Lanbide Heziketan euskararen erabilera sustatzen duten enpresei, ikastetxeei eta ikasleei aintzatespena

LH Duala Euskaraz proiektuak euskararen aldeko kontzientzia eta jarrerak bultzatu nahi ditu Lanbide Heziketaren arloan

Pasa den otsailaren 18an, Bergarako Miguel Altuna Institutuan egindako ekitaldi batean, Gipuzkoan Lanbide Heziketan euskararen erabilera sustatzen duten enpresei, ikastetxeei eta ikasleei beren lana aitortu zitzaien.

‘Euskaraz balioa erantsi lanari’ lelopean, LH Duala Euskaraz proiektuak euskararen aldeko kontzientzia eta jarrerak bultzatu nahi ditu Lanbide Heziketaren alorrean. Aipatu egitasmoak, prestakuntza- eta lanbide-ibilbidea euskaraz egiteak duen balioa ikusarazi nahi du eta, aldi berean, Lantokiko Prestakuntza eta Duala euskaraz egiten duten enpresen ekarpena aitortu.

LH Duala euskaraz

Une honetan, Gipuzkoan, 2.700 lantoki baino gehiagok LH Duala eskaintzen dute euskaraz. ‘LH Duala euskaraz’ egitasmoari esker lantoki horien guztien inguruko informazioa eskaintzen duen gida eta geomapa bat prestatu da. Informazio hori guztia lhdualaeuskaraz.eus web gunean ere aurki daiteke.

Bergaran egindako ekitaldian, euskara sustatzen duten horien guztien lana aintzat hartzeaz gain, ‘Egunean Behin’ lehiaketaren sari-banaketa ere egin zen. Izan ere, joko horren arrakasta profitatuz, ‘LH Duala Euskaraz’ taldea osatu zen herrialdeko Lanbide Heziketako ikasleekin. Guztira, 750 gazte inguruk parte hartu dute eta astero irabazle bat izan da. Irabazleak honako hauek izan dira: Iñaki Olasagasti (Don Bosco), Haizea Alberdi (Elgoibar IMH), Idoia Ruiz (Don Bosco), Oier Mendez (Tolosaldea LH Institutua), Ane Tubia (UNI Eibar-Ermua) eta Aitor Duo (Elgoibar IMH).

Euskararen alde egiten duten lanagatik, berriz, honako enpresa hauen lana aintzatetsi da: Goizper Group, Astigarraga Kit-Line eta VIVEbiotech.