Zer gertatuko litzateke gizarteak bere osotasunean Aniztasunaren aldekotasuna erakutsiko balu?

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) Aniztasuna zeharkako balore bezala txertatzea aldarrikatu eta sustatzen dugu. Eguneroko bizitzan. Lanean. Aisialdian. Bakoitzak norbanako bezala bere inguru eta eremuetan, elkarte eta eragileek ohiko funtzionamenduan eta gizarteko edozein esparrutan. Hezkuntzan txiki-txikitatik Aniztasunaren aldekotasun jarrera bultzatuz. Elkarrekin bizitzea posible delako, hala izatea nahi dugulako eta positibotzat jotzen dugulako.

Eta ez da azken boladako kontua. Sorrera unetik EGK ahalik eta anitzena egin gara, lan-arloak unean uneko beharretara moldatuz eta ezagutu ditugun elkarte, eragile edo norbanakoekin harremana izanez.

2017an arreta berezia eskaini diogu Aniztasunari, terminoak duen zentzurik zabalenean. Batetik, Berdintasun lan-arloan “Sexualitatearen Koloreak” gida kaleratu dugu, Aniztasuna sigla eta nomenklaturez haratago doala azpimarratu nahi duen material teoriko eta praktikoa. LGTBI+ kolektiboaren egoera ez baita normalizatuko dauden identitate, izaera eta orientazio eredu guztiak berdintasun egoera batean eta onarpenaren ikuspegitik mahai-gaineratu arte. Bereizketa egoera hori gizarteratu, gaia lantzeko euskarriak eskaini eta erronkari behar den bezala aurre egitea du helburu “Sexualitatearen Koloreak” gidak.

Bestetik, Hezkuntza eta Parte-hartze lan-arloek elkarlanean “Mugarik Gabeko Aniztasuna” gida jorratu zuten. Gida egungo egoera eta erronkak gizarteratzeko esparru izateaz gain, hezitzaileentzat egunerokotasunean baliagarriak diren gomendioak jasotzen dituen tresna praktikoa da. Bertan, egoera berrien aurrean beharrezkoak diren gaitasunak aipatzen dira, Aniztasun Funtzionala duten pertsonekin hitz egiterakoan kontuan izan beharko genituzkeenak.

Era berean, Enplegu eta Etxebizitza lan-arloan aniztasun funtzionala duten pertsonen laneratzea aztertu zuen “Enplegua, gazteria aniztasun funtzionala” jardunaldian. Honen emaitza izan zen izen bereko txostena. Helburua Aniztasun Funtzionala duten Euskadiko gazteek lan bat aurkitzeko eta behin lan bat aurkitzen dutenean dituzten lan baldintzen problematikaren gaineko hausnarketa bultzatzea zen, lehen eskuko esperientziak gerturatuz gaian interesa zutenei eta, nola ez, administrazioetako teknikari eta arduradun politikoei. Pausu batzuk eman badira ere, orokorrean alde batera utzitako kolektiboa da eta laneratzerakoan topatzen dituzten oztopoak —eta ez soilik fisikoak— ez dira zilegi. Irisgarritasunean, esaterako, hamaika pausu eman daitezke. Zer irudituko litzaizuke ezin lan egitea eraikinera ezin zarelako sartu? Ziur arraroa egingo zaizula, baina XXI. mendean horrelako egoerak ematen dira. Bestela pentsatu zure egunerokoan igarotzen dituzun kaleak, ateak, sarrerak eta bestelakoak nola dauden.

Eta, azkenik, Bake eta Bizikidetza lan-arloan errefuxiatuen gaia lantzen hasi ginen. Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako azken datuen arabera, hamar gaztetik zazpi errefuxiatuei laguntza eta etxebizitza ematearen aldekoak dira. Hala ere, Europar Batasunaren hitzarmenak betetzen ez diren bitartean, ezinezkoa da errefuxiatuentzat Europara legez eta ziurtasunez heltzea eta, ondorioz, babes bila datozen pertsonek euren giza eskubideak arriskuan jartzen dituzte behin eta berriro.

Zergatik guzti hau? Gazteria oso anitza delako eta hori islatu behar delako. Aipatutako proiektuak EGK-k hainbat elkarte eta administraziorekin elkarlanean jorratutakoak dira. Lagin bat besterik ez. Zer gertatuko litzateke gizarteak bere osotasunean Aniztasunaren aldekotasuna erakutsiko balu? Hezkidetza bermatuko balitz ikastetxe eta ikasgai orotan, zeharkako balore bezala?
Soilik era horretan lortuko dugu hain heterogeneoa den kolektiboaren beharrei erantzutea. Jaiotze-leku, egoera sozioekonomiko, desiren orientazioa, bizi-proiektua… Gazte bakoitza mundu bat da. Horregatik da hain garrantzitsua politika publikoak aurrera eramaterakoan Aniztasun hori kontuan izatea. Are gehiago, fase guztietan izan behar dira presente, gazte horien parte hartzearekin batera. Soilik horrela izango gara gai gizartean ematen diren errealitateei behar den bezala erantzuteko.

Maialen Olabe
EGKko presidentea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.