Euskaraldiak parte-hartzaileen hizkuntza-ohituretan eragiten du

2020. urteko edizioak izan duen eraginaren inguruko txostenaren arabera

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak alde batetik eta Euskararen Erakunde Publikoak bestetik, 2020. urtean ospatu zen Euskaraldiak parte-hartzaileengan izan zuen eragina aztertu dute.

Siadecok egin du hiru ikerketa-ildo nagusi izan dituen azterlana: partehartzaileak (ahobiziak eta belarriprestak), horien jarduera eta batzordeak.

Txostenean jasotzen denez, Euskaraldiaren bigarren edizioan, 178.184 belarriprest eta ahobizik eman zuten izena. Kopuru hori lehenengo edizioan erregistratutakoa baino baxuagoa da (% 20,9). Jaitsiera, Covid-19aren ondorioa dela azaldu dute koordinazio mahaiko kideek.

Ondorioak

Txostenak ondorioztatzen duenez, ingurua zenbat eta euskaldunagoa izan orduan eta altuagoa da ahobizien kopurua. Ostera, hain euskaldunak ez diren inguruetan belarripresten proportzioa altuagoa da. Lehenengo edizioa gertatu zen bezala, bigarren edizioan ere ahobizien kopurua belarriprestena baino altuagoa izan zen. 2020an emakumezkoak izan ziren parte-hartzaileen bi heren, eta adin-tarteei dagokionez, 30-44 urte artekoak izan ziren nagusi.

Euskaraldian parte hartzeko motibazioei dagokionez, Siadecoren txostenean jasotzen denez, gehiengoak euskararen erabilera handitzea izan du helburu. Belarripresten kasuan, euskara praktikatzeko aukera berriak bilatzea izan da xede nagusia.

Ahobizi edo belarriprest rola aukeratzeko orduan hizkuntza-gaitasuna da eragin handiena duen aldagarria. Hala ere, belarriprest rola hautatu duten hainbat parte-hartzailek hizkuntza-jokabidearen aldeko hautua egin dute.

Kaleko eremuan eman da aurrerapausorik handiena eta egonkorrena, nahiz eta bi rolentzat bertan izan den zailena rolen konpromisoak betetzea. Dena den, lehen pausoa ematea lortu da, eta tinkoago eutsi zaio. 

Ariguneak

Bigarren edizioan izan zen berrikuntzetako bat ariguneena izan zen. Ariguneak euskaraz hitz egiteko guneak dira, bertan diren kide guztiek, gutxienez, belarriprest izateko adinako euskara dutelako. Guztira 8.309 egoitzak eman zuten izena bigarren edizioan eta horietan guztietan,  24.363 arigune eratu ziren.

Ikerketak azaleratu duenez, kanpo-arigunea sortzea errazagoa iruditu zaie entitateetako kideei; eta barne-ariguneak lanketa sakonagoa behar izan du. Horrekin lotuta, gune euskaldunetan barne arigunearen ariketa errazago egin dute; kanpo-arigunearena, aldiz, erdaldunetan. Euskaraldiaren hirugarren edizioa aurten ospatuko da azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean.