Nemo Puntua: Ozeanoaren erdian

Zaila da Nemo Puntua non den azaltzea erreferentzia gutxi baititu bere inguruan. Ozeano Barearen hegoaldean aurkitzen da munduko punturik isolatuena. Puntu horretatik gertuen den lurra iparraldean den Ducie Uhartea da, 2.688 kilometrotara, hain zuzen. Ipar-ekialdera joko bagenu, Pazko Uharteetan den Motu Nui uhartea litzateke gertuen den puntua eta hegoalderantz joko bagenu, Antartikan den Maher uhartea. Gezurra badirudi ere, puntu horretatik gertuen izaten diren gizakiak Nazioarteko Espazio Estazioan diren astronautak dira. Izan ere, espazio-ontzi hori 400 kilometro ingurura den orbitan dago.

Eremu horrek interes gutxi du, agentzia espazialetarako izan ezik. Hain isolatuta dagoen eremua izanik, agentzia horiek hor ‘botatzen’ dute euren zabor espaziala (sateliteak nagusiki). Zenbait espeziek zabor horren inguruan eraiki dute euren habitata. Hala ere, bertan nagusi diren baldintzak direla eta, gutxi dira bertan bizi diren animaliak. Adibidez, Ozeano Barearen hegoaldean diren korronteak direla eta, puntu horretan uraren batez besteko tenperatura 5,6° C-koa da. Gainera, korronteen eta lurretik hain urruti egotearen ondorioz, mantenugai gutxi aurki daitezke bertako uretan. Horregatik, isolatuen den puntua izateaz gain, bizitza aniztasun gutxien duen puntua ere bada Nemo Puntua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.