminista

Frida Khalo margolari mexikarra feminismoaren beste ikono bat da. Khalok zalantzan jarri zuen bere garaian nagusi zen gizarte matxista. Bere margo gehienak autorretratuak dira eta horietan ezaugarri sexual androginoekin azaltzen da. Horien artean ezagunenak dira, zalantzarik gabe, bere bekainak eta bibote hasiberria. Gainera, beste hainbat artelanetan sexualitatea, abortua edo amatasuna bezalako gaiak ere jorratu zituen. Artearen esparruan izan zuen ibilbidea garrantzitsua izan bazen ere (margolari garrantzitsuenen aintzatespena lortu zuen), Khalok ibilbide politiko garrantzitsua ere izan zuen. Horrela, emakumeen eskubideen defentsa egiteaz gain, margolari mexikarra marxismoaren eta indigenen eskubideen alde ere azaldu zen.

CLARA CAMPOAMOR (1888-1972)
Espainiako sufragismoaren bultzatzaile nagusia

Politikari madrildarra dugu Clara Campoamor. Ideologikoki ezkertiarra, II. Errepublikan diputatu aukeratu zuten. Garai horretan emakumeak aukeratuak izan zitezkeen, baina ez zuten bozkarako eskubiderik. Hori dela eta, bere jarduera politikoa, nagusiki, emakumeen sufragio eskubidean oinarritu zen. Herri anglosaxoietan emakumeek jada eskubide hori irabazita zuten, baina Espainiako egoera bestelakoa zen eta Gerra Zibilaren ondorioz Campoamorrek erbestera joan behar izan zuen, Suitzara, hain zuzen ere. Bertatik bere jarduera politikoarekin jarraitu zuen, betiere, emakumeen eskubideen alde. 1972an hil zen minbiziak jota. Bere gorpuzkiak Donostiako Polloeko hilerrian daude.

HEDY LAMARR (1914-2000)
Edertasuna, talentua eta adimen pribilegiatua

Bi dira Hedy Lamarr (bere benetako izena Hedwig Eva Maria Kiesler zen) sailkapen honetan sartzeko arrazoiak: aktore bezala egin zuen lana eta asmatzaile bezala egin zuen lana. Seguruenik, zuetako askok ezaguna izango duzue Hedy Lamarr Hollywooderako egin zituen hainbat filmengatik. Hala ere, agian, garrantzitsuagoa da Amerikara joan aurretik izan zuen ibilbidea eta, zergatik ez, Amerikan egonda, egin ez zituen lanak ere. Izan ere, Europan aktore bezala aritu zen bitartean, Lamarr izan zen film komertzial batean biluzik atera zen lehen emakumea eta baita orgasmo bat antzeztu zuen lehena ere. Behin Amerikan Casablanca film ospetsuko protagonista izateari uko egin zion. Baina Lamarr aktorea baino zerbait gehiago zen. Telekomunikazio ingeniaritza ikasi ostean asmatzailea ere bihurtu zen. Bere asmakizuna da, adibidez, haririk gabeko telekomunikazioei bidea zabalduko zien maiztasun-jauziaren bidezko espektro hedatuaren teknika. Nolabait, Wifia asmatu zuen pertsona dugu Lamarr.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here