Gazteentzako nanoipuin lehiaketa Gasteizen

12 eta 30 urte bitarteko gazteek 300 karaktere baino gutxiagoko kontaketak aurkeztu ahal izango dituzte otsailaren 28ra bitartean

Bueltan da Gasteizko Udalaren Kultura Zerbitzuak, Laboral Kutxarekin elkarlanean, antolatzen duen Gazteentzako Nanoipuin Lehiaketa.

Pasa den urteko edizioa pandemiaren eraginez bertan behera utzi ostean, aurten, 12 eta 30 urte bitarteko gazteek beren kontaketa laburrak lehian jartzeko aukera izango dute berriz ere. Nanoipuinek 300 karaktere baino gutxiago izan beharko dituzte, izenburua eta hitzen arteko espazioak barne. Lanak aurkezteko epea datorren otsailaren 28an amaituko da.

Nanoipuinetan ‘zubi’ hitza azaldu beharko da eta lanek originalak eta argitaratu gabeak izateaz gain, istorio bat kontatu edo iradoki beharko dute. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi ipuin aurkeztu ahal izango ditu hizkuntza edozein dela ere.

Hiru kategoria

Lehiaketa hiru kategoriatan banatuta dago. A kategorian DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek parte hartuko dute. B kategoria DBHko 3. mailatik gora dauden ikasleentzat izango da, betiere, 18 urte baino gutxiago badute. Azkenik, Laboral Kutxa Sarian 19 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartuko dute. Kategoria bakoitza bi ataletan banatuko da hizkuntzaren arabera: euskara eta gaztelania.

Kategoria eta atala bakoitzean honako sariak banatuko dira:

A eta B kategorietarako sariak:

  • 1. saria: diploma + tableta.
  • 2. saria: diploma + 75 euroko erosketa-txartela liburu-denda batean.

LABORAL KUTXA saria:

  • 1. saria: diploma + 300 euro
  • 2. saria: diploma + 75 euroko erosketa-txartela liburu-denda batean.

Parte-hartzaile bakoitzak sari bat bakarrik jaso ahal izango du.