‘Gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko estrategiak hezkuntzan’ ikastaroa

Bi saio izango dira, bata Bilbon eta bestea Donostian. Ikastaroa martxoan zehar irakatsiko da eta izena emateko epea otsailaren 25ean amaituko da.

Gazteen Euskal Behatokiak ‘Gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko estrategiak hezkuntzan’ izeneko ikastaroa antolatu du. Ikastaroa hezitzaileei, kale hezitzaileei, gazteria teknikariei eta orokorrean gazteekin hezkuntza ez formalean lan egiten duten guztiei zuzenduta dago eta martxoan zehar irakatsiko da Bilbon eta Donostian. Ikastaroa euskaraz irakatsiko du Eider Goiburu psikologo soziala, sexu-hezitzaile eta berdintasun teknikariak.

Formakuntza horren xedea da administrazioko arduradun tekniko zein politikoei eta gazteriaren arloan lan egiten duten erakunde publiko eta pribatuetako profesionalei indarkeria sexistaren prebentzio eta esku-hartzerako baliabideak eskaintzea.

Bilboko saioak martxoaren 16an, 23an eta 30ean izango dira, Gazteen Euskal Behatokiak Uriortu kalean duen egoitzan. Saio horietarako 12 plaza eskaintzen dira eta izena emateko epea otsailaren 25ean amaituko da.

Donostiako saioak, berriz, martxoaren 18an, 25ean eta 31n izango dira, Anoetako CRAJan. Kasu horretan 16 plaza eskaintzen dira eta izena emateko epea otsailaren 25ean amaituko da.

Kasu bietan ikastaroa doakoa izango da.