Gizakiak uste baino lehenago atera ziren Afrikatik

Azken urteetan izan diren aurkikuntza desberdinek hankaz gora jarri dute Homo Sapiensen inguruan zen ezagutza. Azkenekoa Ekialde Hurbilean izan da, Israeleko Misliya izeneko kobazuloan, hain zuzen ere. Bertan, gizaki baten goiko masailezurra aurkitu dute. Paleontologoek arreta handiz aztertu dute bertan aurkitutako hezurra eta datazio-teknika desberdinak erabiliz aztarnek 175.000 eta 200.000 urte bitarte dituztela aurkitu dute. Datu horrek hankaz gora jarri du orain arte Homo Sapiensen inguruan zegoen ezagutza. Izan ere, adituen ustez gu bezalakoak ziren gizaki horiek Afrika duela 250.000 urte inguru utzi zutela uste zen.

Data horrek garrantzia handia du, besteak beste, gizaki modernoek bestelako gizaki primitiboagoekin topo egiteko izan zituzten aukerak biderkatzen direlako. Ondorioz, bi talde horien kode genetikoa nahasteko aukerak ere handiagoak izan ziren. Israelen aurkitutako aztarnan, adibidez, Homo Sapiensen ezaugarriak nagusi diren arren, Neandertalen zenbait ezaugarri ere ikus daitezke. Hezurrarekin batera aurkitu diren beste aztarnetan oinarrituta adituek jakin ahal izan dute Misliya kobazuloan bizi ziren gizaki horiek ehiztari trebeak zirela eta sua maneiatzeko gai zirela. Aztarna horiek orain arte Afrikan aurkitu diren lehen gizakien aztarnekin antza handia dute. Israelen aurkitutako hezurrak ez dira gizakion aztarnarik zaharrenak. Hala ere, Homo Sapienesak Afrikatik ateratzeko erabili zuten bidea oraindik ere misterio bat da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.