Ekintzaile gazteentzako laguntzak Iruñan

Dirulanguntzen deialdiak 20 urte bete ditu eta 18 eta 35 urte bitarteko gazteen enpresa-talentua laguntzea du helburu

Iruñeko Udalak 60.000 euroko aurrekontua duen dirulaguntza lerro bat abiarazi du hiriko gazte ekintzaileei beren negozio ideiak abian jartzen laguntzeko. ‘Gazteak eta ausartak’ lelopean, ekintzaile gazteak laguntzeko dirulaguntza deialdiak 20 urte beteko ditu aurten. Eta inoiz baino garrantzi handiagoa du. Izan ere, gazteak dira langabezia gehien pairatzen duen adin-taldeetako bat. Gainera, egoera hori areagotu egin da COVID-19 krisiari lotutako enplegu-suntsiketaren ondorioz.

Proposamenak aurkezteko epea datorren urriaren 10era arte izango da zabalik Iruñeko Udalaren web gunean. Proposamenak aurrez aurre ere aurkeztu ahal izango dira, baina izaera juridikoa duten erakundeek derrigorrez telematikoki aurkeztu behar izango dituzte beren proposamenak.

Gazteak

Aurtengo oinarrien arabera, dirulaguntza horiek eska ditzakete zerga-egoitza Iruñean duten eta jarduera ekonomiko berri bat sortzen edo sortu duten pertsona fisiko eta juridikoek, baldin eta JEZn alta eman badute lehenbiziko aldiz 2021eko irailaren 15etik 2022ko irailaren 14ra bitarte. Eskatzaileek 18 eta 35 urte bitarte izan beharko dituzte JEZn alta ematen duten unean eta, sozietateen kasuan honako bi baldintza hauek bete beharko dira: bazkideen bi herenek gutxienez 18 urte beteak eduki eta 35 urteko adina ez gainditzea (sozietate zibil, irregular, kolektibo edo komanditario bakunak) edo adin-tarte horretako pertsonek kapital-sozialaren bi heren jartzea (merkataritzako kapital-sozietateen, lan-sozietateen eta kooperatiben kasuan.)

Dirulaguntzak negozio berriak sortzeko eta abiatzeko gastuen % 70era bitarte estaltzen du. Deialdian bertan zehazten denez, badira diruz lagunduko ez diren zenbait jarduera, hala nola, jokoarekin zerikusia duten establezimenduak, tabernak eta antzekoak. Iazko deialdian, adibidez, alor hautako proposamenak lagundu ziren: higiezinetako eta merkataritzako obren bitartekaritza, psikologia-kontsultak, ile-apaindegiak, argazkigintza, prestakuntza-akademiak, konponketa-lantegiak, soinu-teknikariak, saltoki txikiak, pedagogia eta logopediak. Aurreko edizioetan laguntzaren bat jaso duten horiek ezin izango dute deialdi honetan parte hartu.