Siria: 7 urte eta gehiagorik ez

Amaierarik ez duen guda baten aurrean gaudela dirudi. Joan den martxoaren 15ean zazpi urte bete ziren Sirian gerra hasi zenetik eta konponbidea gero eta urrunago dagoen sentipena da nagusi. 13 milioi pertsona baino gehiagok dute laguntza humanitarioaren beharra Siria eta mugakide diren herrialdeetan: Jordania, Libano, Irak edo Turkian, esaterako; horietatik, ia erdia umeak dira, betiko lez, guda egoeretan gizarteko talderik ahulena eta kaltetuena. Bere konplexutasun, bortizkeria eta zazpi urteko luzera dela eta, aurrekaririk ez duen egoera da Siriakoa. Ume eta nerabe asko elikagai, sendagai, hezkuntza eta babes barik daude eta segurtasun-falta dela eta, laguntza humanitarioa ez da herrialdeko toki guztietara heltzen. “Jolastera irten eta bonba bat erori zen nire alboan. Bi hankak galdu nituen eta nire lehengusu bi hil ziren”. “Gerra zer den jakin badakigu”. “Bonbardaketen ondorioz egun batzuetan zehar ez nintzen eskolara joan”. “Jendeak uler gaitzan beharrezkoa dugu”. UNICEFek jasotako Siriako umeen testigantzak dira. Muturreko egoera isladatzen duten testigantzak.

Bat. 2017an 2016an baino % 50 haur gehiago hil ziren gatazka dela eta. Aurtengo lehenbiziko hilabeteetan ere egoerak okerrera egin du: 1.000 ume inguru hil edo zauritu dira urtarrila eta otsailan zehar, kontutan izanda datu zehatzak izatea oso zaila dela herrialdean bizi den egoera dela eta. Guda da Siriako nerabeen heriotza-arrazoi nagusia gaur egun.

Bi. Desgaitasuna duten umeak ahulenen artean ahulenak dira; baztertuak eta ahaztuak izateko arriskua dute. Osasun zerbitzuetara eta laguntza psikologikoa izatera duten sarbide-falta dela eta, desgaitasuna duten haurren lesioek okerrera egiten dute. 1,5 milioi pertsona bizi dira gudak eragindako desgaitasun iraunkorrekin.

Hiru. Osasun-zentro eta eskolak erasotzen diren guda bat da Siriakoa. Babes-tokiak izan beharrean, umeentzako leku arriskutsu bilakatu dira, parkeekin batera. 3 eskolatik 1 ezin daiteke erabili kaltetuta daudelako eta hain gogorra da zonalde askotan jasaten ari diren biolentzia, hainbat familia euren etxebizitzetako sotoetan ezkutatuta baitaude. Haurren babesa beti lehetasun izan beharko litzateke.

Lau. 400.000 pertsona setio egoeran bizi dira, berauetatik erdia umeak; euren osasun eta nutrizio egoerak okerrera egin du erabat: ekialdeko Gutan, esaterako, 5 urtetik beherako haurrengan dagoen desnutrizio zorrotza inoiz eman den larriena da. Siriako 10 familiatik 4k ez dute dieta egoki bat izateko elikagai nahikorik.

Bost. Haurren-ezkontzak, haurren lana edo gatazkarako errekrutatzea familia askotan bizirauteko irtenbide bakar bilakatu dira. 13 urteko neskatoak ezkontzera behartu dituzte eta batzuek euren buruaz beste egin dute muturreko egoera hau ekiditeko.

Sei. 0 eta 5 urte bitarteko haurren % 16 ez dauka jaiotze-ziurtagiririk, beraz orain bakarrik ez eta etorkizunera begira ere arazoak izan ditzakete ume siriarren belaunaldi askok.
Zazpi. Aurretiaz aipatutako guztia amesgaizto dirudien errealitate izan arren, Siriako haur, nerabe eta euren familiek ez dute ausardia galdu. Beharrezkoa duten laguntza jasotzean, euren helburu eta ametsak betetzeko esperantzazko bidean jarraitzen dute. Nahiz eta zazpi urteko gudak sortutako laztura presente egon, haur eta gazte siriarrek euren haurtzaro eta duintasunaren alde borrokan jarraituko dute. Eta UNICEFen uste dugu ezin diegula hutsik egin.

1, 2, 3, 4, 5, 6, 7. Zazpi urte Sirian guda hasi zenetik. Nahikoa da. Zazpi eta gehiagorik ez.

UNICEF – Euskal Herriko Batzordea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.