UNICEF Euskadi

Gaur egun, segurutzat jotzen da gazte guztiak, berez, ingurune digital baten parte direla. Hala ere, UPV/EHU EU Kids Online taldeak zuentzat prestatu duen txostenaren arabera hori horrela ez dela uzten du agerian. Zeintzuk lirateke aipatu txosten horretatik azpimarratuko zenituzkeen ondoriorik garrantzitsuenak?
Txosten horrek hiru lan-ildo nagusi ditu. Alde batetik, Interneten erabilerak dituen aukerak eta arriskuak aztertu dira. Gainera, modu zuzenean, zaurgarritasun handiagoa duten kolektiboen esperientziak ezagutu nahi izan ditugu. Kolektibo horien artean, adibidez, adingabeak babesteko zentroetan bizi diren haurrak, desgaitasunen bat duten haurrak, emigranteak eta haur ijitoak aztertu dira. Azkenik, Interneten erabilera osasuntsu baterako irtenbideak proposatu nahi izan ditugu. Guretzat erabilera osasuntsu bat erabilera arduratsu, emankor eta kritiko bat izango litzateke. Izan ere, txostenean argi geratzen denez, belaunaldi berrientzat ingurune digital baten parte izatea zerbait naturala da. Jada ez dugu teknologia berriez hitz egiten, ingurune digitalaz baizik. Orokorrean, ia haur guztiek Interneterako sarbidea dute, baina, aldi berean, bada haur kopuru oso txiki bat Internetekin inolako kontakturik ez duena. Estatu mailan, adibidez, 300.000 inguru izango lirateke azken hiru hilabeteetan ordenagailuren bat erabili ez duten haurrak eta 140.000 inguru, berriz, Internet erabili ez dutenak.

Gainera, txostenean, zeharka bada ere, desgaitasunen bat duten haurren kolektiboa edota LGTB kolektiboaren parte diren haurren egoera aztertu da. Hainbat kasutan, gailuek, aplikazioek edota formatuek ez dute haur horien errealitatea aintzat hartzen eta ez dira diseinu unibertsal baten ikuspegitik garatzen.

Txostenaren ondorioetan zehazten den moduan, okerra litzateke Interneterako sarbidea gizarteratzearen eta ekitate digitalaren bermetzat hartzea. Izan ere, sarbidean izan daitezkeen desparekotasunak murrizteaz gain, baloreetan eta eskubideetan oinarritutako gaitasun digitalen inguruko trebakuntza bermatu behar zaie haurrei. Badira Interneterako sarbidea duten komunitateak, baina ez dute behar bezalako jarraipena eta, ondorioz, arrisku bat dago.

Zein neurritan eragiten du Internetera sartzeko zailtasunak edo ezintasunak aipatu kolektiboetako gazte horien etorkizunean?
Interneterako sarbidea, hezkuntza-digitala bezala, haur eta nerabeen eskubideak sustatzeko tresna bat da. Gaur egun nabarmena da haurrek munduarekin duten harremana, hein handi batean, Internet bidez ematen dela. Interneten ibiltzea oraingo ongizaterako eta etorkizuneko aukeretarako bidea da. Internetek gizartekoitasunerako, auto-espresiorako, ikaskuntzarako, sormenerako eta parte-hartzerako aukerak ematen dizkie haurrei. Ondorioz, sarbide hori mugatua duten haurrak gutxiagotasun baldintzetan iristen dira hezkuntza-prozesura eta, hezkuntza da, hain zuzen ere, hasierako gutxiagotasun baldintza horiek zuzen daitezkeen esparrua. Izan ere, haurrek esparru digitalean segurtasunez mugitzen ikasi behar dute; aipatu dudan moduan, erabilera arduratsu, emankor eta kritiko bat egiten ikasi beharko lukete. Adibidez, haur ijitoen artean ohikoa omen da sakelako telefono bat izatea, baina, ez ordea, ordenagailu bat edo Interneterako sarbidea bermatua izatea. Ondorioz, etnia horretako haurrek gabezia nabarmena dute gaitasun digitalen esparruan eta horrek ondorioak izango ditu euren gizarteratzean zein lan-merkaturatzerako aukeretan.

Dena digitala den mundu batean, IKTetatik kanpo egotea beste bazterketa forma bat da eta, haurren lan-etorkizunean ez ezik, euren garapen pertsonalean ere eragina izan dezake.
Ijitoen edo migratzaileen komunitateen kasuetan badirudi baldintza sozioekonomikoak direla Interneterako sarbidea urriagoa izateko faktore nagusia. Zer egin daiteke hori zuzentzeko?
Esan dudan bezala, sarbide urriagoa izateak bazterketa egoeretara eramaten gaitu eta, ondorioz, lege berriak garatu eta haurrentzako zein nerabeentzako Interneterako sarbide unibertsal, seguru eta arduratsua bermatzeko baliabideak bideratu beharko dira. Gure ustez sektore pribatuaren esku-hartzea funtsezkoa da, hitzarmenen bidez, gizarte-bazterketa arriskuan diren haurrek eguneratutako gailuak eta beharrezkoak diren baldintzak izan ditzaten.

Gure ustez hau modu komunean jorratu behar den arazoa da. Ez da familiei soilik dagokien arazoa, gizartearen erantzun bateratua eskatzen duen afera baizik.

