Umeak dira, ez soldaduak

John. Hego Sudan. 16 urte. Ume soldadu izana. “Guraso barik geratu nintzen. Ez neukan inor. Lagun batzuekin eraman ninduten paseo bat ematera eta nire lagunetako bat tirokatu zuten nire aurrean. 10 urte nituen eta etxebizitza eta janari barik nengoen, beraz soldaduekin joatea erabaki nuen”. Hanka batean tiroa jaso eta laguntzarik ez. UNICEF ezagutu zuen eta orain hezkuntza da bere bizitzako oinarri nagusietako bat. Ez du berriz ere soldadu izateko gogorik. Medikua izan nahi du. Johnena amaiera polita duen istorio bat da baina, zoritxarrez, oraindik haur asko daude gerretan osorik murgilduta soldadu moduan.

Zazpi urte dirauen guda ostean, Sirian gero eta haur gehiago errekrutatzen dira gerrako lehenbiziko ilaretan borroka egiteko. Nigeria, Kamerun, Txad edo Nigerren, gero eta ume gehiago erabiltzen ari dira eraso suizidetan. Ertafrikako Errepublikan 13.000 haur egon litezke errekrutatuta gaur egun. Izan ere, mundu guztian gatazka armatuetan 300.000 ume soldadu daude. Datu hauek eskuartean izanik, argi dago haurren eskubideen muturreko urratzeak egon badaudela gatazka armatuak dituzten herrialdeetan, eta berauen aurka lanean jarraitzea dela bidea.

Hala eta guztiz ere, garrantzitsua da esperantzazko mezua ere bidaltzea. UNICEF eta beste erakunde askoren elkarlanarekin lortu izan diren lorpenak mahai gainean jarri eta zifrak zerora murrizteko lan egin behar da: 2000.urtetik munduan zehar talde armatuetan zeuden 115.000 ume soldaduren askapenean parte hartu du UNICEFek; Nigerian indarkeria armatuaren ondorioz kaltetutako 6.000 haur birgizarteratzeko laguntza integrala eskaintzen ari da; eta 166 herrialdek euren legedi nazionalean haurrenganako babesa gehitu dute ekintza armatuetan, 18 urtetik beherako haurren errekrutatzeak debekatuz, esaterako. Hego Sudanetik ere albiste onak iritsi dira otsailean, 300 ume baino gehiago (87 neskatila) askatu baitituzte talde armatuek eta datozen asteetan askapen gehiago egotea espero delako. Kasu honetan, adibidez, UNICEFek bere aliatuekin dituen programei esker, osasun azterketaz gain laguntza psikologikoa ere eman die eta euren senideen bilaketa-prozesua hasi du familiekin berriz batzeko ahaleginean.

Ondorio larriak
Ume soldaduek guda euren azaletan bizi dute, nahigabeko soldadu bilakatzen dira, asko borroketako lehenbiziko lerroetan, beste asko mezulari, sukaldari edo esklabo sexual modura. Ume askok indarrean eta behartuta bat egiten dute talde armatuekin, baina badaude beste aukerarik ikusten ez dutelako bat egiten dutenak ere: pobreziak, tratu txarrak, gizarteko presioak edo indarkeriaren ondorioz mendekua hartzeko nahiak gudetara soldadu legez joateko erabakia hartzera behartzen dituen ume asko. Horregatik, funtsezkoa da etorkizunari begira erronkak planteatzeko laguntza eskaini eta umeak erabaki egokiak hartzera bideratzea.

Ondorio latzak ekar ditzake epe labur eta luzera ume soldadu izateak. Alde batetik, arrasto fisikoak, mutilazioak, desnutrizioa, transmisio sexualeko gaixotasunak; gainera, neskatilen kasuan, asko haurdun geratzen dira abusu sexualen ondorioz. Bestetik, euren gurasoak hiltzera behartzen dituzte haur asko lotura familiarrak hausteko helburuarekin, eta horrek eragin ditzakeen ondorio psikologiko eta emozionalak ere kontuan hartu behar dira epe luzera begira. Horrez gain, indarkeriazko espiraletik alde egin eta etxera bueltatzeak suposa ditzakeen zailtasunak ere aipatzekoak dira: hezkuntza jaso ez izanak oztopoak dakartza etorkizunari begira eta familia askok ume soldadu izanak baztertzen dituzte berriro erasotuak izango diren beldurrez.

Urtero, otsailaren 12an Ume Soldaduen Erabileraren aurkako Nazioarteko Eguna dugu gogoan. UNICEFen egunero jarraituko dugu lanean haur guztiak aske geratu arte.

UNICEF – Euskal Herriko Batzordea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.