Egungo tentsio politikoak literaturaren ikuspegitik

Belén Gopegui, David Trueba, Uxue Alberdi, Sergio Ramírez, Elisabeth Duval, Martín Caparrós eta Gabriela Wiener bezalako autoreek egungo gizarteetako tentsio politiko handiak aztertuko dituzte Donostian.

Otsailaren 8tik apirilaren 26ra bitartean, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxeak “Literatura, politika, memoria” izeneko solasaldi zikloa hartuko du. Bertan, besteak beste, Belén Gopegui, David Trueba, Uxue Alberdi, Sergio Ramírez, Elisabeth Duval, Martín Caparrós eta Gabriela Wiener autoreek parte hartuko dute.

Zikloaren xedea da, literaturaren eta saiakeraren  ikuspegitik,  gaur egungo gizarteen tentsio politiko handiak aztertzea, hala nola, krisi politikoak, ekonomikoak eta klimatikoak, globalizazioa, migrazioak edo eraldaketa teknologikoa. Saio bakoitzean gatazka horietako bat jorratuko da, betiere, gonbidatutako idazlearen liburu bat abiapuntu gisa hartuta.

9 saio

Zikloak bederatzi saio izango ditu. Lehenengoa otsailaren 8an izango da eta autore gonbidatua David Trueba izango da. ‘Queridos niños’ bere azken eleberria abiapuntutzat hartuta  zinemagile eta idazleak bere ohiko zorroztasun eta umoreaz baliatu da hauteskunde kanpaina baten eguneroko bizitza azaltzeko.

Otsailaren 15ean Elisabeth Duvalen txanda izango da. Duvalek bere lehen nobela aurkeztuko du, ‘Madrid será la tumba’. Bertan, muturreko ezker eta eskuineko bi okupa talderen bitartez, garai baten erretratua egiten du (ideologia, generoa, sexua, ekonomia…).

Hirugarren saioa astebete beranduago izango da, otsailaren 22an. Kasu horretan autore gonbidatua Aroa Moreno Durán izango da eta berriki argitaratu duen ‘La Bajamar’ eleberria izango du hizpide. Saioan Gerra Zibilaz, erbesteaz eta Euskadiko gertuko iraganaz arituko da.

Martxoaren 1ean Martín Caparrós kazetari argentinarrak ‘Ñamérica’ lana aurkeztuko du. Bertan, 30 urtetan egindako kronika eta bidaien ostean, topikoak atzean utzi eta latinoamerikar kontinentearen hausnarketa sakona eta garaikidea egiten du.

Martxoaren 10ean Uxue Alberdiren eta Kattalin Minerren txanda izango da. Alberdik bere idazketaren gakoak azalduko ditu.

Martxoaren 15ean Belen Gopegui arituko da solasean Gonzalo Tornerekin. Gopeguiren azken eleberria izango dute hizpide, “Existiríamos el mar”.

Martxoaren 31n Gabriela Wiener-en txanda izango da. Bere “Huaco retrato” liburuan idazle perutarrak modernitate zuri, mendebaldar eta maskulinoaren kritika egiten du.

Apirilaren 5ean Jule Goikoetxea  Kattalin Minerrekin arituko da solasean errebolta sozialen, aldaketa prozesuen eta horiek ezkerraren egitura kontzeptualean bultzatzen dituzten prozesuen inguruan.

Azken saioa apirilaren 26an izango da. Bertan Sergio Ramirez nikaraguar idazlea izango da eta bere lanaren eta ibilbidearen inguruan hitz egingo du Luisa Etxenikerekin.