EHEren ustez hezkuntza-sistemak ez du euskalduntzea bermatzen

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) erakundeak eta Aztiker Soziologia Ikerguneak gazteon euskalduntzea aztertu duen ikerlan baten emaitzak aurkeztu berri dituzte. Horretarako, 1982ko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea eta 138/1983 Dekretua indarrean sartu zirenetik gaur arte izan den bilakaera aztertu dute. Funtsean, ikerlanak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hizkuntza-ereduen bilakaera eta egun euskararen egoerari buruzko azterketen emaitzak alderatu ditu. EHEren ustez emaitzek kezkarako hainbat datu utzi dituzte. Izan ere, ikerlanaren arabera, ereduen sistema martxan jarri zenetik, eskolatik pasatutako 206.263 lagunek ez dute euskara behar bezala menperatzen. Emaitzen txostenean azaltzen den moduan, derrigorrezko hezkuntza-garaia euskara ezagutu gabe edo nahikoa ezagutu gabe hasi zuten 409.031 ikasleetatik erdiak ez du euskara ondo menperatzen. Hori guztia dela eta Euskal Herrian Euskarazek hizkuntza-ereduen hezkuntza-sistemak porrot egin duela uste du eta, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza lege berria egiteko prozesua martxan jarria duenez, ikasle guztien euskalduntzea bermatuko duen hezkuntza-sistema baten aldeko apustua egitea eskatzen die botere publikoei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.