IBMek egin duen ikerketa baten arabera, gazteok nahiago ditugu hatz-marka edo aurpegi-errekonozimendua bezalako teknologia biometrikoak pasahitzak baino

IBMek egin berri duen “Future of Identity” izeneko azterlanaren arabera, ‘millenials’ bezala ezagutzen diren 20 eta 35 urte bitarteko gazteek nahiago dituzte hatz-marka edo aurpegi-errekonozimendua bezalako teknologia biometrikoak pasahitzak baino euren sakelako telefonoetan diren isilpeko datuetara iristeko. Ostera, 55 urtetik gorako erabiltzaileek gusturago aurkitzen omen dira pasahitzak erabiliz.

Ikerketaren ondorioetan azpimarratzen denez, joera-aldaketa hori ez da erosotasun kontuengatik ematen, segurtasun kontuengatik baizik.

Teknologia biometrikoen artean hatz-markarena da erabiltzaile gehien dituena. Erabiltzaileen % 44aren iritziz hori litzateke segurtasun-neurririk eraginkorrena. Erabiltzaile gehienek horrelako teknologietara jotzen dute, bereziki, finantza-aplikazioak erabiltzen dituztenean.

Teknologia biometrikoa hasi berria den teknologia da, baina jada kezka sortu du Europar Batasunean. Izan ere, ez dago garbi erabiltzaileen informazio biometriko hori guztia nola gordetzen den eta zertarako erabili ahal den. Agian horregatik, aipatu teknologia horrek ezarpen urriagoa du Europan beste kontinenteetan baino. Hori bai, europarrok pasahitz konplexuagoak erabiltzen omen ditugu.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.