Enpresa teknologikoen boterea mugatuko duen legea

Etorkizuneko Zerbitzu Digitalen Europako Legeak algoritmoen gardentasuna areagotu nahi du, teknologietako gomendio-sistemen gainean argitasun gehiago ezarriko du eta publizitate pertsonalizatua mugatuko du.

Europar Batasuna Google, Facebook edo Amazon bezalako plataformen influentzia mugatuko duen lege berri bat prestatzen ari da. Europako Parlamentuak bere jarrera finkatu berri du eta helburua da erabiltzaileek online dituzten mehatxuen gainean kontrol handiagoa izateko aukera eskaintzea.

Lege berriaren xedea da, datuen bilketaren edo pertsonalizatutako publizitatearen aurrean, kontsumitzaileak gero eta zaurgarriagoak izatea ekiditea. Horrela, mundu errealean zerbait legez kanpokoa bada, mundu digitalean ere legez kanpokoa izatea nahi da.

Legea aurrera aterako balitz, enpresa teknologikoek erabiltzaileei pertsonalizatutako publizitatea blokeatzeko aukera eskaini beharko diete. Enpresa erraldoi horien negozioaren parte handi bat den praktika hori guztiz debekatzen ez bada ere, lege berriak kontsumitzaileen esku utziko du publizitate hori jaso ala ez jasotzearen inguruko erabakia. Debeku bakarra, publizitatea adingabeei zuzentzen zaien kasuetan ezarriko da.

Eguneraketa

Zerbitzu digitalen lege berriak 2000. urteaz geroztik indarrean den merkataritza elektronikoen zuzentaraua ordezkatuko luke. Erreferentzia gisa kontuan izan behar da urte horretan, adibidez, Facebook ez zela existitzen.

Etorkizuneko legeriak gorrotoaren, desinformazioaren edo faltsututako produktuen diskurtsoa erakusten duen edukia ezabatzeko gaitasuna eman beharko lioke EBri. Lege berriaren helburu nagusietako bat Google, Amazon, Meta eta Apple bezalako konpainia erraldoien boterea mugatzea da. Eta Twitter, Spotify, Netflix edo Airbnb bezalako zerbitzuetan ere eragina izango du.