Txostenak argi uzten du aipatzen dituzun kolektibo horiek Internetera sartzeko dituzten arazoak. Kolektibo horiek egiten duten erabilera ere aztertu duzue?
Gure ustez haurrek burutzen dituzten jardueren aukera oraindik oso mugatua da. Trebetasunak garatzen diren heinean Internetek eskaintzen dituen aukerez gozatzeko gaitasunak ere hazten dira (bideo-jokoetara jolastu, bideoak ikusi, foroetan parte hartu iritziak emateko, blogak edo webguneak sortu…)

Aipatu izan ditugun kolektibo horiek nagusiki egiten duten erabilera honako jardueretara mugatzen da: berehalako mezularitza, musika entzun, bideoak ikusi, Interneten gauzak bilatu edota eskolako atazak (%28).

Txostenean LGTB kolektiboko haur eta nerabeek sarean jazarpen gehien pairatzen dituztenen artean aurkitzen direla aipatzen da. Suposatzen dut hori ere saretik kanpo hala izango dela. Arazo hori konpontzeko, biktimekin baino ez al litzateke komenigarriagoa erasotzaileekin lan egitea?
Gure gizartean, oraindik ere, genero- eta sexu-aniztasuna patologiatzat hartzen dira. Txostenaren prestaketan parte hartu zuen eta LGTB pertsonen arretan aditua den gizarte-langile eta sexologo batek adierazi zuen moduan, “trans” identitateak buru-gaixotasuntzat hartzen dira. Aldi berean, egia da kolektibo horren aurkako jarrera diskriminatzaileak onartezintzat eta politikoki ez zuzentzat ere hartzen direla.

Sare sozialetan erasotzaileek sarritan anonimatua bermatua dute. Erasotzaileak identifikatzeko zailtasunek eta jazarpen mota horrek izan ditzakeen ondorioak oso larriak izan daitezke, zoritxarrez berriki gure artean ikusi ahal izan dugun moduan.

Aldi berean, garrantzitsua da eraso kontzeptuaren subjektibitatea aintzat hartzea. Hainbat haurrentzat iruzkin edo jarrera zehatz batzuk guztiz onargarriak dira. Horrela, batzuentzat jazarpena izan daitekeen hori beste batzuentzat berdinen arteko sozializazioaren parte bat da. Kasu horretan, garrantzitsuena enpatia izatea da, hots, bestearen lekuan jartzea. Gurasook jarraitzen ohi ditugun bitartekaritza estrategiek eragin handia dute ciberbullying egoeren garapenean edo jarraipenean.

Era berean, funtsezkoa da arrisku-faktoreak kontrolatzea: jokabide oldarkorrekiko tolerantzia, arauen falta, familian izan daitezkeen jarrera biolentoak, telebista eta Internet kontsumo altuak, komunikazio falta edota diziplina-estrategia autoritarioak, permisiboak zein gehiegi babesten dutenak. Hezkuntzari dagokionez, berriz, honako hauek aipatuko nituzke: errendimendu akademikoa, berdinen arteko eragina, segurtasun eta ikuskapen falta, ingurune positibo baten falta edo nerabeen online bizitzaren gaineko kontrol falta.

Gainera, diru-sarreretan eta hezkuntzarako sarbidean den desparekotasuna ere mota desberdineko indarkeriarako arriskuarekin lotuta dauden faktoreak dira. Online zaurgarritasuna aurretik den offline zaurgarritasun batekin lotuta dago.

Txostenean Euskadiko, Andaluziako, Kanariar Uharteetako, Kataluniako, Valentziako eta Madrilgo haurrekin lan egin da. Alde handia al da gure artean lortutako emaitzen eta beste autonomia-erkidegoetan lortutako emaitzen artean?
Txostena prestatzeko metodologia kualitatibo bat jarraitu da. Guztira, 91 pertsona elkarrizketatu dira (8 eta 18 urte bitarteko 83 gazte eta 8 hezitzaile). Adingabe horietatik 52 atzerritar jatorrikoak ziren (11 ekuadortar, 30 magrebtar eta 11 Saharaz hegoaldekoak), 11 ijitoak ziren eta beste 12 gazteentzako babes-zentroetako gazteak ziren.

Txostenaren xedea ikuspegi orokor bat ematea da eta ez da lurraldekako diskriminaziorik egin. Dena den, datu estatistikoetan oinarritzen bagara Euskadin 10 eta 15 urte bitarteko nerabeen % 97,6k Internet erabiltzen duela, % 94,9k ordenagailuren bat duela eta % 77,5ak sakelako telefonoren bat duela ikus dezakegu. Datu horiek Estatistika Institutu Nazionalak (INE) egiten duen IKTen inguruko erabileraren txostenean ikus daitezke. Datu horien arabera, badira ordenagailuren batekin edo Internetekin inolako harremana izan ez duten haurrak.

Gailu elektronikoen gehiegizko erabilera, pribatutasuna, ziber-jazarpena… Badirudi gazteekin eta Internetekin lotura duen guztiak kutsu negatiboa duela. Hedabideetan gai horien inguruan esajeratzeko joera omen dago? Alde positiboak ere izango dira, ezta?
Egia da arriskuaren narratiba nagusitu izan dela, seguruenik, moral panic izenarekin ezagutzen den fenomenoaren ondorioz. Hedabideek gai horren inguruan garatu duten diskurtsoa nagusiki negatiboa izan da, baina hori ez da gauza berria; gauza bera gertatu zen zinemarekin, irratiarekin, telebistarekin edota bideo-jokoekin.

Zenbat eta gehiago erabili Internet orduan eta aukera gehiago, baina aldi berean, arrisku-aukera gehiago ere. Erronka da arrisku horiek kalte ez bilakatzea. Etorkizunean izan daitezkeen arazoak Interneten erabilerak izan ditzakeen arriskuei aurre egiteko gaitasun eta trebakuntzaren faltagatik emango dira eta ez mehatxu horien hazkunde edo dibertsifikazioagatik.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here