Unibertsitate publikoak eskolatik kanpo euskararen erabilera sustatu nahi du

Azken urteetan euskararen ezagutza nabarmen hazi bada ere, erabilera datuak ez dira espero zitekeen bezain onak. Ezagutza, nagusiki, hezkuntzan trebatzen ari diren ikasle horien eskutik hazi da, baina hori ez da eguneroko erabileran islatzen. Egoera horri buelta emateko UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak “Aktibatu” izeneko programa jarri du martxan. Programa Farmazia Fakultatean, Hezkuntza eta Kirol Fakultatean, Informatika Fakultatean, Hezkuntza Filosofia eta Antropologia Fakultatean, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean eta Bilboko Hezkuntza fakultatean ezarriko da eta horren xedea bertan ikasi edo lan egiten duten pertsona guztien harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea da. Izan ere, unibertsitatearen barruan, arrazoi ezberdinak direla medio, gaztelania hizkuntza nagusia izaten jarraitzen du baita ikasle eta langile euskaldunen artean ere.

Euskaldun horiek guztiak aktibatzeko “Aktibatu” programaren bidez unibertsitateko eremu guztietan euskararen presentzia eta erabilera handitzeko testuinguru egokiak sortu nahi dira. Horretarako, Eusle metodologia erabiliko da.

“Euskararen garapen eta hazkunde iraunkorra bermatu behar ditugu, bizikidetza lortu nahian ekitatea oinarri izanik. Hizkuntza eskubideak babesten ditugun heinean kohesio sozialari mesede egiten ari gara. Euskal hiztunek erdal hiztunen aukera berdinak izateko, hau da, hizkuntza ekitatea lortu nahi baldin bada, instituzioek proaktiboki euskara gehiago erabilia izateko politikak planteatu behar ditugu”, aitatu du Jon Zaratek, Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak.

Hainbat ekintza abiaraziko dira xede hori gauzatzeko, besteak beste, hurrengo ekintzak: euskaraz matrikulatzeko kanpaina ferietara eraman; ikasle, irakasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileei euskara suspertzeko ekimen hau aurkeztu; eta plangintzan lagunduko duen sarea sortu: prestakuntza espezifikoa jaso duten kideek ikastegiko euskara batzordeari lagunduko diote plangintza garatzen eta euskararen zirkuituak sortzen.

Halaber, Lehen Hezkuntzako graduan, “Gozatu euskaraz unibertsitatean” aktibitate didaktikoa garatuko da. Youtuberra sortzea da helburua; hau da, ikasleak youtuberrak izango dira, eta hor hizkuntza jarrerak zer diren, egindako azterketetatik ateratako ondorioak eta euren bizi-eskarmentua unibertsitatean hizkuntzari dagokionez azalduko dute.

Bestalde, 2018an zehar, EHUskaralari deialdiaren bitartez euskararen erabileraren igoeran eragiteko helburua duten ekimenen xehetasunak eta gakoak ezagutzeaz gain, dagoeneko aktibazio dinamikak burutu dituztenen esperientzia ere partekatuko da.

“Ezagutzaren ikuspuntutik gehiengo euskalduna izanik, erabilera komunitateak sortu eta euskararen erabilera zeharo handitzea izan behar da Euskal Herriko Unibertsitatearen helburua. Euskararen etorkizuna jokoan dago eta gauden bidegurutzean biderik zuzenena aukeratu behar dugu elkarlanean” gaineratu du Zaratek.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.