Maite zaitut. Oparirik bai?

Otsailaren 14a San Valentin, hots, maiteminduen eguna ospatzen da mundu osoan zehar. Bikotea duten guztiek ospatzen duten eguna da, edo behintzat hori sinistarazi nahi digute, eta bikotea ez dutenek, ordea, ospatu nahiko luketen jaia da. Urtean zehar ospatzen diren beste hainbat jaiekin gertatzen den bezala, salmenta gune handiek bere salmentak handitzeko aukera ezin hobea ikusi dute ospakizun horretan eta, ondorioz, kutsu kontsumista handia hartu duen eguna da: loreak, txokolateak, postalak… Ia edozerk balio omen du gure amodioa frogatzeko. Baina nondik dator egun hau ospatzeko ohitura?

Bada, gauza gehienetan jazotzen ohi den bezala, jendea ez da ados jartzen gai horren inguruan. Teoria desberdinak daude maiteminduen eguna zergatik ospatzen den otsailaren 14an azaltzeko. Horietako baten arabera, iparraldeko herrialdeetan txoriek egun horietan parekatzen ohi direnez, amodioaren sinbolotzat hartzen dira. Askoren ustetan, hori kristaututako ospakizun pagano bat da, jada Erroman amodioaren Jainkoa zen Cupido miresten baitzen. Jai horietan bikote ideala aurkitzeko eskaintzak egiten ziren.

Dena den indar gehien duen teoria San Valentin santuaren istorioa da. Bere garaian, hots, III.mendean, kristautasuna debekatuta zegoen, baina Valentin kristau apaizak bikoteak ezkontzen zituen kristautasunak finkatutako erritoa jarraituz. Ondorioz, Valentinek ospe handia hartu zuen eta bere ekintzen berria garaiko enperadore zen Klaudio II.aren belarrietara iritsi zen. Klaudiok Valentin ezagutu nahi izan zuen eta honek aukera profitatu omen zuen enperadorearen aurrean kristautasunaren aldeko hitzaldia emateko. Klaudiok erlijio berriaren inguruko interesa azaldu zuen, baina azkenean Erromako agintariek Valentinen kontra joatea erabaki zuten. Valentin atxilotua izan zen eta kristautasunaz barre egiteko edo, erromatarrek froga bat jarri zioten apaizari: itsu jaiotako neskatxa bati ikusmena bueltatu behar zion. Valentinek erronka onartu eta ikusmena bueltatu zion neskatxari. Dena den, honek ez zion bere burua babesteko balio izan eta otsailaren 14 batean exekutatua izan zen.

Gartzelean eman zuen denboran, Valentin bere zaintzailearen alabaren irakasle izan zen, eta bien artean maitasunezko erlazio bat sortu omen zen. Exekutatua izan baino lehen Balentinek amodiozko gutun bat idatzi zion neskatxari eta sinaduran ‘zure Valentin’ idatzi zuen. Hau, San Valentin egunean bidaltzen diren amodiozko gutunen sorburutzat hartzen da.

Istorio haori erdi ahaztuta geratu zen, baina bi mende geroago, eliza kristauak berreskuratu egin zuen. Garai horietan, ohikoa omen zen nerabeen artean otsailaren 15ean Lupercus Jainkoaren omenez festa bat egitea. Hau ugalkortasunaren jainkoa zen. Jai horietan, mutikoek neskatxa bat aukeratzen zuten urte oso bat berarekin emateko. Elizaren ustetan hori ez zen bidezkoa eta, ondorioz, jai hori kendu eta otsailaren 14a maiteminduen eguna izendatu zuen.

Kontsumoa amodioaren izenean

Gabonetan egindako gastuetatik, beherapenetatik, azterketak prestatzeko egindako fotokopia guztiek poltsikoan egindako zulotik etabarretatik errekuperatzeko denborarik gabe, urteko egunik gozo, zozo eta komertzialena iristen zaigu. Bai, otsailaren 14az ari gara, maiteminduen egunaz, San Valentin egunaz. Bikotekidea baduzu (horrek ez du esan nahi maiteminduta zaudenik), geratzen zaizkizun azken xoxak bikotekideari opari bat eginez gastatu beharko dituzu.

Hori da egun honetako egi borobil bakarra, nahiz eta zinismo kutsu bat ere izan. Gure asmoa ez da, kontsumoa moteltzen ari den momentu hauetan, edozer saltzea edota kontsumismoa sustatzea. Baina garbi dago bikotekidea baduzu eta San Balentin eguna iraunbizi nahi baduzu, poltsikoan arakatu eta oparitxoren bat erosi beharko duzula.

Mundu gehienak egun honetaz paso egiten duela adierazten du; “berdin dio zein eguna den, nik urte osoko egun guztietan berdin maite zaitut”, “Oparirik onena zurekin egotea da” edota “nire maitasunak ez du data fikorik” bezalako esaldi txotxoloak esanez.

San Valentin, desberdintasun nabariak alde batera utzita, gabonak bezalakoxea da. Zenbat aldiz entzun dugu halako ospakizunak faltsuak direla, insolidarioak, kontsumistak, negozio hutsa… Ba seguruenik sarritan, eta nahiz eta hauetako batzuk egia izan, gutxi dira data berezi hauek bakarka pasatzea erabakitzen dituztenak. Garbi dago, goxoki batek ez diola inori min egiten, eta ezta opari batek ere.

Ez dut San Valentin ospatzeko inor!

San Valentin eguna egun polita izan daiteke maiteminduentzat, baina buruhausteak ere sor ditzake. Zer gertatzen da bikotekidea ez duten pertsonekin? Ba seguruenik ezer, berez ez dutelako ezer ospatzerik. Dena den, egun hau guztiz mingarria izan daiteke adibidez, maite duzun pertsona hori beste batekin liatzen bada edo berarekin zenuen erlazioa amaitutzat ematen badu. Horrelako pertsonek bikote zoriontsuak eta kupido maltzurrak besterik ez dituzte ikusiko egun honetan.

Horregatik, ezkongabeentzat San Valentinek ez du ezer suposatzen, seguruenik, jada bezperan bere eguna izan dutelako. Bizitzak horrelako gauzak ditu, eta horrela, otsailaren 13a Ezkongabeen Nazioarteko Eguna da. Hau ere, guztiz egun komertziala da, duela 8 urte Meetic topaketa webguneak sortu baizuen. Egun honen berezitasuna zera da, aurten ospatuko duten guztiek datorren urtean ez dutela berriz ere halako ospakizunik egin nahi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.