Jende gehiago, lur gutxiago

Gizadiak hainbat erronkei egin behar die aurre. Horien artean, nagusietako bat klima-aldaketa dugu. Berotze globalaren ondorioz itsas-maila etengabe hazten ari da eta epe motzean edo ertainean asko dira euren kostaldea galduko duten hiriak. Horrek (eta klima-aldaketaren ondorioz izango diren muturreko fenomeno meteorologikoen frekuentziaren hazkundeak) milioika pertsonen migrazioa behartuko du. Pertsona horiek guztiak errefuxiatu klimatikoak izango dira.

Azken urteetan kaltetuak izan daitezkeen eskualdeak azaltzen dituzten hainbat aplikazio garatu dira. Horietatik guztietatik, garatuena Climate Centraleko zientzialari eta kazetariek garatu duten Surging Seas-Mapping Choices proiektua dugu. Bertan, neurriak hartzen ez badira, 30 eta 70 urte barru itsasoak zein eskualde hartuko dituen ikus daiteke.

Gai horren inguruan egin diren zenbait ikerlanen ustez, mende honen amaieran 2.000 milioi errefuxiatu klimatiko izan daitezke. Bereziki, egun kostaldean bizi dira horiek izango dira kaltetuenak eta barnealdera jo beharko dute. Horrelako migrazio handiek suposatzen duten drama sozialaz gain, lurraren jabegoaren inguruan hainbat gatazka ere sor daitezkeela aurreikusten da.

Gure kasuan, mende honen amaierarako itsas-maila 49 zentimetrotan haziko dela aurreikusten da. Horrek, eragin zuzena izango luke Gipuzkoako kostaldeko 110 hektareatan eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako 12 hektareatan. Adibidez, urak erraz gainditu ahal izango lituzke Zumaiako edo Ondarroako portuak edo Zarautzeko hondartza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.