200 jarduera baino gehiago Bizkaiko ondarea ezagutzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak kultur programazio zabala aurkeztu du 2022rako

Bizkaiko Foru Aldundiak 2022. urtean zehar foru erakundearen museoetan eta aretoetan  eta publiko guztientzat izango den jarduera-programa zabala eta anitza aurkeztu du.

Guztira, 200 jarduera baino gehiago programatu dira. Horiek guztiak honako museo eta aretoetan ikusi ahal izango dira: Arkeologia Museoa (Bilbo), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Muñatones Gaztelua (Muskiz), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), El Pobaleko Burdinola (Muskiz), La Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda), Txakolingunea (Bakio), Santimamiñe, Ondare Aretoa (Bilbo) eta Errekalde Aretoa (Bilbao).

Programazioa

Programazioaren barruan 200 jarduera baino gehiago jasotzen dira: 31 erakusketa, 40 bisita gidatu ezberdin, 28 eskola-tailer, familiei zuzendutako 50 tailer, 15 hitzaldi, 14 ondare-ibilbide, 15 erakustaldi, 6 dastatze eta 3 argitalpen.

2022rako programazio osoa doan eskura daiteke foru sareko museo eta areto guztietan eta online esteka honetan.

  • Bilboko Arkeologia Museoan “Euskal Herriko gazteluak eta gotorlekuak” erakusketa ikusi ahal izango da ekainaren 22tik aurrera. Erdi Aroko euskal gazteluei buruzko erakusketa bat da. Bertan, pieza eta objektu esanguratsuak erakutsiko dira, duela 1.000 urteko gazteluetako bizitza eta gazteluek orduan bete zituzten funtzioak (militarrak ez ezik, politikoak, sozialak edo ekonomikoak ere) ezagutzeko aukera ematen dutenak.
  • Bermeoko Arrantzaleen Museoak “Izaro” erakusketa hartuko du. Izaro uhartearen eta han ezarri zen frantziskotar komentuaren historia ezezaguna erakusten du. Dokumentu eta objektuetan zehar ibilbidea egitea proposatzen duen erakusketa harrigarria.
  • Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan “Mairin Mitchell. Euskal herritarren irlandar kronikaria” izango da ikusgai martxotik aurrera. Erakusketak bere garairako aurreratuta zebilen emakume baten bizitza eta obra biltzen ditu. Irlandar idazle honek, bere kroniken bitartez, harreman estua izan zuen euskal kulturarekin, batez ere itsasoarekin zerikusia zuen kulturarekin.
  • El Pobaleko Burdinolak Bizkaiko burdinaren kulturari eta historiari lotutako ondarea ezagutaraziko du El Pobaletik haratago. Aurten jarduera bereziak egingo dira leku berrietan, inoiz baino ibilbide gehiago eskainiko dira, bisita-programa indartuz.
  • Muñatones gazteluak udako igande guztietan, ekainetik irailera, bisitaldiak eskaintzen jarraituko du: lau bisita izango dira goizero, El Pobaleko Burdinolera gidatutako ibilbidearekin osatu ahal izango direnak.
  • La Encartada Fabrika-Museoak bisitaldi gidatuen bidez, makinak berreskuratzeko prozesua erakutsiko die ikusleei. Gainera, azaroan, berriki berreskuratutako makineriaren, Jacquar ehungailuaren eta ohiko lanaren eta irutearen eta tailer mekanikoaren erakustaldiak eskainiko dituzte.
  • 2022. urtean zehar Santimamiñen kobazuloaren atarirako sarbideak hobetuko dira.
  • Urtean zehar, Bakioko Txakolinguneak, bere jardueren artean, hainbat ardoen dastatzeak eta uztarketak eskaintzen jarraituko du, sommelier esperimentatuen eskutik.
Aretoak

Errekalde aretoan, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako “Ertibil Bizkaia 2022” ikusizko arteen erakusketa ibiltariak 40. edizioa egingo du 2022an, eta bere helburua da Bizkaian sormen-lana egiten duten artista berriei laguntzea eta sustatzea.

Bilboko Indautxuko Jesuiten Ikastetxea sortu zeneko mendeurrena ospatzeko erakusketa egingo da Ondare aretoan.

Gainera, aurreko urteetan bezala, maiatzetik irailera bitartean “Ibilbide historikoak” programa jarriko da martxan. Programa Bizkaiko historian eta geografian esanguratsuak diren guneak ezagutzeko aukera ematen du. Aurten, gainera, burdinolen ibilbideak berreskuratuko dira Lea eta Barbadun ibaien arroetatik. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak Urdaibai inguruan gidatutako indusketak dituzten aztarnategi arkeologikoak bisitatu ahal izango dira, bai eta Zin Bidea oinez zein autobusez ere.